enekoitz telleria sarriegi
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZGORA

Asmoak

2016ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bidegabekeriei eta aukera (ez)berdintasunei buruz aritzea zen asmoa. Brasil urrun hartatik aritzeaz, eta Euskal Herri are urrutikoago eta arrotzago honetara iristeaz. Olinpiar Jokoetatik jokorik ustez demokratikoenetarako jauziaz —edo erorketaz—. Kirolaz bainoago, kiroltasunik ezaz.

Asmoa zen boz gora jartzea joan den astean lankide batek boz gora esandakoak. Nola jendea ez den jada harritzen Espainiako auzitegietatik datozen erabakiez, nola egiten diegun tokia gure iruditerian apal, nola harrera egunerokoan mutu; nola diren salaketak egun bakarrekoak, nola itzaltzen den txinparta suterik gabe, nola burrunba oihartzunik gabe.

Asmoa zen esatea lehendakarigaiei egin beharreko elkarrizketetan lehen galdera izan behar lukeela «iruditzen zaizu hauteskunde demokratiko eta normalizatu batzuetako lehendakarigaia zarela?». Eta asmoa zen esatea erantzunaren araberakoak izan behar lukeela elkarrizketa horrek segida, eta garapena. Kirolaz bainoago, kiroltasunik ezaz aritzea zelako asmoa. Aho txikiez, eta aho beroez. Ikusi nahi ezinez, eta ikusi nahi ezez.

Asmoa baitzen bidegabekeriei eta aukera (ez)berdintasunei buruz aritzea politika egiteagatik espetxean egon den lehendakarigai bati ez diotelako hautagai izaten utzi, eta ez diotelako haren babes helegiteari babesik eman, legeak nahierara egin, interpretatu eta baliatzen diren auzitegi horietan.

Baina hara non asmoak asmotan gelditu diren PSE-EEk sarean jarritako bideo bati esker jakin denean non dauden «bidegabekeria» benetakoak eta non «aukera berdintasunik» ezak. Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak azalduak, euskara —berriro— jomugan jarrita. Surik gabeko txinpartak eta oihartzunik gabeko burrunbak ez lukete oraingoan asmo hutsean gelditu beharko. Boz gora. Juntos. Batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.