American dream

Miamiko (Florida) urbanizazio batean paseatzen ari gara, bilobak zaintzen. Emakume bat hurbildu zaigu. Latinoamerikarra dela begi-bistakoa da. Jatorriz nongoa den galdetzen diot. Kolonbiarra, duela 37 urte etorri zela Estatu Batuetara.

Lehengusua zeukan New Jerseyn bizitzen. Kolonbiatik etortzeko 2.000 dolar bidali omen zizkion.

Horretara dedikatzen den jendearekin harremanetan jarri zen. Ordaindu zituen 2.000 dolarrak eta hor hasi zen ustez paradisura eramango zuen ibilbidea. Oinez, busez eta autoz, Mexikoraino ailegatu zen.

Behin Texaxen, Rio Grande ibaia gurpil pneumatiko batean pasa zuen. Emakume bakarra taldean. Zain zituzten “koioteak”, ezkutatzeko esan zieten; ilundu arte. Arizonako basamortu bat gauez igaro zuten, bitan bakarrik gelditu ziren atseden hartzeko eta ur tragoa edateko kantinploratik. Egunsentian, auto bat zuten zain zubi azpi batean. Handik Houstonera.

Houstonen hotel batean deskansatu ondoren, bidaiari bakoitza adostutako helbidera bidali zuten. Los Angelesera, Chicagora edo New Jerseyra, Mariaren kasuan.

Sasian, etxeak garbitzen, Ronald Reaganen amnistia bati esker lortu zuen green-carda. Baimen horrekin, permanent resident, zeruaren atarian zen jada; lana eska zezakeen edonon.

Bospasei urte geroago, hiritartasuna lortu zuen. Maria, american citizen bihurtu zen. Ondorengo pausoa izan zen ama eta anaia bat erreklamatzea, Estatu Batuetara etor zitezen Kolonbiatik.

Ezkondu eta Floridara bizitzera etorri ziren jaiotako alabarekin. Unibertsitatean karrera ikasi zuen alabak, komunikabideekin lotutako ikasketak. Lau hizkuntzaren jabe omen da eta horrek lagundu dio alabari Fort Laudardeleko hotel batean lana egiteko.

Mariak 60 urte bete zituenean, Europan zehar ibili ziren bidaiatzen senarra eta biok. Venezia, Paris, Barcelona, Madrid… todo muy lindo. Bere bizitzako egunik ederrenak.

2015ean alargundu zen. Alabaren lankide bati esker, ume bat zaintzen aritzen da egunero zortzi orduz. Senarra zenaren pentsioa kobratzen duen bitartean.

Frontoira joateko ordua iritsi zait. Agur esan diot emakumeari. Agian, ez dugu inoiz elkarren berri izango.

Nik ere, green carda lortu nuen. Beste bide batetik. Jai-alai player gisa. Gure bidea askoz samurragoa izan zen. Biok, ordea, american dream horren atzetik hurbildu ginen nazio honetara. Bakoitza bere bidetik eta bere erara. Gaur, kasualitatez, topo egin arte.