BERRIAko analisia (2019-11-5): Espainiako Erresumako lurralde politikaz —erran nahi baita, lurralde auziaz— PSOEk lehen ere ez zeukan sinesgarritasunik —badirudi Loiolakoa ameskeria izan zitekeela—, baina aurreko astean gertatu zena esperpentikoa izan zen: boz kanpaina hasi bezperan, PSOEren gobernu programan ez zetorren ezer berak 2017an onartutako estatuaren nazio aniztasunaz, eta ez zetorren deus berak 2013an konstituzioaren erreforma federalaren proposamenaz ebatzitakoaz; PSC kexatu egin zitzaion, eta Pedro Sanchezek azkenean sartu ditu bi asmo horiek, esanez kanpaina bezperako dokumentua zirriborro bat zela. Ikusten da PSOEk zer garrantzia ematen dien nazio aniztasunari eta federalismoari: estatua krisi betean dela, supituki erabaki du halako auzi garrantzitsu bat gobernu programan sartu ala ez, eta, kanpaina hastear zela, PSOEren hautagaitzan PSC bezalako egitura batek ez zekien ea nagusiak programan sartuko zituen bi asmoak. Sanchezek Moncloan jarraitu ahal izateko euskal eta katalan diputatu subiranisten abstentzio baldintzatua edo babesa beharko balitu ere, ez dirudi PSOErekin inolako zereginik dagoenik nazio aitortzari eta eskubideei begira. “Autodeterminazioa” da Llotja de Marreko adierazpeneko aurreneko puntua; hor datza subiranisten ipar edo hodeiertz nazional eta politiko askea, baina, gaur-gaurkoz, katalanek eginkizun dute, 2017ko urriaren 1ean oinarrituta, proces-a berreraikitzea, eta euskaldunek, prozesu baten hasiera hezurmamitzea. Bitartean, Llotja de Marreko adierazpenean lehentasuna hirugarren puntuak luke: “Preso politikoen askatasuna eta eta erbesteratuen itzulera”. Autonomia zulatu bat kudeatzeaz gain, Madrilen jokalekua, egotekotan, kartzela frontean dago. Katalanek beste bateratasun bat daukate hor ere.♦
Frantziako koadro juridikoa
Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiko aretoak ez du baldintzapean aske utzi Frederic Haranburu euskal presoa (65 urte ditu; ia 30 daramatza kartzelan), hura libre uztea ordena publikoa “azkarki trabatzea” litzatekeelakoan, eta uste du “arriskua” litzatekeela ETAk jardun armatua berriro hartuko balu. Hala dio, 2019aren hondarrean. Auzitegi horrek ez ditu kontuan hartu Maritxu Paulus Basurco defentsa abokatuaren argudioak, eta, sistema judiziala estatu aparatu bat izan arren, ez du kontuan hartu ETAren armagabetze egunean (2017-4-8) Bernard Cazeneuve Frantziako orduko lehen ministroak ateratako prentsa agiri esanguratsua (behean); eta ez du kontuan hartu iazko urriaren 1ean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin batera Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak ETAren bukaera ofizializatzeko egindako agerraldia (behean). Haranbururen kasuan ere, partida ez da bukatu. Hor dago, esaterako, zigorrak kommutatzeko aukera —bizi guztiko kondena 30 urtera ekartzea—; Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hartu beharko luke erabakia, eta haren Justizia aholkulari berria Helene Davo da, ETAren bukaera ofizial egiteko ekitaldi hartan estatu kondekorazioa jaso zuen bera. Euskal ordezkaritzak fase berri batera pasatzeko nahia agertu du, “non koadro juridikoa bake prozesurantz eramanen dugun”.♦
Aire izatea
Hegaldatu nahi dudan aldiro,
maite nautela esan
eta beren beldurrekin
lotzen nautenen hedeak askatu behar ditut.
Gehienez ere, uso mezulari nahi naute,
joan eta etorrikoa,
baina nik aire izatea dut amets.
Begoña Abad
Itzulpena: Fernando Rey
Irudia: Kelly Sikkema
Hegaldatu
Mozkortzen ahalko nintzen
antsiolitiko indartsuekin
edo vodka merkearekin.
Kokainaren menpeko bihurtzen ahalko nintzen,
telenobelena
edo txokolatearena.
Zure absentzien adikzioa garatzen ahalko nuen,
zure ezinikusiarena,
zure oinazearena,
zure kontraesanen zerrendarena,
baina nahiago izan nuen jakin
zer ote ziren bizkarrean
jaiotzen ari zitzaizkidan bi kozkorrak,
eta, orduan, hegaldatu.
Begoña Abad
Itzulpena: Fernanado Rey
Irudia: Tatsiana Dubinskaya
Nire ahoa zure bularretan barna
Nire ahoa zure bularretan barna
neguko arratsalde labur grisean
delikatuak gara ohe honetan
eta ukitzen dugu elkar hain poz beroz, liluratzeraino
gogor eta delikatu, biribilean jarduten dugu
elkarren inguruan eguneko kandela erretzen zaigu
bere argi bereziarekin eta elurra
hasten badu kanpoan adarrak estali arte
eta etortzen bada gaua abisatu gabe
hor daude neguaren plazerak
bat-bateko, basa eta delikatu zure hatzak
zehatz nire mihia zehatz une berean
txantxa bati barrezka geldituz
nire amodioa zure urrinean bero, neguaren gailurrean
Adrienne Rich
Itzulpena: Maialen Berasategi
Irudia: Filip Gielda
Ibon Etxezarretaren gogoeta
Joan den astean estreinatu zuten Zubiak dokumentala, Donostiako Zinemaldian, Juan Mari Jauregiren alargun Maixabel Lasaren eta Langraiz bideko euskal preso Ibon Etxezarretaren aurrez aurreko elkarrizketa filma —dena hori ez den arren—. Etxezarretak esaten du sentitzen duela Jauregiren-eta hilketetan parte hartzea, indarkeriaren erabilera kritikatzen du, ETAren biktimekin abiatutako prozesua estimatzen du, eta euskal presoen urruntzeaz eta Euskal Herriratzeaz egiten du gogoeta bat; hauxe (euskarara itzulia): “Huelvako kartzelan zaude, edo Badajozen —han egon nintzen ni—, eta kezka hauek dituzu eta pentsatzen duzu gustatuko litzaizukeela parte hartzea, baina nola egiten duzu? Hemen bazegoen diferentzi bat, niretzat oso garrantzitsua zena: Langraizera etorri ginenean, jartzen zenuen irratia, eta Euskadi Irratia genuen —Euskaditik kanpo ezin zen entzun—; jarri telebista, eta ETB genuen; egunkari gehiago genituen, irrati kate gehiago, eta hemengo gaiez hitz egiten zen. Zu mila aldiz entzun izan zaitut; Badajozen egon izan banintz, sekula ez zintudan adituko. Esaten dudanean sakabanaketak ez duela inolako zentzu positiborik presoen eboluzioan, horretaz ari naiz. Guk hemen bagenekien Euskadin zer gertatzen ari zen”.♦
(irudian, Ibon Etxezarreta eta Maixabel Lasa, Zubiak filman, Legorretako elkarte gastronomiko batean)
Euskal presoak, auzi politikoa
BERRIAko analisiaren (2019-9-25) laburpena: Baldintzak egon badaude Madrilek (ere) espetxe politika aldatzeko. Baina gordina da egoera. Hegoaldean ez da nahikoa artikulazio eratu eta ez da aski presio egin, eta Sanchezen gobernuak ez du eman zezakeena eman. Urriaren 20an zortzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela, eta, Espainiako Estatuan bederen, oraindik ez da ikusten espetxeetako tunelaren bukaeraren argirik. Presoen ibilbide juridikoan insistitzen segituz, fokua non jarri? Non egin indarra? Nola? Oraindik bi estatuetan guztira 256 euskal preso daudela, ulergaitza da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, urte politiko berriari buruzko hitzaldian, “Herrialdearen hiru erronka nagusien” artean ez aipatzea bakegintza eta elkarbizitza —”demografia, klima aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa” planteatu zituen—. Bestetik, harrigarria da duela urte bat eta piko Orain Presoak dinamika sozial eta askotarikoa sortu, baina azkenean ikustea jarraipenik gabeko beste esperimentu bat izan dela. Ez dirudite hauek frankismoaren diktaduraren osteko garaiak amnistia eskatu eta erdiesteko, baina bai aldarrikapen politiko-demokratiko gutxi eta zehatzen inguruan indar metaketa plural baten bila joateko —batasun erabatekoaren zain egoteke, ez baitago halakorik—, dinamika nazionala eta lokala sortuz —47ak Herrian bezala—. Irudipen bat bada gaur egun euskal presoen auzi politiko honetan diskurtso tekniko-juridikoa gailendu egiten dela eta ez duela behar adinako irismen soziala. Euskal presoak ari dira mugitzen —agian, behar da malgutasun handiagoa—, baina, auziaren bukaeraren hasiera ereiteko, garrantzitsua da afera hau, kolektibo haren borroka zena, borroka kolektibo bilakatzea.♦
Eskubia hor dago, orain ernai dago
Gaur gauerdian bukatuko da Espainiako Estatuko legealdia, bihar desegingo dituzte Gorteak, eta bihar bertan deituko, haien agerkari ofizialean, datorren azaroaren 10eko Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Eta estatuko eskubia hor dago, orain ernai dago, bozetan jarria dauka konpainia… Badu masa elektorala, 10,5 milioi boto-emaileko oinarria —behean, azken bi hamarkadetako lau erreferentzia—; eta badu —eta hau inportantea da— berriz ere Moncloara iristeko itxaropena. Egingo dituzte aurrez eta ondoren —balizko aukera baliatzeko— batzeko saioak.
Zeruaren ederra
Jon Barberena in memoriam
Alka-belarra hazten den tokitik idazten dizut.
Gezurretan ari naiz dena bukatu dela esaten badizut.
Min bat behar dudala zuregana itzultzeko.
Ez dudala neurririk ematen zure irribarrea gordetzeko.
Zure izanak beste indar duela nire etsiak.
Ez zaitudala zure mezuetan bilatuko.
Euri handiaren esperoan nago,
euriak hartuko baititu
idatzi gabeko hitzak.
Damurik gabe maite duen jendea gara.
Lainoen igarobidea nola,
guk beste inork ez daki
non ditugun orbanak.
Baina inoiz ez gaitu lotsarazi maite genituenei
behar genituela idazteak.
Dena galera denean,
zainak urratzen dizkigutenean,
edo irauli,
zerk garamatza irautera,
zerk lotzen gaitu lurrera.
Ez dauka izenik,
baina eman egin behar zaio.
Belar luzearen gainean etzanda idazten dizut,
eta kontatu nahi dizut
zuk ongi argi badakizun zerbait:
bizitzea hauskorra dela,
geronek bakarrik sumatzen dugun herrenarekin
ibiliko garela aurrerantzean.
Denbora esaten diogu,
baina guztiz izateari utzi ez diotenak dira
gure arrangura arintzen dutenak.
Gauzek poliki aldatzen jarraituko dute,
urtaroak etenik gabe joango dira bata bestearen atzetik,
belarra isilean haziko da.
Neurria hartuko diogu gure bakardadeari.
Baina gure maitetasuna hodeirik garaienetan gordeko da.
Berariaz dago zerua gugandik hain urrun.
Gu iristen ez garen lekuetara ailegatuko dira txorien hegaldiak.
Castillo Suárez
Irudia: Elurre Iriarte
Olaso Dorreko mahaia
Arnaldo Otegi ere izan da gaur, Bergaran, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaren aurkezpen ekitaldian, Olaso Dorrean, eta eraikinaren bisita gidatuan bere inguruan zituen batzuei aipatu die halako mahaitan aurkeztu zuela ezker abertzaleak 2003an Bergarako proposamena (mahaia behean, gaur ateratako irudian). “Espainiako hauteskundeetan Euskal Herriarentzat autodeterminazio eskubidearen alde kandidatura bakarra” osatzeko proposamena izan zen. Abenduaren 16an aurkeztu zuten, eta mahaiaren atzean ziren, lehen lerroan, Jon Idigoras, Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro, Arantxa Arruti; haien gibelean, Koldo Ormaetxea, Pernando Barrena, Emilie Laplazette eta Xabi Larralde. Handik hiru hilabetera tokatzen ziren Gorteetarako bozak. Ezker abertzalea ordurako hasia zen Jesus Egigurenekin-eta euskal gatazkaren konponbiderako bide berri bat urratzen, baina egoera zail batean ere bazen, legez kanporatzeagatik. Autodeterminazioa Madrilekin negoziatuko lukeen ordezkaritzaren aldeko proposamenak ez zuen irten aurrera. EAJk ez zuen ikusten. Olaso Dorreko 2003ko hitzordu hartan Otegirekin-eta hedabideak zeuden. Gaur, Andoni Ortuzar ere bazegoen han. Tankerako hautagaitza bat proposatzeko baldintzarik ez, ordea, gaur-gaurkoz.♦