Vicent Partal.
Kataluniako erreferenduma. ENBAXADA BILA

Heroiak

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
BERRIAren irakurle askok sare sozialen bidez ikusi zituzten, telebistaren batean ere bai beharbada. Batzuek zuzenean, hemen, Katalunian —bai baitakit euskaldun asko etorri zirela joan den igandean—. Heroiei buruz ari naiz. Hautetsontziak defendatzeko Espainiako Poliziaren aurrean eseri zen jende horri buruz. Jende arrunt eta ohikoa, heroi izaerarik gabea, ekintza heroikoa egin zuena.

Urriaren 1a gure herrialdearen historian iltzatuta geratuko da. Antolatzeko ahalmenarengatik, kalean sortutako indarrarengatik, gobernuaren sendotasunarengatik, gobernuaren eta herriaren arteko batasunarengatik.

Gutxitan ikusi dugu halako indarkeriarik, hain gordin, hain basati. Ez zen izan neurrigabea. Aurrez pentsatua baizik. Bazekiten eskatu baino gehiago ari zirela jotzen. Bi irudi hauek dena azaltzen dute: Espainiako polizia amorratuak Calellako hotel batean, gehiago partitzeko utz ziezaietela eskatuz; erasoaren egileak, gauean pozik itsasontzi ondoan paratuta, euren banderarekin.

Baina, terrorearen aurka, egundoko herrialde bat altxatu zen. Hautetsontziak modu klandestinoan ibili zituen herrialde bat, milaka pertsonaren konplizitatearekin eta batere pitzadurarik gabe. Zer-nolako irrigarrikeria Guardia Zibilarena eta Poliziarena. Ez zuten hautetsontzi bakar bat ere aurkitu. Ezta bat ere! Eta, zuzen-zuzen eta berehala zabaldutako terrorearen kontra, herri bat altxatu zen, kolpeak eta erasoak pairatu zituen herri bat. Hunkigarria da adinekoak eta gazteak elkarrekin ikustea, katalan hiztunak, gaztelania hiztunak, okzitaniera hiztunak eta gainerako hiztun guztiak batera. Gizonak eta emakumeak elkarrekin. Eskuinekoak eta ezkerrekoak elkarrekin. Iritsi berriak eta zortzi abizenekoak elkarrekin.

Bozkalekuen atarian, inork ez zion inori galdetzen nondik zetorren edo nor zen. Denak elkarrekin zeuden, denok elkarrekin geunden, etorkizunean pentsatuz, eta ez iraganean. Eta, Martxelo, gauza bat esango dizut: uste dut ez dagoela errepublika katalana inauguratzeko modu hoberik, herriaren batasun honekin baino. Indartsu egin baikintuen, eta indartsuago egingo gaitu bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.