Zuk nahiago duzu
bizirik dagoena baino
hilda dagoena
hilda dagoena zure buruan bizi da
eta bizirik dagoena
aurrean daukazu
eta hala ere
ezin ikus dezakezu zure begi zuriokin.
Zuk nahiago duzu
bizirik dagoena baino
hilda dagoena
hilda dagoena zure buruan bizi da
eta bizirik dagoena
aurrean daukazu
eta hala ere
ezin ikus dezakezu zure begi zuriokin.
diozu: pentsatzen duzunean, bekainak
uzkurtu eta begirada jaisten duzu.
orain, pentsatzen duzunean, bekainak
uzkurtu eta begirada jaisten duzu.
gurasoak, etxea imitatzen genituen lehen.
etxeak eta bereizten dituen
horma osmotikoa. trigeminoak dira
etxea, azotea eta kalea
goizaldean: baita
maitaleen zigorra ere.
deus ere ez dut
goroldioaren kontra. baina altxatu egiten naiz
zure sustrai faltsuaren aurka.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hil honetan esan du askok uste baino lehenago iritsiko dela “ezkerreko euskal ardatza”: EAEn, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP Elkarrekin Podemosek osatutakoa. EPren EAEko lehendakarigai hautatu berri Miren Gorrotxategik adierazi du hiru indar politiko horien arteko itunak sustatuko dituela. Irunen aurten egin dute aurrekontuetako akordioa hirurek; Nafarroako Parlamentuan egin dituzte PSNk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k itunak —Geroa Baik barne—; eta Espainiako Kongresuan PSOEk lehen aldiz aitortu du solaskide modura EH Bildu. “Ezkerreko alternatiba politikoa” indartze aldera, Gemma Zabaleta eta Daniel Arranz PSE-EEko eta Javier Madrazo EBko kide esanguratsu ohiek idatzi berri dute EH Bilduren alde egingo dutela datozen bozetan. Aste bukaera honetan Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiaren elkarrizketa aterako du BERRIAk, eta Egigurenek dio hiru urte barruko udal (eta foru) hauteskundeen ondoren hasiko direla “Euskadin gauzak aldatzen”, PSE-EEk eta EH Bilduk itunak eginda. Zerbait berria irekitzen ari ote?♦
Badakizu sobera hunkitzen naizela jendetza kantuan entzutean estadioetan, manifetan; maite ditudala uso zuria eta uso gorria suaren gainean dantzan, eta bai, eta bai.
Badakizu hizkuntzaren musua oroitzean datozkidala ipurtargi bat (zomorro xarmanta hizkuntza) eta elurretan utzitako oinatzak (bidaiari ikusgaitzaren patua hizkuntzak).
Badakizu goizero leihoa zabaltzean zenbatekoak ditudan ahotsean nekea eta gorputzaren astuna; hiriari begira, hiltzear diren baleak ikusten ditudala egunsentiko hodeietan, eta larrosa gorri irekiak.
Badakizu oraindik ez gaituela etsiak jo, hizkuntza dugula keinua.
Tori landare hau bihotzean landatzeko, zelai arrotzetatik salbu.
muino baten alde ospelean
grisez estalia zuen gorputza
goitik behera zabaldutako banako batek.
presio eta tenperatura
handiak jasanarazita ere
ez zen guztiz desegin.
kimikoek arbel bihurtu zioten
hanka bat, beso bat
marmol orbandua bihurtu zen
eta geldiro, erritmo
malkozkoaz, bat egin zuen
bereizten gaituen naturarekin,
bere baitan esanez: gizakia naiz oraindik.
BERRIAko analisiaren (2020-1-29) laburpena: Hainbat froga dago Josu Urrutikoetxeak Luis Herguetaren hilketarekin (1980-6-25) zerikusirik izan ez zuela ondorioztatzeko. Garbiena izan ahal da ETA pm-k aldarrikatu zuela atentatua eta Urrutikoetxea sekula ez zela izan ETA pm-koa. Eta, auziak izaera politikoa duela pentsatzeko, badago hurrenkera bat nabarmena. (Espainiako Estatuko) Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak 2018ko ekainaren 24an ere, Hergueta Gasteizko Michelingo arduradunaren hilketaren 38. urteurrenaren bezperan, txio batean esan zuen ETA pm-k hil zuela. 2018ko ekainaren hasieran heldu zen PSOE gobernura, eta, ondoren, aipatutako zentroaren zuzendaritzan ere jarri zen —Espainiako presidentea bera da patronatuko burua, eta, besteren artean, hainbat ministro dira zuzendaritzakideak; tartean, Justiziakoa—. Oroimenezkoak 2018ko txio hura egin zuenean, artean atxilotu gabe zegoen Urrutikoetxea. Iazko maiatzaren 16an atzeman zuten, Frantziako Alpeetan, eta Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 19an baldintzapean libre uztea erabaki zuen arren, egun berean berriro atxilotu zuten, Espainiako Estatuaren eskariengatik. Handik bost egunera —ekainaren 24an— idatzi zuen berriro Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Herguetarena ETA pm-ren hilketa izan zela zioen txioa, eta uztailaren 12an Espainiako Ministroen Kontseiluak, Justizia ministroaren proposamena onartuta, Herguetaren kasuagatik Frantziari Urrutikoetxearen estradizioa eskatzea erabaki zuen, idatzian zehazteke ETAren zein adarrek hil zuen, eta aipatzeke idatzian aitatzen dituen Michelingo langile bat eta haren emaztea —Urrutikoetxeari Herguetaren argazki bat eman zioten 1980an— Madrilek ez zituela zigortu Herguetaren kasuagatik. Egoitz Urrutikoetxeak iazko auzi saio baten ostean esan zuen: «Frantziako Justizia instrumentalizatzen ari da Espainiakoa. Gezurretan ari zaio». Espainiako Gobernua ez da atzean gelditu.♦
Paradoxa polita da: iraganak irautera egiten du.
Eta narrazio batean sartzen dugu iragana, zentzu bat ematen diogu orainetik, zentzu bat ematen diogu oraindik; ondo asko dakigu, finean, iragan baten hondarrak garela. Hondarren hondarrak, nahiago bada.
Eta narrazio horri historia izena ematen diogu, argi gera dadin, ez dezagun nahastu literaturarekin, inork ez dezan pentsa asmatua denik, bere fikkziozko izaera ezkutatzeko.
Historia fikkzioa da erabat, narrazioa, kontakizuna.
Thomas Lacosteren Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta askatasuna, bakeranzko bide luze bat) dokumentalean (BERRIAko kronika) 36ko gerra eta frankismoa ere aipatzen dituzte, eta Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministro ohiak (1984-1993) Euskal Herriaren borroka laudatu du, “frankismoaren aurkako erresistentziaren gotorlekuetako bat izan baitzen, Frantziako iritziaren arabera”. Armada naziak eta faxistak Euskal Herrian “terrorezko esperimentuak” egin zituztela esan du Joxek, eta Gernikako bonbardaketa (1937) jarri du adibide modura, “zibilen triskantza” hura. “Zer gertatu zen horren ondoren? Bigarren gertakari bat, alderantzizkoa, 1973an: Carrero Blancorena. Eta guk txalotu egin genuen Carrero Blancoren heriotza; zabor frankista bat zen”. Joxek zehazki ez du aipatu ETAk hil zuenik; euskaldunei buruz ari da. “Beraz, euskaldunek beti izan zuten alde sinpatiko bat, nazismoaren eta frankismoaren biktima izan zirelako”.♦
BERRIAko analisia (2020-1-23): Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atzo eguerdian artean atxilotuta zeuzkatela, Espainiako Barne Ministerioak prentsa ohar batean iragarri zuen hurrengo orduetan aske utziko zituztela, eta autoritate judizialaren esanetara geratuko zirela. Auzitegi Nazionalak agindu zuen operazioa, baina deklaratzera ez zituzten epailearen aurrera eraman, baizik eta Guardia Zibilaren kasernetara, gero libre lagatzeko, oharrekoa egiaztatuz. Horren guztiaren esplikazioa? Bill Clintonek AEBetako 1992ko hauteskunde kanpainan George Bushen aurka erabilitako The economy, stupid-en bertsio errepresibo espainola etortzen da burura: Guardia Zibila, baboa. Hor dagoela oraindik. Kasurako, Espainiako gobernu berriak baluke asmorik eta presiorik bestelako espetxe politika bat garatzeko; Guardia Zibilak ez du hor ere gauzak errazteko asmorik eta ez presio sentsaziorik, gobernuak kendu eta ipini arren haren arduradun nagusiak. Politikoki eta humanoki eztabaidagarriak izan ahal dira euskal presoen harrera batzuetako erakustaldiak, ETAren biktima askorentzat mingarriak izateagatik, baina hortik jauzi handia dago, ministerioak egotzi bezala, “biktimen umiliazioa eta gutxiespena” gertatu dela esatera. Gainera, nekez argudia daiteke “terrorismoaren goratzearen” akusazioa. Baina Espainiako judikatura… Hala ere, estatu aparatuok egun zaila dute halako operazioekin-eta euskal politika eta elkarbizitza baldintzatzeko. Jada ez dago akzio-erreakzio espiralik; gatazkaren parte batek orain hamar urte utzi zion estrategia politiko-militarrari, eta etxeko lanak egin ditu. Etorkizunera begira dago euskal gizartea, eta biharko egunean ere izango dira presoen harrerak. Denek ere lehengo eskeman dagoen partea ahultzen joateko neurriak hartuz gero, hobeto.♦
Ez dugu ama izan nahi.
Zirriborroak uzten dituen
oinordeko baten absentzia.
Alaba izaten jarraitu nahi dugu.
Lehenago bezala besarkatu gaitzatela.
Eta orraztu gaitzatela eta gutaz harrotu daitezela
bizilagunen aurrean.
Guretzat izan dadila liburu bakoitza, pentsamendu bakoitza.
Guretzat.
Ohe bakarreko logela batean.