Nikaragua

Nikaraguako Poliziak oposizioko bi kide atxilotu ditu

Juan Sebastian Chamorro eta Felix Madariaga dira atxilotuak, biak ere azaroko hauteskundeetarako hautagaiak. Haiekin batera, gobernuaren kontrako beste bi kide ezagun atzeman dituzte.

Felix Madariaga oposizioko kidea, bart Poliziak atxilotu dituenetako bat. JORGE TORRES / EFE
2021eko ekainaren 9a
12:24
Entzun

Udazkenean hauteskundeak egingo dituzte Nikaraguan, eta oposizioak zailtasunak izango ditu hautagaiak aurkezteko. Horretarako aukera asko zituztenetako bi atxilotu ditu bart gauean Poliziak: Juan Sebastian Chamorro Ogasun ministro ohia, Violeta Barrios Chamorro presidente ohiaren iloba dena, eta Felix Madariaga, herrialdean ezaguna den akademiko bat. Aurrez, Jose Adan Aguerri Cosep patronalaren presidente ohia eta Violeta Granera oposizioko politikaria ere atxilotu dituzte. Azken horri etxeko atxiloaldia ezarri diote, eta gainerakoak Managuako espetxe batera eraman dituzte.

Fiskaltzaren aurrean deklaratu ondoren hartu zuten atxilo Maradiaga. Bertan jakinarazi zioten haren kontrako ikerketa bat zabalik zegoela. Geroago sartu zen Polizia Chamorroren etxera, eta han atzeman zuten. Daniel Ortega presidenteari aurre egiteko aliantza bat osatzeko asmoa zuten biek, azaroko hauteskundeetara begira. Aguerri, berriz, enpresarien elkarteko presidente ohia izateaz gain, Aliantza Zibikoa oposizioko taldeko kidea da. Erakunde hori 2018ko protesten harira sortu zen, eta enpresariez osatuta dago, besteak beste. Haien interesak babestea da beren jardunaren helburu nagusietako bat. Gobernuarekin oso kritikoa da Granera ere. Presidenteordetzarako hautagaia izan zen 2016ko hauteskundeetan, eta 2018ko protesten bultzatzaileetako bat izan zen. Haren aita, Ramiro Granera, senatari izan zen, eta Anastasio Somoza diktadorearen jarraitzailea zen. FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak hil zuen.

Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez, «barne aferetan atzerriko esku hartzea sustatzea» egozten diete guztiei. Nikaraguako Parlamentuak abenduan onartu zuen Herrien Independentziarako, Subiranotasunerako eta Bakearen Autodeterminaziorako Eskubideen Defentsarako Legea deiturikoa, eta lege horrek delitutzat jotzen du atxilotutakoei egotzitakoa.

Bart gauekoekin, lau dira dagoeneko atxilotutako hautagaiak, joan den astean Cristina Chamorro eta Arturo Cruz ere atzeman baitzituzten. Zenbaitek presidentetzarako hauteskundeak irabazteko hautagai garbitzat jotzen zuten Chamorro. Cruz, berriz, Ortegaren gobernuaren enbaxadore izan zen AEBetan, 2007 eta 2009 artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.