Albistea entzun

ARKUPEAN

Paparrean

Mikel Elorza -

2015eko abenduak 8

Madrilen El País edo Parisen Libération edo Londresen The Guardian-en aldarria kamixetan daraman inor ikusiz gero atzeraka eragingo lidake, zer dabil egunkari baten propaganda egiten, pentsatuko nuke. Hurrengoan banku edo petrolio-enpresa batenarekin aterako da! Atzeraka, jakinda hogeita bost urteetan Euskaldunon Egunkaria-ren ez dakit zenbat elastiko diferente jantzi ditudala, egunkari batenak, harro asko jantzi ere. Hainbat aldizkari edo fanzineren aldarrikapena inoren papar edo bizkarrean ikusiz gero ez nintzateke lar asaldatuko, txikiaren, ikusgaitzaren bultzada dela badakidalako, eta gureak ere bazuelako hortik, txikiarenetik, ikusgaitzarenetik. Baina baita The Guardian, El País edo Libération bezalakoak izateko asmotik ere (ez naiz kazetaritza estiloei buruz ari, ez heldu belarri horretatik iritzi honen buruari).

Eta lortu dugu, lortu dute egunkari bat izateaz gain proiektu bat ere bazen hori bultzatu eta egin dutenek; proiektua ez ezik askorentzat bizitza izan den hori, batzuentzat heriotza izatera ere iritsi zena.

Badugu egunkari homologatu bat, gero eta homologatuagoa den gure gizarte honetan, gure kulturgintza honetan. Mende erdia bete duen Azokatik buelta bat ematea besterik ez dago era guztietako produktuak ikusteko, genero eta estilo eta formatu desberdinetakoak. Edo, beste era batera esanda: kuleto bat hartu ahal izateko makina bat perretxiko txar ikusi behar bada, bada kuleto bat edo beste badaukagu.

Ez naiz gehiegi luzatuko Egunkaria izan zen haren apologian, egina dago egunotan, eta adibidez Harkaitz Canorena bezalako artikuluek adierazi dute sentimendu bat, eta hark baino hobeto egingo ez dudanez... Azokaren efemerideari buruz ere izan da zer irakurri, eta biak ederki batu dituenez artikulu bikainean Iñigo Aranbarrik, atzera begiratze sarriak eragiten duen izua barne, ba hura sinakidetzen dut, eta kitto.

Morroi honek daukana da kopeta galanta, pentsatuko du hainbatek, eta lanerako gogo gutxi, eta lagunen puntuekin ari da egiten bertsoa. Zeren eta horiek lagun ditu eta horregatik dabil hain koipejario. Arrazoi. Presaka nabil eta Durangon lanean (eta parrandan) egunotan; eta lagun ditut. Durangon, hain zuzen, lagun asko dabil egunotan, eta ezagunak mordoa. Euskal kulturgintzan nor direnak, nortxo direnak eta izan nahi dutenak Durangon baitabiltza egunotan parrandan (eta lanean). Idazle, musikari, bideogile, ekoizle, banatzaile, erosle, lagun, ingurukoak, langileak, ideiagileak, lekulariak... ezen pentsatzekoa baita lurrikara gertatu eta Azoka behera etorriz gero denak barruan harrapatuz (aldameneko tabernetakoak barne) euskal kulturgintza umezurtz geratuko litzatekeela, denak han baikaude bizpahiru idazle (ebentoetara joaten ez diren arraro horiek, badakizue) eta artista batzuk salbu.

Zorionerako eta pozerako daukagun horixe, hala ere, zenbat gauza egiten dugun (eta batzuk onak), ez dadila itsugarri gerta ere gogoeta egin beharko genuke. Hogeita bost urte bete dituen egunkariak eta berrogeita hamar bete dituen azokak islatzen dutena, gure unibertsoa, Durangon biltzen bada, pasilloetatik dabilen %80 edo kontzertuan dauden %90 ezagutzen baditugu, malo. Lagun asko daukagun seinale gisa, ondo, baina malo. Milaka euskal herritar dago Durango non den ez dakiena, eta jakinda ere Frankfurteko azoka bezain hurbil bizi duena, eta egunkari salmentez zer esango dizuet euskarazko telebistaren ikusle datuek alkoholik gabeko zerbezaren numeroak dauzkatenean.

Latz ospatuko dugu duela hogeita bost urtekoa, merezi du merezi duenez, zorionduko ditugu orduko hura eta oraingo hau posible egin zutenak, eta ez gara beti flagezaziorako arrazoiak bilatzen hasiko. Ondo egina dago eta ospa dezagun, zer arraio. Bizkarrean ikusten da, baina bihotzean daramagu.

Baina ahaztu gabe paparrean milaka lagunek daroatena Petronor dela, edo Kutxanbank, edo Qbao. Homologatuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.