Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Oroitarria

2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Bada Irlanda mendebaldean, Dumha Locha haranean, bide bat gai dena bertan dabilena kloroformatu eta bahitzeko. Inguruan, labainka doaz lanbro-lainoak mendi mazeletan behera. Halako batean, zutarri borobildu baldar baterrepide estuaren hegian, bueltan-bueltan harri txikiak dituena multzoan bilduak, bertatilk igaro den bakoitzak bana utzia. Compostelarik gabeko milladoiro bat Connemaran.

Ez da zeltiar magiarik. Gosete Handiaren begian, 400 lagun inguru hil ziren tokia seinalatzen du oroitarriak. 1849an, ehunka lagun heldu ziren Cluain Cearban-era janari eske. Han, laguntzak aztertzen zituen britaniar batzordea Dolphi Lodgen zegoela esan zitzaien. Oinez egin zuten harainokoa. Alferrik. Bueltan zihoazela, ekaitzak harrapatuta, goseak eta aintziran itota hil ziren laurehun andre, gizon eta ume haiek.

Historiak bere zabortegietako batean gorde beharreko kontu zahar bat da Laku Beltzeko hau; ahaztekoa erabat, baina ez da hala gertatu. Atzo goizekoa ez izanagatik, badu Gosete Handiak irlandarren memoria kolektiboan bizirik jarraitzeko indarrik. Bi milioi lagun baino gutxiagorekin laga zuen hondamendia ez zen zeruetatik jausitako fenomeno metereologikoa izan, ez da, erakutsi izan zaigun bezala,patataren gaitzarekin ere azaltzen. Jendea gosez hiltzen ari zela, eskeleto haiek landutako soroetako garia Ingalaterrara bidean zihoan, lur jabeek hala eginda negozioa.

Egun, ordukoa oroituz, urtero egiten da Cluain Cearbanetik Dolphirainoko ibilbidea, pankarta eta guzti.Antzinakoa da istorioa, baina ez da, itxuraz, ahantzi nahi. Oroitarriari Gandhiren aipu bat erantsi dio denborak, Nelson Mandelaren izena, Dunnes Stores saltokietako 94ko greba. Hori du memoriak historiak ez duena. Data hutsetik harago, bidegabekeriaren pertzepzioa dago, errepide batek lainoa bezala zeharkatzen duena denbora, ordukoa egungo egiten duen zain humanoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.