inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Santoñatik

2017ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ez du utzi omenaldia egin diezaioten Rafa Diezi Santoñako espetxe atarian. Argudiatu duenez, berandu aurkeztu dituzte baimena eskatzeko agiriak, eta Guardia Zibilak segurtasun arazoak ere ikusi ditu. Nonbait, ez dute nahi sindikalistari gorazarre egitea Santoñan. Ez daitezela haserre Falangearen alde bozkatzen duten ehunka herritarrak. Zeren Santoñak ez baititu oraindik ezabatu iragan frankistarekiko loturak, eta horregatik baita Espainiako Estatuan Falangeari ordezkari bat ematen dion herri bakarra. Agian bere herriko seme kutun Luis Carrero Blancoren itzala handiegia delako oraindik. Kontuak kontu, omenaldia ez da Santoñan egingo. Izan ere, Espainian badago adierazpen askatasuna, baina ez denentzat eta ez gai guztietarako. Beharbada horregatik, zigor osoa bete du Diezek, lan politiko eta sindikala besterik egin ez arren. Delitu odoltsuak zituzten GALeko buruzagiekin, berriz, eskuzabalagoak izan dira erakundeak, omenaldi burrunbatsuak tarteko.

Rafa Diez etxera iritsiko da gaur, sekula zapaldu behar ez zuen ziegatik irtenda. Eta berriro ere agerian utziko du Euskal Herriak pairatzen duen demokraziaren kalitatea. Gerra garaian Santoñan preso izandako aitona izango du gogoan, eta belaunaldiz belaunaldi dirauen gatazka konpondu gabe dagoela agerian geratuko da, tamalez. Santoñan ez, Muskizen eta Lasarte-Orian jasoko du herritarren babesa. Eta horretaz ere gogoeta egin beharko lukete inkisidoreek. Mugak nork jartzen dizkion nori. Eta zertarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.