Zestazko pilotariak

Pelotariak, zestozko pelotariak, Ameriketan urte asko eginda etortzen ziranean, musika joten jaken illuntzean etxeaurrean, eta jendeak baltseoan egin. Au musikeruak dirua atarateko asmatakoa izango zan.
(José María Etxaburu, “Ondarroako kontuak”).

Gillermo Amutxastegik (Ondarroa, Bizkaia, 1910) aipatzen zuen, bere biografian, etxera itzultzen zenean herriko musika bandak ongietorria egiten ziola. Gillermok ardoa edatera konbidatzen zituen herritarrak.
Daniel Guridi (Arrasate, Gipuzkoa, 1906) ere, ibili zen munduan zehar xisteraz jokatzen. Italian, Egipton, Txinan, Filipinetan eta Mexikon. Arrasatearrak kontatzen zuen herriko musika banda esperoan izaten zuela herrira itzultzen zenean. Villabonan (Gipuzkoa) gauza bera. Pilotari ospetsua izatea ezer gutxi ikusteko zeukan ongietorria jasotzerakoan. Nahikoa zen herriko semea izatea, halako festa antolatzeko.
Noiz eten ote zen usadioa, ezin erantzun. Agian, Euskal Herrira etorkinak etortzen hasi zirenean. Gizartea apurka-apurka nahastu ahala, identitate peto-petoa gutxitzen hasi zenean.
Zestazko pilotariaren itzulera, hainbat urte atzerrian eman eta gero, herri txiki batean, derrigorrez akontezimentua izan behar zuen. Zer ote zuten kontatzeko. Jendea prest, munduaren azalpenak entzuteko: ohiturak, bizimodua, politika, ekonomia, istorioak. Atzerrian geratutako lankideen berri senideei emateko baliagarria izango zen. Ekarritako enkarguak, eskutitzak, opariak, dirua…
Isidoro Fagoaga tenorra Berara (Nafarroa) itzultzen zenean, Europan zehar denboraldiak pasatau eta gero, Pio Baroja idazleak galderaz josten omen zuen. Barojak lehen eskuko testigantza jaso nahi izatea ez da harritzekoa. Are gehiago, Fagoaga bezalako intelektual batengandik.
Informazioaren gizartean bizi gara: McLuhanen herriska globalean; duela 80 bat urte ez bezala. Gaur egun, zestazko pilotariak Ameriketatik itzultzen dira. Oharkabean. Shanghaitik bueltan datorren Fagorreko langileak bezala, senitartekoak soilik itxaroten Loiun edo etxean; gainera, aspaldian desagertu ziren herriko musika banda gehienak.
Eskuzko pilotariak, txapela bat irabazten dutenean (pandemia aurretik bederen) zain izaten dituzte herritarrak, lagunak, sagardotegira joateko. Izango dute musika, sortuko da festa. Pilotariak xanpaina edatera konbidatuko ditu herritarrak. Inork ez dio galdetuko, ordea, nondik datorren, zer ikusi duen. Noiz arte itzuli den.