Albistea entzun

«Bake eledunak bakean utzi»

Thomas Lacostek 'Pays Basque et liberté' dokumentala aurkeztu du Miarritzen, Fipadoc jaialdian. 36ko gerratik honako «bakeranzko bidea» dakar. Frantziari mezuak bidali dizkiote.
Thomas Lacoste —eskuinean—, atzo, Miarritzen, Fipadoc-en, <em>Pays Basque et liberté-</em>ren estreinaldian.
Thomas Lacoste —eskuinean—, atzo, Miarritzen, Fipadoc-en, Pays Basque et liberté-ren estreinaldian. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko urtarrilak 24

Euskal gatazka armatuaren «konponbiderako ekarpena» egin duten kideak kontuan hartu behar dira, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiaren iritziz, eta haien aldeko «keinuak» eskatu ditu. Serge Portelli Versaillesko (Frantzia) Dei Auzitegiko magistratu ohia ere zehatz mintzatu da: esan du badirela «bakearen eledun diren pertsona apartak»; «beraz, bakean utzi beharko dira, bakearen alde lan egin dezaten». Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta askatasuna, bakeranzko bide luze bat) dokumentalean esan dute hori biek, bukaeran, Josu Urrutikoetxearen iazko atxiloketaren irudiak ageri ondoren. Mezu argi bat eman nahi izan diote Frantziari. Thomas Lacostek (Bordele, Okzitania, 1972) egin du dokumentala, eta atzo eguerdian izan zen estreinaldia, Miarritzen (Lapurdi), Fipadoc dokumentalen nazioarteko jaialdian.

Espainiako 36ko gerratik gaur arteko kontakizun bat egin du Lacostek, 52 minutuan, eta nabarmendu Espainiako eta Frantziako estatuek ukatu egiten dutela gatazka bat dagoela. Portellik jarri du abiapuntua, «zer da euskal gatazka? Zergatik sortu zen?» galderak egin beharraren garrantziaz ohartarazita, eta azaldu du betiere horiek erantzutean sartu ahal izango dela «ideologikoki, intelektualki, benetako bake prozesu batean».

Taubiraz eta Portelliz gain, dokumentaleko elkarrizketatuen artean dira Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, nazioarteko komunitateko eragile Brian Currin, Jonathan Powell, Gerry Adams, Veronique Dudouet, Raymond Kendall eta Alberto Spektorowski, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, Eugenio Etxebeste Antton ETAren mintzakide izana, Rufi Etxeberria Sortuko zuzendaritzakidea, Iñaki Anasagasti EAJren Espainiako diputatu ohia, Max Brisson LR-ren Frantziako senataria, Anita Lopepe EH Baiko eleduna, Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilea, Gabi Mouesca IK-ko kide ohia, Jean Pierre Massias eta Xavier Crettiez unibertsitate irakasleak, Paco Etxeberria auzi medikua eta Josu Ibargutxi frankismoaren biktimen plataforma bateko kidea.

Frankismoak 40 urtean Euskal Herrian «erabateko dominazio sistema» ezarri izanaz mintzatu da Massias, «40 urteko terroreaz eta zapalketaz» Ibargutxi, eta diktadura erregimen haren eragina oraindik badela azaldu du Currinek. Anasagastik erantsi du «jazarpenaren» ondorioz ETA sortu zela, «erreakzio gisa»; Etxebestek «erresistentzia» aipatu du, eta «herri honen eskubide nazional eta sozialak aldarrikatzeko» ere sortu zela Euskal Herriko erakundea, 1958an. 1975ean hil zen Francisco Franco espainiar diktadorea, «baina tortura, errepresioa eta biolentzia politikoa» ez zirela amaitu dio Massiasek; haren arabera, «borroka antiterroristarako justifikazio modura» erabiltzen segitu zuen Madrilek.

GALek (1983-1987) «ondo funtzionatu zuen», Crettiezen esanetan. Orduan, Barne ministro izan zen Joxe, eta Lacosteren lanean dio Espainiari aipatzen ziola bazuela «frogarik» GALen atzean Madril zela esateko, «baina Espainiako Gobernuak ukatu egiten zuen. Espainolek ezin dute jasan Euskal Herriko arazoa».

Powell, ezker abertzaleaz

Powellek ezker abertzaleak duela hamar urte egindako estrategia aldaketa laudatu du. Haren iritzian, 2007an Genevan (Suitza) prozesua haustearen «frustrazioak» eraman zuen ezker abertzalea bere jendea konbentzitzera «bide politikoari jarrai ziezaioten militarraren partez». Rufi Etxeberriak gogoan du Madrilek «lehengo eskeman segitzea nahiago» zuela, «neurria hartua ziolako eta herri honentzat agenda demokratikorik ez duelako», eta horregatik egin zuela eztabaidaren aurka. Nazioarteko eragileak gogoeta prozesuaren norabidearen eta mamiaren jakitun ziren, eta Powellek dokumentalean esan du ezker abertzalea «babestu» egin behar zela. Hura bera izan zen 2011ko urrian Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako bat. Lopepek Aieteko (Donostia) bake konferentziaren garrantzia aipatu du, eta Funosasek erantsi du ETAk eman ziola adierazpenari erantzuna, berehala: jarduera armatuaren bukaera.

Espainiako eta Frantziako estatuek ez zuten jarrera aldatu; segitu zuten atxiloketekin, epaiketekin… Baita ETAk armagabetze prozesuari ekin eta hala iragarri zuenean ere. Desarmatze fasean gizarte zibilak egindako lanaz hitz egin du Txetx Etxeberrik. Ipar Euskal Herriko hautetsiek ere agertu zuten engaiamendua; kasurako, Brissonek: «Aurre egin genien [Frantziako] Estatuaren isiltasunari eta indiferentziari». Beste gatazka batzuetarako «eredu» izan zen ETAren armagabetze prozesua, Dudouetek esan duenez. Spektorowskik Madrilen jarrera deitoratu du; haren esanetan, ETAk trukean ezer eskatu gabe ere, ez zituen armak hartu nahi izan. Currinek ere halatsu hitz egin du: «Madrilek ez zuen inolako paper eraikitzailerik izan bake akordio bat lortzeko». Luhusoko (Lapurdi) 2016ko abenduko armagabetze partzialaren saioa zela-eta Bruno Le Roux Frantziako Barne ministroaren jokabidea txarretsi dute, berriz, Kendallek eta Joxek. Ondotik jarrera irekiagoa erakutsi izan du Parisek, baina Brissonek ohartarazi du euskal presoek «keinuak» egiteko duten borondatea ez bada kontuan hartzen, gerta daitekeela «egunen batean lapikoak berriro eztanda egitea». Horrela, «bake justu eta iraunkorrerako» baldintzak lortu beharraz mintzatu da Mouesca.

Lacoste zinemarako ere ari da prestatzen Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix filma. Denera 71 lagun elkarrizketatu ditu, eta zinemarako lanak bi ordu pasa iraungo luke. Aurten estreinatu nahi dute. Horrez gain, webgune baten egitasmoa ere badu, elkarrizketak jartzeko, kronologikoki eta gaika bilatzeko moduan. Lacostek ez du tankera horretako lehen lana: 2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetze egunean, La paix maintenant, une exigence populaire (Bakea orain, herriaren aldarria) dokumentala estreinatu zuen, Baionan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio / Foku

Sarrionandia: «Euskal gaia arazo identitario bat dela esatea erredukzionismo bat da»

Julen Aperribai

Nazioari dagokionez, «dena egiteko» dagoela adierazi du Sarrionandiak EHUren udako ikastaroetan. Odriozolak pedagogiaren eta botere mekanismoen premia nabarmendu ditu

Gaur goizean egidako agerraldia, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Sare Herritarrak abuztuaren 20an Donostiako kaleak hartzera deitu du

Iosu Alberdi

Azken hilabeteetako urratsak «trabaz josita» egon direla salatu dute. Ezinbestekotzat jo dute herritarrak aktibatzea, bidea «muturrera eramateko».

Pirinioetako Bidea

Gure Esku: «Gure gailurra zortzimilakoa da»

Iosu Alberdi

Pirinioetako Bideak «herri gogoa hauspotu» duela uste du Gure Esku-k. Herritarrei dei egin diete erabakitzeko eskubidearen alde urratsak egitera.

Xavier Peytibi. / ©Maialen Andres, Foku

«Populismoak beti du gertatzen zaizun guztiaren erantzule bat»

Iñaut Matauko Rada

Ultraeskuinak zer komunikazio molde darabilen aztertu du Xavier Peytibi politologo eta aholkulariak, eta, hainbat ezaugarriren artean, patriotismoa nabarmendu du: «Haiek dira 'herria', baita herriaren defendatzaileak ere».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...