Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina. BOZ GORA

Aukerak

Enekoitz Esnaola -

2016ko irailak 22
1. EAJ-PSE, «logikoa». Baliteke datorren legealdian Jaurlaritzan EAJ eta PSE-EE egotea. Horretarako zenbakiak izango dituzte, bien artean gehiengo osoa justuan osatuta ala hortik gertu egonik. Gainera, 1998tik Lakuan elkarrekin ez dauden arren, azken hiru urteetan bide partekatu bat egin dute instituzio nagusietan: 2013ko irailean erakunde publikoen «egonkortasunerako» hitzarmena sinatu zuten, harrezkero EAJk PSE lagun izan du Eusko Legebiltzarrean aurrekontuetan-eta, eta iazko udatik biak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioetan eta udal nagusietan gobernu koalizioan daude. Azkeneko urratsa falta zaie: Jaurlaritzan ere izatea bikote.

Joan den urteko uztaileko akordioan etorkizunerako oinarriak jarri ondotik, Urkullu lehendakariak berehala esan zuen EAJ-PSE «ardatzean» eraiki nahi zuela autogobernu berria, bi alderdiek osatzen dutela EAEko «gizartearen bizkarrezurra», eta ekonomiara «mugatutako» ituna «beste gai batzuetara» hedatzeko «momentua iritsi» zela. Deklaratu egin zen, ustez. Baina Egibarrek berak ere iazko ekainean zioen «garrantzitsua» eta «logikoa» izango litzatekeela EAJ-PSE ituna EAEko «instituzio nagusira» zabaltzea. Pistak, eta lurreratze pistak. Gertu daudela ematen du.

2. EAJ, bakarrik, eskuak libre. Egibarrek, ordea, esan izan du EAJ eta PSE Jaurlaritzan batera aritzeko «oso sendoa» izan beharko duela itunak, «konfiantza handikoa». EAJk datorren legealdian «estatus» politiko berria nazio aitortzan eta erabakitzeko eskubidean oinarritu nahi badu, nekez egongo da konfiantza hori PSEren eta bien artean. Egibarrek berak iazko uztailean BERRIAn: «Hobe da lehenik herri honetan sinisten dugunok ados jartzea». Eta joan den asteburuan Gara-n: «Herri honek datozen lau urteetan eman beharreko pausoak ez ditu bermatzen PSEk». Beraz? Aukera: legealdi honetako formula errepikatzea; hots, EAJk PSE lagun hartzea kudeaketarako, eta eskuak libre antzean edukitzea mami politikorako. PSE ahul bat ez legoke haren aurrean zutik jartzeko moduan —gainera, badu lotura bat beste instituzioetan—, baina EAJ joango litzaioke termometroa hartzen. EH Bilduk alor sozialerako, burujabetzarako eta bakegintzarako «herri akordioa» planteatu die EAJri eta Elkarrekin Podemosi, baina Urkulluk azkar baztertu du, «fronterik» ez duelako nahi. EAJk denekin luke itunak egiteko aukera. Sabin Etxearen gustuko formula da. Gobernabidea lehenetsiko duten da gakoa.

3. Ahal Dugu-ren nahia: EH Bildu, PSE eta hirurak, bera buru dela. EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritza berriak apirilean egin zuen aurreneko bilera EH Bildurekin, Bilbon, azken horren egoitzan. Ahal Dugu-tik: Nagua Alba, Lander Martinez eta Eduardo Maura. EH Bildutik: Hasier Arraiz, Oskar Matute eta Oihane Zabaleta. Argazki batzuk atera atarian, sartu egoitzara, ekin zioten bilerari ez kafe eta ez gaileta, hasi ziren EH Bildukoak azaltzen zer plan dituzten arloka, eta Ahal Dugu-koek, egoera politikoaren mikro azterketa bat egin ondotik, esan zuten haien ustez EH Bilduk eta biek boz hauetan ez dutenez gehiengo osorik izango, PSEk ere behar lukeela gobernuan; buru, Ahal Dugu izanik. Horixe Mauraren-eta asmoa, betiere hauteskundeotan hiruretatik aurrena beraiek geratuz gero —bilera hartan, behintzat, baietz pentsatzen zuten—. Ez da halako biko edo hiruko gobernurik izango. Baina jarraitu beharko dira ibilera batzuk.

Batetik: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek botoen %35 pasa lor ditzakete, eta, bozik gabeko bi urte eta erdi pasako aldian kafea gailetekin hartuz, kalean eta instituzioetan lan eginez orube zabal bat eraikitzeko modurik izan ahal dute. Polo jakin bat.

Bestetik: euskal ezker autonomistaren barruan ahots batzuk «gobernu alternatibarako» espazio progresista eta plural bat aldarrikatuz hasi dira. Ordea, ezker hori «traba identitariotik askatu» nahi badute, ez dira urrutira iritsiko. Hor daukate PSEren bilakaera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: