Albistea entzun

ANALISIA

Aliantzak

Enekoitz Esnaola -

2017ko apirilak 30

Ezkerreko euskal indarrak salatzen ari dira EAJk PPrekin Espainiako aurrekontuak adosteko aukera; nola litekeen «leporaino ustelduta» dagoen alderdi batekin hitzartzea; azken beltzean, Madrilgo gobernua sostengatzea ere badela hori. PPko zenbait kide esanguratsuk berriki «frankistak eta faxistak» omendu izana ere aipatu du Sortuk; «36ko eusko gudariek ez zuten bizia eman honetarako», esan du Arkaitz Rodriguezek. Sabin Etxeari ez zaizkio gustatu haren hitzak.

Laster jakingo da EAJk Mariano Rajoyren aurrekontuak babestuko dituen ala ez. Buruzagi gorenen artean ari dira hizketan —hori azken urteotan apenas gertatu den bi alderdien artean—, eta jeltzaleek ez dute aurkeztu osoko zuzenketa, «prest» zeukaten arren; «gai garrantzitsuak desblokeatu dira». Kupoaren likidazioa eta haren legea adostea dute eginkizun nagusietako bat. Duela 21 urte EAJk Jose Maria Aznarren inbestidurarako sostengua eman zuenean, EAEko kontzertu ekonomikoaren erreforma izan zen haien akordioaren gako nagusia.

Hain justu, gaur 21 urte sinatu zuten PPk eta EAJk inbestidura ituna, pixka bat lehenago Jaime Major Orejak eta Juan Jose Ibarretxek Burgosko Landa hotelean bilera erabakigarri bat izan ondotik. Akordioa erdietsita, Ibarretxe familiarekin Parisera joan zen oporretara, eta Major Orejak Iñaki Anasagastiri deitu zion telefonoz; PPko agintari garrantzitsuenak etorriko zirela Bilbora, dokumentua izenpetzera; joango zirela EAJkoak Madrilera, Anasagastik. Sinadura ekitaldiaz: «Zer hoteletan?», PPkoak; «zuen egoitzan», jeltzaleak —Anasagasti bera idatzia da pasartea—. Halaxe, 1996ko apirilaren 30ean, asteartearekin, Aznarren bulegora igo ziren Xabier Arzalluz eta biak, eta handik laster batera Espainiako gobernuburu izango zenarekin zeuden Rodrigo Rato, Rajoy eta Mayor Oreja. Gaur, beraz, 21 urte argazki historiko hartatik.

Gero jakin zen PP zenbateraino sartu den ustelkerian. Gero etorri ziren Ermuko izpiritua (1997), Major Oreja-Redondo tandema (2001), Alderdien Legea (2002) eta bestelakoak. Lizarra-Garazi (1998) aurretik eten zuen PPrekin harremana EAJk. 20 urtean egon da harekin akordio handirik egiteke. Duela gutxi egin du bat: EAEko aurrekontuena. Espainiakoena dator orain, antza; 1996an ez bezala, berak ere badakienean PP zenbateraino den murgilduta diru publikoaren lapurretan, edo badakienean gatazkaren ondorioen aterabiderako borondaterik ez duela, ezta auzi politikoa konpontzeko ere. Epikatik etikara zioen Iñigo Urkulluk ETAren armagabetze egunean, baina PPrekin sosez negoziatzean etikaz ez dute aipamenik egin.

Abiapuntua

«Pilota penalti puntuan dago jadanik», esan izan dute EAJkoek negoziazio garaian, euren estrategia laudatuz. 1996rako nahikoa garbi zegoen Madrilen borondatea ez zela Gernikako estatutua betetzea —1997an ELAk zioen estatutua hilda zegoela—, baina EAJk egin zuen PPrekin akordioa. Moncloak geroztik ere eskumen gutxi igorri du. Atzeneko urteetan nabarmenago geratu da estatuaren birzentralizazioa, Auzitegi Konstituzionalaren jite politikoa... Baloia ez dago penalti puntuan, atzerago dago; Madrilek negoziaziorako abiapuntua urrundu egin du. Baina EAJk lorpentzat joko lituzke kupoa eguneratzea, helegite batzuk atzera botatzea, Ertzaintzaren lanpostuen deialdia nolabait betetzea...

Hauteskundeen ondorioz lortutako boterea baliatuz, ETArik gabeko garai berri honetan PSE-PSOErekin eta PPrekin dabil aliantzak, aurrekontuak eta politikak taxutzen EAJ. «Betikoa esango dute», zioen 1996an Arzalluzek ezker abertzaleaz PPrekin ituna egin zutenean. Ez zuen kezka handirik EBBk. Orain ere ez; oraingoz, behintzat. EAJk aski antolatuak ditu bere alderdia eta esparrua, EAEko gizarte organikoan oso ongi kokatuta dago, iritzi publikatuan ere bai, eta eroso dago. PSE-EErekin daukan aliantza luzerako doa, eta PPrekin sakondu lezake harremana gehiago.

Bitartean, subiranismo soziala kongresuen urtean da: Sortu, EH Bildu, LAB, ELA... Baina, aspaldiko partez, ezker abertzalea prozesu baterako bidea errazteko gatazkaren ondorioetan pauso argiak ematen aritzeaz gain, eremu horretan ikusten da gogoetarik eta gogorik elkarlan baterako.

Politika dialektika ei da, baina, indarrik izan ezean, hitzak haizeak eramaten ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Hurrengo eraldaketa sustatzeko, beharrezkoa da burujabetza»

Iosu Alberdi

Nazioarteko eraldaketa prozesuei begiratu eta horietan Euskal Herriak zer rol joka dezakeen hausnartzen ari da Agirre Lehendakaria Center. Espiauk argi du zein den datozen urteetako bidea: «Eskain dezagun Euskal Herria demostrazio gune bezala».
Bi herritar Correoseko bulego batera sartzen, Donostiako Amara Berri auzoan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Posta bidezko botoaren eskaerari erantzun ezinda ari dira postariak

Xabier Martin

Ilarak ohiko bihurtu dira Correosen bulego batzuetan. Grebara deitu dute bozen aurreko egunetarako
Joseba Borderen kasua salatzeko Etxeratek eginiko agerraldi bat. ©Aritz Loiola / FOKU

Joseba Borde presoari hirugarren gradua kentzea gaitzetsi dute

Berria

Fiskaltzak aurkeztutako helegiteak espetxera itzultzera behartu duela-eta, protesta egin dute Ugaon, bere segurtasun juridiko eza salatzeko.

Hauteskunde mahai bat, maiatzaren 28an. ©Aitor karasatorre / FOKU

Gipuzkoako hamalau udalerritako botoak berriz zenbatuko dituzte

Berria

Stop alderdiaren errekurtso batek eragin du kontaketa berriz egitea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...