Erditik aurrera irakurtzen hasitako
liburu bat bezala ezagutu nahi zintuzket
lehen erdiko orriak bilatu
edo zeuk azaldu
basa artean edo sasitzan aurkitu
eta falta diren pasarteak asmatu
edo beste aldaera batean esan
Erditik aurrera irakurtzen hasitako
liburu bat bezala ezagutu nahi zintuzket
lehen erdiko orriak bilatu
edo zeuk azaldu
basa artean edo sasitzan aurkitu
eta falta diren pasarteak asmatu
edo beste aldaera batean esan
Badakit zenbat kanta dauden
nire ohetik zureraino.
Zure logelan geratzen zaidan denbora
besterik ez naiz.
Siamdarrak gara lo hartzen dugunean.
Elkarri azala urratuko diogu egunen batean,
baina,
bitartean,
beldur berberak arnasten ditugu.
Ez da izanen
jada ez
ez gara elkarrekin biziko
ez dut zure umea heziko
ez zure arropa josiko
ez zaitut gauez izanen
ez dizut musu emanen ni joatean
ez duzu inoiz jakinen nor nintzen
zergatik maitatu ninduten beste batzuek.
Ez dut sekula jakinen
zergatik ez nola inoiz ez
ez egiazkoa ote zen
hala zela esan zenuen hura
ez nor izan zinen
ez ni zer zuretzat
ez nola izanen zen
elkarrekin bizitzea
elkar maitatzea
elkarri itxoitea
egotea.
Jada ez naiz ni besterik
betiko eta zu
jada
ez zara niretzat izanen
zu baizik. Jada ez zaude
etorkizun batean
ez dut jakinen non bizi zaren
ez norekin
ez oroitzen ote zaren ere.
Ez nauzu inoiz besarkatuko
gau hartan bezala
inoiz ez.
Ez zaitut ukituko atzera.
Ez zaitut ikusiko hiltzen.
Duela lau urte, Hegoaldeko 10.000 biztanletik gorako 56 udalerrietatik 45etan zeuden talde abertzaleak alkatetzan. Orain, bost gutxiagotan. Ikusi konparazioa BERRIAko bi mapetan. Aipatzeko bi aldaketa daude. Aurrena, nagusia: lehen, UPNk ez zuen alkatetzarik udalerririk handienetan; orain, haren koalizio Navarra Sumak sei ditu —Iruñekoa, Tuterakoa, Barañaingoa, Lizarrakoa, Burlatakoa eita Eguesibarkoa—. Beste aldaketa: EAJk EAEn sei alkatetza galdu ditu, eta seietan EH Bildu jarri da; dena dela, EAJk 24 alkatetza ditu erkidegoan, eta EH Bilduk, 11. 56 udalerri horietan bizi dira Hegoaldeko herritarren %66.
2015
2019
BERRIAko analisiaren (2019-6-16) laburpena: Garden geratu da Hego Euskal Herriko norabide instituzionala, klarki ulertzen da: Nafarroan erregimena, EAEn EAJ-PSE. Alkateen inbestidura saioetan ikusi da bestelako kolorerik —batik bat, EH Bildurena, alkatetza ugari baitu; batzuk, udalerri handi samarretan—, baina norabideak zaharra du berri. Iruñean, Lizarran, Burlatan edota Barañainen, gobernu progresistarik ez; Sartagudako kasua, ankerra. Erregimenaren garaira itzuli nahi izan du PSNk, erreparorik gabe. (…) EBBk ez du jite horretako [EAJ-EH Bildu EAEn] gobernurik nahi, eta ez du gura, aldez edo moldez, herritarrek EH Bildu gobernu talde modura ikusterik. EAEko zirkulua ixtera doa EAJ hurrengo hauteskundeekin. Hegoaldeko politikan, azken urteetan nagusi izan dira instituzioetako jarduera —Nafarroan bazukeen esplikaziorik— eta demokratizazioa. Protagonismo handiegia bereganatu dute talde politikoek —eta, aldika, itxurakoa Gure Esku-k—, eta nahikoa alboan utzi dira nazio eraikuntza eta kohesioa. Beti dago premia hor, eta kontzientzia nazionala apalduz doa —zientoka adibideetako bat, atzo; EITBk: “251 euskal udal eratuko dira”—.♦
Iraganik gabeko jendea maitatzea posible balitz bezala.
Joseba Otondo, Joanmari Larrarte eta Miren Agur Meaberendako.
Badakit zeintzuk diren arrastoak uzten dizkidaten gauzak.
Batzuetan esan gabeko hitzak dira.
Besteetan telefono deiak desorduetan.
Elurteak.
Zauriak seinalatzen dizkidatenak.
Ez dakit ze arrasto uzten dudan besteengan
beti nabilelako hautatzen nire begiraden esanahia.
Arrangura ezkutatzeko begiak dira nireak,
ezin asmatuzko kolore batekoak.
Zer garen.
Zer izan gintezkeen.
Zer izango garen.
Nik ez dakit
horri buruz zer esan.
Baina badakit ederra dela bakardadea zuekin,
motz jandako larrea dela gurea,
hemen geratuko nintzatekeela, ahal izatera.
Ez naiz isiltasunean hondoratzen den horietakoa,
baina hitzen bila abiatu beharko nuke,
fereken bila, gorputzik banu,
belagaietara itzuli.
Neurria hartu bilatzen dudanari,
eta, hain zuzen, hori eskaini zuei.
Maitasuna da ezkutatu ezin daitekeen gauza bakarra.
Beti egon da hor.
Beti egonen da hor.
Dena galdutzat emanen dugunean ere.
Ihes egiteko era guztien artean,
gutako bakoitzak aukeratua du berea,
eta zuk zeurea.
Oharkabe, erabaki duzu bizitzeran gorritik metro bat atzera bizitzea,
bidean seinaleak: zaindu segurtasun tartea.
Badakizu, garrantzirik ez duten gauzen artean,
garrantzi gehien dutenak,
bihurtzen dituzula garrantzizkoenak,
Eta trenak euri tanten kontra lehertzen hasten direnean,
Hutsuneak azpimarratuz
Zeure burua ikusten duzu kotxeen argien itzal bustian
Telefonoz deitzen duen
animalia izu eta hipokondriakoa
Eta tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen
ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak,
konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak,
zure melankoli burgesa bezatzen dutenak
dena duzu
dena duzu galtzeko
dena duzu galtzeko beldurra
Ez daukagunaren hutsunea lagun benetakoek betetzen dute. Umetan, kaligrafia-atazetan marra etenak birpasatu ahala ikurrek zentzua hartzen zutenean bezala, hautematen ari naiz bakardadearen eitea: zehatza eta garbia da, egiaren ordu ankerraren oskola eta askatasunaren plazenta.
Sarritan eguzkitan ere
itsasertzetik pasieran
udako egunik erraz eta argienetan
pentsamendu ilunak darabiltza
gogoan ibiltariak
goragalea soseguaren ordez
esker txarreko amorrua
etsaien kontra
lagunen kontra
hurkoen kontra
sasoiz kanpoko kolera
egun ezin urdinagoetan
eta bakea soilik zeruertzean dago
eta higatzen edo harrapatzen
ez diren gauzen artean:
airean, zerruan, argian,
kalatxorien eta aparraren
eta seme-alaben irultza eroan
bizitzaren alde
izatearen alde
iraun behar duenaren alde.