Piztia eta hezitzailea

Nik ez nuke nahi, inondik ere, kaiola batean sartu eta basapiztia bati aurre egin behar izatea. Nahiz eta esku batekin aulkiari eutsi eta zartailuari bestearekin.
Horrela irudikatzen ditut Peio Etxeberria eta Altuna III.a: piztia eta hezitzailea.
Ez da pilotazale amorratua izan behar jakiteko nork zein eginkizun beteko lukeen.

Nafarra telebistan ikusten dudanean sakatzera abiatu aurretik, mugimendu mantsoz, arnasa poliki-poliki hartuz, pausoak airean emango balitu bezala… halako beldur puntua sentitzen dut ez ote den pantailatik atera eta zuzen-zuzenean nire lepoaren bila etorriko.

Beste irudi bat. Sakan amaigabean den arbola baten adarraren gainean dago etzanda basapiztia. Ingurunea aztergai. Orduak eman ditzake presa egokiaren zain. Behin balizko biktima lokalizatuz gero, mantso-mantso jaitsi da arbolatik. Ez dauka presarik eta belar altuaren artetik zuzenean doa, zelatan, harrapakinari begirik kendu gabe. Bat-batean, ordea, lasterka labur baina esplosiboa baliatuz, jauzi beldurgarria medio, bizkarraren gainean jarri zaio, lepo-hezurrari kosk eginez; eraso hilgarria.

Piztia eta hezitzailea ez dira neurtuko oihanean, kaiolan baizik. Lehendik ere, badute elkarren berri eremu horretan.
Piztia hezitzailea baino lehen sartu da kaiolan. Barruan da eta orro batzuk egin ditu esku batean aulkia eta bestean zigorra daraman etorri berrria ikaratzeko. Tenple handikoa da hezitzailea. Zuzenean begiratu dio begietara piztiari, sorgindu nahiko balu bezala, aztia baita hezitzailea.

Hezitzaileak badaki distantzia mantendu beharko duela; lehenengo araua da, bizirik irten nahi badu. Hurbiletik urrun. Oldarkorra da piztia, odolaren gose da. Arriskutsua!

Aztia ez dator konfiantzaz gainezka, ez da ondo prestatu halako desafio bati aurre egiteko. Eritua datorrela dio. Piztiaren aldeko dema egin dutenek ez dute batere sinesten bete-betean ez datorrela entzuten dutenean. Zortzigarrenez lelo berbera errepikatuz agertzen dela. Aztia baita, bizkorra piztiaren aurrean. Beharko!

Kaiolan daude jada. Tentsioa apartekoa da. Piztiak hezitzailea barruan ikusi duenean mantso-mantso abiatu da, zuzenean ez, bazterretik baizik, burdin-barrei arrimatuta, arnasa poliki-poliki hartzen duela. Aztiaren aurpegia, berriz, zurbil-zurbil dago, gihar bakar bat ere ez du mugitzen. Erasoa noiz hasiko zain, aulkia du esku batean, zartailua bestean.

Ikusgarria izan daiteke datorren igandean, Bizkaia pilotalekuan gerta daitekeena, beldurgarria.