Nafarroa eta beste

BERRIAko analisiaren (2019-5-29) laburpena: Nafarroan dago foku nazionala. Talde abertzaleek indar instituzional txikiagoa izango dute agintaldi honetan. Baina politikan garrantzitsua da belaunaldika ere aztertzea gauzak, eta, abertzaleak baino ez dira igo azkeneko hogei urteetan: 11 puntu, 46.000 boto. Bilakaera hori ikusita, larritu egin zen UPN, eta horregatik eratu du Navarra Suma koalizioa. Itunen eta akordioen garaia dator Nafarroan orain. Ikusita PSN alderdi gisa, lider aldetik eta elektoralki (1999an —Moncloan PP zegoen— %20 zeukan, eta orain ere —Sanchez efektu eta guzti—, %20) ez dagoela etxafuegoak botatzeko moduan, eta UPNri beste lau urteko aroa gogorra egin ahal zaiola —gainera, Ciudadanosen eta bien arteko ikuspegi forala ez da bera, eta denborarekin kontraesanak sor daitezke—, abertzaleek badute joko taktikorako eta estrategikorako aukerarik: ez eman eskuinari gobernurik; sustatu Navarra Sumaren krisia; instituzioetan PSNren bidelagun izanik —Geroa Bai soilik?— eta zenbait kasutan bestelako harreman bat bilatuz, alkatetza batzuei eutsi, politika eta balio batzuk bermatu, ahalbidetu zenbait aurrerapauso… Uneotan erritmoa ez da arazoa, norabidea egokia bada, eta azken urteetako norabidea ez iraultzeko aukera badago. Betiere Nafarroakoa ez bada Madrilen erabakitzen.♦

Hauteskunde kanpainak

 

Lotarako etzaten naizenean urek presatik behera egiten dituzten jauziak entzuten ditut. Batzuetan ni ere jartzen naiz leihoan, eta errekari begira egoten gara. Zure kamiseta daramat jantzita. Lepoan musu eman dizudanean ez duzu begirada aldatu, baina ez nau etsiak hartu. Nahi dudalako nago hemen.

 

Promesarik ezean, min eman eta min hartzeko egunak dira niretako hauteskunde kanpainak.

 

Castillo Suárez
Irudia: Flavio Gasperini

Bideak

BERRIAko analisiaren (2019-5-25) laburpena: PSEk nahiko luke itun instituzionala gehiago zabaltzea, Denis Itxasoren hitzei erreparatuz gero: “Iruditzen bazaigu agenda sozialdemokrata Gipuzkoan ahalik eta toki gehienetan bete behar dela, hori modu koherentean eraman behar dugu EAJk eta guk, zenbakiek emanez gero, eta hor ere bi norabideetan gauzatu”. Ulertu ahal da: EH Bilduk gehiengo osoa ez duen kasuetan, haiek alkatetza hartu, ahal badute. Abertzaletasuneko bi familien artean tentsio handiko garaiaz barruntatzen dira; ohi bezala. (…) Hauteskunde lokalak eta foralak dira biharkoak; halakoetan (ere) pisu handia dute gai sozialek eta azpiegiturek, baina, hala ere, indar abertzaleek ez dute kasik azpimarratu herri euskaldun bat lortzen joateko ildorik, eta ez dute indar bat egin euskal nazioko udalerrien joskurarako planteamenduetan. Baina ez gaude Murtzian. Telesforo Monzonek 1976an, Zeruko Argia-n: “Ni ez nabil teoria batentzat herri baten bila. Herri batentzat bide baten bila nabil ni”.♦

Herri urratsak

BERRIAko analisia (2019-5-15): Lehengo igandean, Herri Urratsen, Ipar Euskal Herriko ikastoletako guraso batekin hizketan, eta eskertua zen Azpeitiko Udalak hiru mila euroko laguntza eman berri diolako Seaskari. Hura omen da diru laguntzarik handiena ematen duen udala. Talde abertzaleak (EAJ, EH Bildu eta Geroa Bai) Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 240 alkatetzatan izan dira legealdi honetan, Azpeitikoan (EH Bildu) barne. PSE/PSN, PP eta UPNk 54 alkatetza izan dituzte. Bazterkerian erortzeke, handia da aldea herri urratsetarako. Gainera, eta sos kontuez ari garela, Hegoaldeko hamar mila biztanletik gorako 56 udalerrietako 45 alkatetzatan izan dira talde abertzaleak. Bi bloke identitario dira, baina bloke abertzalean ez daude bat eginda nazio estrategian, Nafarroako legealdi honetako kasua salbuets daitekeen arren. Oinarrizko irizpide nazionaletan ere ez dute bateratasunik. Adibidez, indar abertzaleek ez daukate irizpide jakin bat 240 udal horiek Seaskari edo nazio eraikuntzan eta nazioa josten diharduten beste eragile batzuei diru laguntza emateari buruz —batzuek ematen dute; askok ez—, eta, ematekotan, zenbat emateko. Gainera, talde abertzale bakoitzean ere ez daude irizpide bateratuak. Ataungoa da 240 udal horietako bat, eta orain hango alkategaietakoa da Xabier Barandiaran (EAJ), Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburua. “Hauteskundeak hauteskunde, herri estrategia bat lantzea ezinbestekoa dirudi datorrenaren aurrean”, idatzi zuen azken Aberri Egunean. 1998koa da eredu bat, Lizarra-Garazirena: eliteen artekoa, ustekabean aurkeztua herriari. Behetik gorakoa da beste formula bat; langai dago, eta, herri estrategia osatuz joateko, eskatzen du norabide nazionalean doan neurri sorta bateratua gauzatuz joatea ere.♦

ETAren “azken idazkia”

Iazko maiatzaren 3koa da ETAren desegitearen adierazpena, gaur urtebetekoa, baina bada ETAren beraren data bereko beste dokumentu bat, orain arte publiko egin gabea: bere kideei helarazi ziena Zuzendaritza Batzordeak, erakundearen (1958-2018) azkeneko dokumentu moduan, erakundearen desegitea zela-eta “kidegoak merezi duen errekonozimendua” azaltzeko. “Milaka euskal herritarrek sentitzen duten behar bera sentitu dugu, eta horregatik ETAren zigilua erabiliko dugu azken aldiz; hain zuzen ere, gutun hau egiteko. Hauxe da Erakundearen izenean idatziko den azken idazkia, militantziari zuzendua”. Behekoa da idazki horixe, eta BERRIAk argitaratu du aurreneko aldiz. (Desegite fasearen berrosaketa kronika ere argitaratu dugu).♦

Desberdintasuna

 

Desberdintasunaz ohartzen gara lehendabizikoz.

Lore hau ez da ni bezalakoa. Elikatzen duen hanka bakar baten gainean bizi da.

Nik bi ditut eta urrats bakoitzean

lurretik erauzten naute.

 

Natalia Litvinova
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Anajoxe Errondosoro

Prozesionaria habia bat

 

Maite zaitut

ez duzulako nire iragana ezagutzen,

ez duzulako nire orainaz jakin nahi

eta ez zarelako nire etorkizunean egongo.

Izan ere, zure adinarekin

inork ez du bihotza osorik gordetzen,

eta nirearekin badakit

sexuak beti eramaten gaituela

okerreko tokietara.

Pinu beltzak dituzu begien hondoan;

nik prozesionaria habia bat umetokian.

 

Castillo Suárez
Irudia: Koldo Torrea

Ahaztura

 

Negarrarekin joko dut ura.

Pausoarekin joko dut lurra.

Arnasarekin joko dut airea.

Trapu zahar bat legez,

hartuko dut zure izena,

ertz batetik,

eta betiko astinduko dut

memoriaren hautsa.

 

Miren Agur Meabe
Irudia: Kinga Cichewicz

Arrotza

 

Botak bustita etxera bueltan

zu ez zaren norbaitekin.

Zu ez zarela badakien norbaitekin.

Jaio nintzen: ez naiz ugalduko.

Ez dut lurrik ez aziendarik.

Ez dakizkit sarrera hitzaldiak baizik;

nahikoa jakiteko

maitemintzea beti dela aukerarik makurrena.

Arrotza zara

nire barrenetik ateratzen zarenean.

 

Castillo Suárez
Irudia: Ibai Arrieta