Aldaketa eskatzen ari da sektore zabal bat aspalditik Nafarroan. Eta, Gobernuaren inkestak aldaketa bat baino gehiago, urakan bat iragarri du. Hainbestekoa, ezen sinesten lanak ematen dituen. Nola da posible UPN horrenbeste amiltzea? Nola liteke hautagairik ere ez duen, eta aurkeztuko dela ziurtatu ez duen, Podemos-Ahal Dugu hain gora igotzea? Posible ote da Nafarroan halako aldaketa bat ez, baizik eta tamaina horretako iraultza bat gertatzea?
Inkestak inkestak direla entzuten da maiz. Kozinatu egiten direla, egilearen interesen arabera. Bai. Baina joera bat erakusten dute. Baliteke UPNren boto ezkutu bat egotea, eta bozetan ez horren behera erortzea. Jakina, baina, edozein kasutan ere, zerbait oso handia gertatzen ari da Nafarroan, eta, aldaketarekin ahoa bete duten asko ere gainditu egin ditzake enbataren tamainak.
Duela lau urteko Navarrometroak 17-18 jarleku eman zizkion UPNri, eta 19 atera zituen. Inork ez zuen zalantzan jarri inkestaren sinesgarritasuna. Orain bai, ordea. Eta, pentsatzen hasita, baditu errealitate zantzu nabarmenak. Jendea haserre dago agintarien kudeaketarekin, eta olatu handi bat dago Podemosen alde. PSNren boto pila biltzeaz gain, abstentzioaren arrantzaleku oparoan sarea bete dezake Iglesiasen alderdiak. Jendeak haize berria nahi duelako. Eta haiek direlako, itxuraz behintzat, hori posible dela sinetsarazi dutenak. Aldaketa nahi duten besteek badute norekin lanean hasi.

HIZPIDEAK
Navarrometroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu