inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Piezak

2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Pieza bat: Bilboko kaleak jendez gainezka. Berriro, salaketa ozena Frantziako eta Espainiako estatuen salbuespenezko legediei, preso politikoei eta euren senide eta lagunei ezarritako urruntze, sakabanaketa eta zigor erantsiei. Dozenaka milaka lagunek erakutsi dute, berriro ere, agenda politikoaren lehen lerroan nahi dutela presoen eskubideen gaia, normalizazio prozesu politiko sakonago baten barruan.

Beste pieza bat. Bost urte ETAk armak betiko alboratu zituela. Urteetako gatazkaren argazki finkoa mugitu zuen erakunde armatuak. Beranduegi akaso. Baina puzzlearen pieza guztiak sartzeko borondatea erakutsi zuen. Amaituta zegoen ziklo armatua. Konponbideen garaia zabaldu zen. Urte askoan eragile politiko, sindikal eta sozialek eskatzen ziotenari bide eman zion ETAk, eta herriak arnasa hartu zuen, aspaldiko partez.

Bilboko manifestazio erraldoian alderdi gisa egoteko puzzlearen pieza batzuk falta direla ohartarazi du Joseba Egibar jeltzaleak. «Onartu beharko lukete oker bat izan zela balio handiagoa ematea kausa bati gizakien bizitzari baino», arrazoitu du.

Egindako mina aitortu dute ETAk eta ezker abertzaleak. Egibarrek eskatzen diena beste kontu bat da. Ez FARCek, ez IRAk ez Francori aurre egin zioten milizia jeltzaleek ere ez lukete euren bide armatuaz damurik erakutsiko. Egibarrek planteatzen duena pieza berriak gehitzea da, eta, horrela, sekula ez da posible izango puzzlea amaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.