gorka julio
IRLEN SAREA

ZAlaPArTA

2015eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Madrilgo kultura zinegotzi berriaren aurkako zalaparta haren dimisioarekin bukatu da. Oraindik hedabideek duten indarraren erakustaldi batekin, sare sozialetan herritarrek Ahora Madriden inguruan egituratzea lortu zuten indar komunikatiboa erasotzea lortu dute.

Bide orria ezaguna zaigu, eta eskalada bat egon daitekeela ere espero daiteke. Lege berriek lagundurik, hemendik aurrerakoak presio mediatikotik harago ere joango dira. Euskal Herria, Europako errepresio laborategian ikusi bezala, Armiarma operazioa-k eta antzekoek, bidea irekita uzten dute eraso larriagoetarako.

Horrek guztiak, balio dezake Twitter eta sare sozialek oro har gure jendartean bete behar duten rola eztabaidatzeko ere. Askotan entzun dugu Twitterrek ez duela eztabaidarako balio; erdizkako egia bada ere, denok ulertzen dugu 140 karaktereko mugagatik bada ere, ez dela egokia.

Zer egiten dugu sare horietan orduan? Bizitzan egiten dugun bera; mezuei hedapena debekatu, gugan eragina baimendu, gertuko sarean hedatu, beste batzuei ere hedatzeko eskatu... Etengailu sozialak gara sare sozialetan.

Benetan, gero, sortutako harremanak eta jasotako mezuak lantzea falta zaigu. Harremanekin komunitate konbertsaziozkoak sortu beharko genituzke kapital sozial hori trinkotzeko. Intereseko mezuak, aldiz, luze lantzeko aukera izan beharko genuke. Eta gero berriro hedatu. Lehenengorako GNUSocial eta antzeko sare sozial propioak eratzeko tresnak interesgarriak badira, bigarrenerako blogak izan daitezke oraindik egokienak.

Gertatutakora bueltatuz, Interneteko hastapenak ezagutzeko aukera izan genuenok sareetan iragan bat dugu. Laster, ez izatea izango da arraroena; bitartean, batzuentzat anomalia bat izango gara. Horiek, ez dute testuingurua ulertzen, gutxiago harreman ereduak, ez eta hiztegia... Horregatik, esandakoa desitxuratu edo intentzionalki lege zaharren arabera maltzurki interpretatua izan daiteke.

Politikari dagokionez, kazetari gazte bati eskatuko niokeen bera eskatuko nioke, bere esparruan iragana izatea alegia. Kazetari baten kasuan, blog bat edota sare sozialetan aktibo aritu izana. Politikariariari, jendartearen gehiengoaren interesak defendatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.