Zerbait berria irekitzen?

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hil honetan esan du askok uste baino lehenago iritsiko dela “ezkerreko euskal ardatza”: EAEn, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP Elkarrekin Podemosek osatutakoa. EPren EAEko lehendakarigai hautatu berri Miren Gorrotxategik adierazi du hiru indar politiko horien arteko itunak sustatuko dituela. Irunen aurten egin dute aurrekontuetako akordioa hirurek; Nafarroako Parlamentuan egin dituzte PSNk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k itunak —Geroa Baik barne—; eta Espainiako Kongresuan PSOEk lehen aldiz aitortu du solaskide modura EH Bildu. “Ezkerreko alternatiba politikoa” indartze aldera, Gemma Zabaleta eta Daniel Arranz PSE-EEko eta Javier Madrazo EBko kide esanguratsu ohiek idatzi berri dute EH Bilduren alde egingo dutela datozen bozetan. Aste bukaera honetan Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiaren elkarrizketa aterako du BERRIAk, eta Egigurenek dio hiru urte barruko udal (eta foru) hauteskundeen ondoren hasiko direla “Euskadin gauzak aldatzen”, PSE-EEk eta EH Bilduk itunak eginda. Zerbait berria irekitzen ari ote?♦

Paris erabiltzen

BERRIAko analisiaren (2020-1-29) laburpena: Hainbat froga dago Josu Urrutikoetxeak Luis Herguetaren hilketarekin (1980-6-25) zerikusirik izan ez zuela ondorioztatzeko. Garbiena izan ahal da ETA pm-k aldarrikatu zuela atentatua eta Urrutikoetxea sekula ez zela izan ETA pm-koa. Eta, auziak izaera politikoa duela pentsatzeko, badago hurrenkera bat nabarmena. (Espainiako Estatuko) Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak 2018ko ekainaren 24an ere, Hergueta Gasteizko Michelingo arduradunaren hilketaren 38. urteurrenaren bezperan, txio batean esan zuen ETA pm-k hil zuela. 2018ko ekainaren hasieran heldu zen PSOE gobernura, eta, ondoren, aipatutako zentroaren zuzendaritzan ere jarri zen —Espainiako presidentea bera da patronatuko burua, eta, besteren artean, hainbat ministro dira zuzendaritzakideak; tartean, Justiziakoa—. Oroimenezkoak 2018ko txio hura egin zuenean, artean atxilotu gabe zegoen Urrutikoetxea. Iazko maiatzaren 16an atzeman zuten, Frantziako Alpeetan, eta Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 19an baldintzapean libre uztea erabaki zuen arren, egun berean berriro atxilotu zuten, Espainiako Estatuaren eskariengatik. Handik bost egunera —ekainaren 24an— idatzi zuen berriro Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Herguetarena ETA pm-ren hilketa izan zela zioen txioa, eta uztailaren 12an Espainiako Ministroen Kontseiluak, Justizia ministroaren proposamena onartuta, Herguetaren kasuagatik Frantziari Urrutikoetxearen estradizioa eskatzea erabaki zuen, idatzian zehazteke ETAren zein adarrek hil zuen, eta aipatzeke idatzian aitatzen dituen Michelingo langile bat eta haren emaztea —Urrutikoetxeari Herguetaren argazki bat eman zioten 1980an— Madrilek ez zituela zigortu Herguetaren kasuagatik. Egoitz Urrutikoetxeak iazko auzi saio baten ostean esan zuen: «Frantziako Justizia instrumentalizatzen ari da Espainiakoa. Gezurretan ari zaio». Espainiako Gobernua ez da atzean gelditu.♦

Pierre Joxe, Carrero Blancorenaz

Thomas Lacosteren Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta askatasuna, bakeranzko bide luze bat) dokumentalean (BERRIAko kronika) 36ko gerra eta frankismoa ere aipatzen dituzte, eta Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministro ohiak (1984-1993) Euskal Herriaren borroka laudatu du, “frankismoaren aurkako erresistentziaren gotorlekuetako bat izan baitzen, Frantziako iritziaren arabera”.  Armada naziak eta faxistak Euskal Herrian “terrorezko esperimentuak” egin zituztela esan du Joxek, eta Gernikako bonbardaketa (1937) jarri du adibide modura, “zibilen triskantza” hura. “Zer gertatu zen horren ondoren? Bigarren gertakari bat, alderantzizkoa, 1973an: Carrero Blancorena. Eta guk txalotu egin genuen Carrero Blancoren heriotza; zabor frankista bat zen”. Joxek zehazki ez du aipatu ETAk hil zuenik; euskaldunei buruz ari da. “Beraz, euskaldunek beti izan zuten alde sinpatiko bat, nazismoaren eta frankismoaren biktima izan zirelako”.♦

Etorkizuna

BERRIAko analisia (2020-1-23): Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atzo eguerdian artean atxilotuta zeuzkatela, Espainiako Barne Ministerioak prentsa ohar batean iragarri zuen hurrengo orduetan aske utziko zituztela, eta autoritate judizialaren esanetara geratuko zirela. Auzitegi Nazionalak agindu zuen operazioa, baina deklaratzera ez zituzten epailearen aurrera eraman, baizik eta Guardia Zibilaren kasernetara, gero libre lagatzeko, oharrekoa egiaztatuz. Horren guztiaren esplikazioa? Bill Clintonek AEBetako 1992ko hauteskunde kanpainan George Bushen aurka erabilitako The economy, stupid-en bertsio errepresibo espainola etortzen da burura: Guardia Zibila, baboa. Hor dagoela oraindik. Kasurako, Espainiako gobernu berriak baluke asmorik eta presiorik bestelako espetxe politika bat garatzeko; Guardia Zibilak ez du hor ere gauzak errazteko asmorik eta ez presio sentsaziorik, gobernuak kendu eta ipini arren haren arduradun nagusiak. Politikoki eta humanoki eztabaidagarriak izan ahal dira euskal presoen harrera batzuetako erakustaldiak, ETAren biktima askorentzat mingarriak izateagatik, baina hortik jauzi handia dago, ministerioak egotzi bezala, “biktimen umiliazioa eta gutxiespena” gertatu dela esatera. Gainera, nekez argudia daiteke “terrorismoaren goratzearen” akusazioa. Baina Espainiako judikatura… Hala ere, estatu aparatuok egun zaila dute halako operazioekin-eta euskal politika eta elkarbizitza baldintzatzeko. Jada ez dago akzio-erreakzio espiralik; gatazkaren parte batek orain hamar urte utzi zion estrategia politiko-militarrari, eta etxeko lanak egin ditu. Etorkizunera begira dago euskal gizartea, eta biharko egunean ere izango dira presoen harrerak. Denek ere lehengo eskeman dagoen partea ahultzen joateko neurriak hartuz gero, hobeto.♦

‘Bukaeraren hasiera’, post scriptum

Bukaeraren hasiera BERRIAko analisiaren post scriptum bat:
1. Foro Sozialak 2016ko urriko ekitaldian, ETAri armagabetzeari buruzko mezua bidaltzeaz gain, alderdi politikoei ohartarazi zien probesteko hauteskunderik gabeko orduko ia hiru urteko zikloa. ETA 2017ko apirilean desarmatu zen, eta 2018ko maiatzean desegin. Orain, euskal presoen auziaren konponbidea urratzeko, Espainiako Gobernuan eta Hego Euskal Herriko bietan eta haien sostengatzaileetan antzeko taldeak egoteaz aparte, ez dago, kalterako, interes elektoralaren arrisku handirik: Nafarroan hiru urte eta erdira izango dira berriro foru bozak; Espainiako gorteetan oraintxe hasi dute legealdia, eta, PSOE-UP gobernuak gehiengo sendorik ez izan arren, pare bat urte behintzat iraun dezake; eta EAEn aurten dituzte hauteskundeak, baina nagusia, EAJ,, lasai ederrean egon daiteke PSE bazkidea eta EP lagun berria hor dituela.
2. BERRIAren papereko eta sareko iazko 60 pieza irakurrienen berri eman du hedabide honek duela gutxi, eta lau dira euskal presoen auziari lotutakoak. Egia da presoen arloan iaz ez zela askorik mugitu, baina 60tik, lau (%6,6). Beste datu bat: lau artikulu horien artean ez dago manifestazio, hitzaldi, gogoeta, analisi, proposamen edota ebazpen instituzionalei-eta buruzkorik; atxiloketa bati buruzko elkarrizketa da bat, bi preso aske geratu zirenekoak bi eta preso baten aitaren hiletan Poliziak jarritako oztopoena bat. 2020 honetarako kontuan hartzekoa, agian; dena beharko den arren auziaren bukaeraren hasierarako.♦

Bukaeraren hasiera

BERRIAko analisiaren (2020-1-12) laburpena: Zentzuzkoa da aldarrikatzea euskal presoen auzia behingoz konponbide fasean jarri behar dela. Baldintzak badira. Partekatutako abiapuntu baterako zume sendoak daude; baina, halaber, baliagarria litzateke guztien artean ondorioztatzea auzia Espainiako Estatuan (ere) oraindik ez dela konponbidearen fasean ezarri; edo areago: PSOEren gobernuak urte eta erdian, zegoen egoera berezi eta ahulean mugimendu batzuk egin zituela baloratuta ere, beharrezkoa dela auziaren bukaeraren hasierari ekitea. Bakoitzak jarriko ditu gero terminoak: presoen askatasuna, etxeratzea, (bir)gizarteratzea, legediaren betetzea…; eta, logikoki, bakoitzak egingo ditu eskakizunak. Euskal presoek badituzte ametsak, bizi proiektuak, eta maite dute askatasun haizea, baina urruntzeak eta lehen graduak eragotzi egiten die legebideari jarraitzea, Euskal Herrian sentiaraztea, eta, egokiera ikustean, posibilista izatea. Zer egin behar du haietako batek Algecirasen-edo, Madrilen hiru eguneko irteera baimena jasota? Edo egunez ateratzekoa izanda? Zer gogo edukiko dute, urrun egonik, legebidean pausoak emateko? Madrilek ia ehun euskal preso ditu sorterritik 700 kilometro pasara, gizarteratze printzipioak baztertuta. Samina zabaltzen. Presoen auzian azken faseari lehenbailehen ekiteko erabakitasuna daukate euskal eragile askok. “Orain ez bada, noiz?”, galdetu du Sarek. Gaur-gaurkoz, 248 ohe huts daude. Eta hori nork ulertarazi… Euskal Herri berriari.♦

Presoak eta lurraldetasuna

Badute jada Espainiako Gobernuko presidentea, espektakulu baten ondoren. Eta zenbat espainolizatu dugun ikuspegia azkenaldian (ere). Lekutan dago deskonexio mentala. Ados, Madrilen ere partida jokatu behar da. Baina komeni selektiboa izatea, Espainiako Estatuaren eguneroko zurrunbiloan murgiltzeke. Badira borrokatzeko kontuak: eskumenak, inbertsioak, murrizketak, mozalkeriak, helegiteak… Andaluzian ere izango dituzten bezala. Baina, taxuzko aurrerabide nazional baterako, Madrilgo mahai jokoan ez dago autodeterminazioaren arrastorik. Estatuaren lurralde ereduaren auzia aipatzen da talde politiko abertzaleen artean ere, eta gutxitxo Hego Euskal Herriaren lurraldetasun batasuna. Langai dago zorua prestatzea, eta, Madrilen ere partida jokatu behar denez, hango eta Hego Euskal Herriko askotariko indar harremanak kontuan hartuta —instituzionalak barne—, lehentasun bat da hasiera puntuan jartzea euskal presoen —eta deportatu eta iheslarien— auziaren bukaera. Beste bat, Hego Euskal Herriaren batasun instituzionalerantz jotzea, formulak formula, erritmoak erritmo. EH Bildu eta EH Bairen Euskal Bideak (2015) zera dio —zioen?— “prozesu eratzailearen” hirugarren fasean: “Eredu juridiko-politikoaren gaineko erabakiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autonomia erkidegoari eta Nafarroari dagokienez, Espainiako Estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi eremuetako arteko harremana erabakitzea lehenesten dugu, Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera”.♦

Faktura

BERRIAko analisiaren (2019-12-3) laburpena: Berriz ere Espainiako Estatuko epaitegietan da Bateragune auzia. Oraingoan otzanago legoke Madril, Europaren kaskarrekoa hartuta. Auzitegi Nazionalak 2011n zigor epaia eman zuen; Gorenak 2012an berretsi egin zuen, kartzela urteak zerbait murriztuta —inhabilitazioak ez—, eta Konstituzionalak 2014an Gorenarena baleko jo zuen. Baina duela urtebete bat Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen auzipetuek ez zutela epaiketa justua eduki, epaimahaia partzialtzat jo baitzuen, eta defentsak, hala eskatuta, orain aste batzuk Gorenaren baimena jaso zuen 2012ko epaiaren berraztertze helegitea aurkezteko. Aurkeztu du. Asko dago jokoan; batik bat, politikoki, sinesgarritasun eta kontakizun aldetik. Ezker abertzalean estrategiaren eztabaida ofizialki hastear zirela egin zuen Madrilek Bateraguneko operazio polizial, juridiko eta politikoa. Denborak erakutsi du Otegiren-eta apustua atera dela aurrera: ETAren jardun armatuaren bukaera, 2011n —eta, gero, haren armagabetzea eta desegitea—. Madrilek ezker abertzalearen estrategia aldaketaren prozesu hura zapuztu nahi izan zuen; edo, gutxienik, kolpatu, trabatu. Hipotesi bat da estatu aparatu batzuei ez zitzaiela interesatzen ETA paretik kentzea erabat. Beste hipotesi bat da estatuak, besterik gabe, urteetako jardunaren faktura pasatu ziela Otegiri eta besteei. Orain, Bateragune auzian, ezker abertzalea bera dago estatuari faktura pasatzeko moduan.♦

Osagarritasuna

Gure Esku herri dinamikak duela urtebete bukatu zuen Euskal Herriko estatus politikoari buruzko herri galdeketen zikloa. Sekulako lana eginda, hark sustatuta 207 kontsulta egin ziren; aurretik —2014an—, beste bi. 209 galdeketetan 218.248 lagunek hartu zuten parte, eta horietatik %90-95ek eman zioten baiezkoa Euskal Herriaren independentziari, euskal errepublikari edota euskal estatuari —tankerako galdera mota ugari egon zen—; hots, 200.000 lagun inguruk baietz. Gure Esku orain erreferendum baten eskaera euskal instituzioetara bideratzeko egitasmoarekin dabil, bere arloan lanean. 200.000 herritar haien borondateak, salbuespen batzuk kenduta, ez zuen jarraipenik izan tokian-tokian. Ehun mugimenduak jo du orain enbidoa: hala nahi duten udalerrietan, euskal errepublikaren aldeko eguna antolatzea datorren otsailaren 15ean. Oraingoz, 21 tokitan dituzte lotuak ekitaldiak: Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan. Zerrenda luzatu nahi dute. Bada proposamen bat hor; xumea, baina zehatza. Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakari berriak gogoeta interesgarria egin du BERRIAn: “Naziogintza garatu behar da, estrategia konfederalaz gain”. Hau da, euskal estatua lortze aldera egokia ikusten duela estrategia konfederala, baina Euskal Herria josten eta egiten segitzeko naziogintza ere behar dela —estrategia konfederalari ikusten dio Asurmendik “arrisku” bat: “Lurraldeen arteko arrakala handitzea”—. Osagarritasunaren beste formula bat: zoru demokratikoa lantzen segitze aldera autodeterminazio/erabakitzeko eskubidea lantzen segitu bai, baina, hala nahi duenak, Euskal Herriaren independentzia, euskal errepublika edota euskal estatua lortze aldera dinamika sozial berriak ere bai. Kasurako, Ehun. Ez da egun batetik bestera sortu den mugimendua, eta, momentuz, otsaileko ekinbidera begira eratu da. Orduan baloratuko du aurrera begira beste forma bat hartu ala ez, eta, hartzekotan, nolakoa.♦

Lehentasuna

BERRIAko analisia (2019-11-5): Espainiako Erresumako lurralde politikaz —erran nahi baita, lurralde auziaz— PSOEk lehen ere ez zeukan sinesgarritasunik —badirudi Loiolakoa ameskeria izan zitekeela—, baina aurreko astean gertatu zena esperpentikoa izan zen: boz kanpaina hasi bezperan, PSOEren gobernu programan ez zetorren ezer berak 2017an onartutako estatuaren nazio aniztasunaz, eta ez zetorren deus berak 2013an konstituzioaren erreforma federalaren proposamenaz ebatzitakoaz; PSC kexatu egin zitzaion, eta Pedro Sanchezek azkenean sartu ditu bi asmo horiek, esanez kanpaina bezperako dokumentua zirriborro bat zela. Ikusten da PSOEk zer garrantzia ematen dien nazio aniztasunari eta federalismoari: estatua krisi betean dela, supituki erabaki du halako auzi garrantzitsu bat gobernu programan sartu ala ez, eta, kanpaina hastear zela, PSOEren hautagaitzan PSC bezalako egitura batek ez zekien ea nagusiak programan sartuko zituen bi asmoak.  Sanchezek Moncloan jarraitu ahal izateko euskal eta katalan diputatu subiranisten abstentzio baldintzatua edo babesa beharko balitu ere, ez dirudi PSOErekin inolako zereginik dagoenik nazio aitortzari eta eskubideei begira. “Autodeterminazioa” da Llotja de Marreko adierazpeneko aurreneko puntua; hor datza subiranisten ipar edo hodeiertz nazional eta politiko askea, baina, gaur-gaurkoz, katalanek eginkizun dute, 2017ko urriaren 1ean oinarrituta, proces-a berreraikitzea, eta euskaldunek, prozesu baten hasiera hezurmamitzea. Bitartean, Llotja de Marreko adierazpenean lehentasuna hirugarren puntuak luke: “Preso politikoen askatasuna eta eta erbesteratuen itzulera”. Autonomia zulatu bat kudeatzeaz gain, Madrilen jokalekua, egotekotan, kartzela frontean dago. Katalanek beste bateratasun bat daukate hor ere.♦