Sua barruan

Kaixo, seme!
Zer moduz Florida aldean?
Ikusi al zenuen joan den igandean, ETBn, Altuna III.a eta Jakaren arteko partida?
Hura eromena, motel!

Biharamunean lagun batekin topo egin nuen kalean eta halaxe esan zidan:
“Altunari ez zaio gustatzen galtzea, alajaina!”.
Inori ez zaio gustatzen galtzea, baina ematen du batzuek min gehiago sentitzen dutela.

Kontua zer da, batzuk lehiakorragoak direla edo jenio biziagokoak? edota biak?
Zuk, adibidez, tantoa galdu arren, ez duzu ezer adierazten. Jokatzen jarraitzen duzu. Ez zara zure onetik ateratzen. Jakak ere, lehengoan, partida osoa, jestu txarrik egin gabe pasatu zuen, azken tantoak arte, bertan behera amildu arte.

Baziren pilotariak, badira eta izango dira, tanto bat galdu ondoren, edo partida amaieran, harrapatzen duten guztia txikitzeko kapaz direnak. Pete Townshend rock gitarra jotzailearen moduan. Hura izan omen zen lehena gitarra pusketan uzten hasi zena agertokian.

Badira tenislariak, baita ere, erraketa lurraren kontra astintzen hasten direnak, eskuan soilik kirtenarekin geratu arte.
Andre Agassik, OPEN izeneko bere autobiografian, kontatzen du izaten zituela halako oldarraldiak partida galdu ostean; inoiz ez irabazitakoan, ordea. Hain zuzen, irabazleek horixe baitute amankomunean, denok bihurtzen garela irabazle onak.

Zuk, Jon, egin al duzu inoiz partida bukatu, aldageletara joan eta xistera hormaren kontra astindu?
Gogoa sentitu, seguru baietz.

Bazen gure garaian Gerrika izeneko puntista bat. Hark bi-pareta bota edo goitik beherakoa, eta ez bazitzaion pilota berak nahi zuen bezala ateratzen, askotan, hartzen zuen xisteraren muturra ezkerreko eskuarekin eta birrindu egiten zuen saskia. Haren amorrazioa!
Zer esanik ez ikusleak zoratzen jartzen zirela show hura ikusita.

Merezi al du horrela jartzea?
Batzuek ezin dute kontrolatu duten jenio bizia, kosta egiten zaie. Altunak, tarteka, egiten ditu bereak. Aurreko igandean telebistaren tramankuluren bati astindu ederra eman zion. Galtzaile txarra delako, galtzea gustukoa ez duelako?

Lazkao Txiki bertsolaria ere jenio bizikoa omen zen, haserretzen zenean, kontuz, edozer gauza esateko prest izaten zen.
Beasainen ba omen zituen hiru lagun, tabernaria eta beste bi, harekin botila ardoa jokatu behar izaten zutenak beti musean.
Behin, tabernaria kontrarioa zuen, eta nonbait hamarreko bat jaso omen zuen tranpaz. Joxe Migel ohartu egin zen eta kargu hartu omen zion. Besteak ukatu.
Orduan Lazkao Txiki, horrelakoetan ohi zuen bezala, oso berotu omen zen. Bere mus-lagunak, hura baretzeagatik-edo, honela esan omen zion:
“Baina, Joxe Migel! Ez adi horrela jarri, ardo botila besterik ez da eta!”
Eta Lazkao Txikik orduan:
“Joño! Hi ere nire kontra! Nik orduan ardo botila batengatik etzeukeat hola jartzerik; eta horrek lapurtzea bai?”
Bota kartak mahai gainera eta alde egin omen zuen handik, sututa. Horrelaxeko jenio bizikoa zen.

Jakak 22 eta 21 galdu ostean, ez zuen denbora larregi pasatu Altuna III.a zoriontzen. Ozta-ozta jarri zion esku bat bizkarrean, Jokinen kaltetutako sorbalda ez ukitzearren edo…
Kartak mahai gainera bota eta ziztu bizian alde egin zuen aldageletara; sua barruan.

Beste bat arte, Jon.