Daniako saskigilea

Aldagelen goialdean dago saskigilearen gela. Handia da eta ondo argiztatuta. Horma batean telenobela bateko aktore famatu baten posterra ikusten da, jai-alai player bezala jantzita dago. Beste batean zumitz fardela dago zintzilik. Justu pareta honen aurre-aurrean gordetzen dira saskiak, gela itxi batean, hezetasuna mantentzeko.

Bi telebista daude funtzionatzen, bata bestearen gainean; bien tartean, labe txiki bat. Gainaldeko telebistan transmititzen ari dira futbol partida bat: Miamiko Dolphins New Yorkeko Jets-en aurkakoa; hiruna doaz markagailuan.
Behehaldeko telebistan pilotalekuko kinielak ari dira ematen. Mandiolak irabazi du banakako jokoa, igande honetako matineseko bosgarren kiniela.

Chabelo bere zumitzezko eserleku bajuan dago eserita eta adi jarraitzen du telebistek eskaintzen dutena; ez dago esaterik bere begiak non, zein telebistatan pausatzen diren, futbolean ala pilota jokoan. Litekeena da futbolean izatea. Dena dela, erlaxatuta dirudi, oraindik ez baitiote saskirik ekarri konpontzeko.
Jai-alaia saskigilerik gabe ezinezkoa da. Eurek fabrikatzen dituzte, baita konpondu ere. Pilotalekura ailegatzen aurrenekoak izaten dira; alde egiten azkenak.
Saskiak daude plastikozkoak eta hibridoak. Esperimentatzen aritu dira material berriekin eta jarraitzen dute, baina profesionalek, azken hitza dutenek, nahiago izaten dituzte eskuz, gaztainaz, haritzez eta zumitzez egindakoak. Chabelok konpontzen dituenak, Dania Jai-Alaiko saskigileak.
Bideo bat grabatzea proposatzen diot. Nooo! irrifarrez, “ezta pentsatu ere”. “Laburra izango da, galdera gutxi batzuk”, ez du merezi jarraitzea ezezkoaren aurrean.

Mexiko DFn lan egiten zuen, Isidrin Izagirreren tailerrean. Eguenero sei edo zazpi saski egiten ziren, D.Frako, Acapulcorako, Tijuanarako edo Floridarako.
Chabelok ez zuen etorri nahi Estatu Batuetara. Soldata txukuna irabazten zuen, baina Isidrin Izagirrek erretirua hartu zuen. Florida edo Connecticuteko frontoi batek saskiak konpontzeko norbait kontratatu nahi zuenean, Izagirreren tailerrera jotzen zuen.
Hartfordera (Connecticut) 1976an iritsi zen hango Jai-Alaia inauguratzeko. Sei urte eman zuen iparraldean Daniara (Florida) etorri arte, Fernando Orbea intendentearen eskaria onartu ondoren. Gaurdaino.

Ehunka pilotari ezagutu ditu urteetan zehar, euren saskiak bere esku trebeetatik pasa dira. Saskia saski-konpontzailearen eskuetan uztea da, pilotarientzat, maitalea beste edonoren eskuetan uztea bezala, ez da berbera itzuliko.
Pilotari ohiak bisitan etortzen direnean Chabelorengana jotzen dute, kontu-kontari aritzeko, mescal trago bat hartu bitartean.
“Nik uste dut Daniak ateak irekitzen jarraituko duela, bizpahiru hilabetez. Azken finean, begira —telebista seinalatuz— futbolean zenbat partida izaten dira denboraldi bakoitzean, 14 bat?”
“Miami Jai-Alaiko denboraldia, hastapenean, 1924an, hiru hilabeteko denboraldia izaten zen. Pilotari onenek ez zuten joan nahi izaten, diru gutxi irabazten zelako. Berensonek jabegoa eskuratu zuenean hasi ziren gauzak aldatzen”, esaten diot nik.

Chabelo tarteka pilotariek duten palkora, kontrakantxaren gainaldean, hurbiltzen da, ea zenbat jende dagoen harmailetan ikusteko eta bide batez, neska gazteren bat begiz jotzeko. Pilotarien palkoa leku pribilejiatua da jokoa jarraitzeko.
Gustukoa du Chabelok 22 pilotariz osatutako kuadroa: 9 Iparraldekoak dira; beste 13ak, Hegoaldekoak. Gazteak, hogeitapiko urtekoak gehienak. Van a lo que van, dio Chabelok. Gogotsu, arranke handiarekin jokatzen dutela, alegia.
Partida amaitu da eta Dolphinsek irabazi du, Buffalokoen kontra jokatuko dute hurrengoan. “Oso partida zaila”, Chabeloren arabera.
Bederatzigarren kiniela, banakakoa, funtzioko azkena, Zulaikak irabazi du, lehen postuan.

Urtarrilaren bukaeran bukatuko da jai-alaiaren denboraldia eta Chabelo langabeziaren saria kobratzen hasiko da, hiru bat hilabete irauten duen bitartean. Ondoren, part-time lanen bat aurkituko du, eskolaren batean edo trafikoa zaintzen.

Ez du diru premiarik, urteen poderioz aurreztu ditu sos batzuk. 60 urte ditu eta lasai dago alde horretatik, baita bere emaztea ere. Pozik bizi da, ailegatuko da urtearen bukaera eta jai-alai denboraldi berri bati ekingo diote Danian. Maitatua da bertan, daudenek eta joan zirenek ez dute ahaztuko. Chabelo baita Daniako saski-konpontzailea.