enekoitz esnaola
Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. ANALISIA

Nafarroa eta beste

2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Nafarroan dago foku nazionala, euskal talde politiko nagusietako eledun batzuen diskurtsoetan alderdi emaitzak nabarmendu dituzten arren.

Perspektiba

Nafarroan talde abertzaleek indar instituzional txikiagoa izango dute agintaldi honetan, nahiz eta duela lau urte baino boto gehiago dituzten. Foru bozetan, Geroa Baik eta EH Bilduk bien artean zazpi mila boto gehiago jaso dituzte, eta ia 110.000 bototan dira; batezbestekoan, bi puntu egin dute gora, eta %32an daude. 17 parlamentari, 2015ean bezala. Politikan garrantzitsua da belaunaldika ere aztertzea gauzak, eta, duela hogei urte, Lizarra-Garazi garaian, EHk eta EA-EAJk Nafarroako Parlamenturako bozetan 63.000 boto jaso zituzten, %21,11 aulki. Nabarmena da bi hamarkadetako hazkundea. 1979tik 1999ra gertatu ez zena: orain berrogei urte, %23ko sostengua zuten HBk eta askotariko bi hautagaitza abertzalek.

Nafarroan 2007an jo zuten lehen kolpe handia, NaBaik 78.000 boto eta 12 aulki eskuratuta —eta ANV legez kanporatuak 18.000 baliogabe zenbatu zituen—. Eskuin konstituzionalistak gehiengo osoa galdu zuen parlamentuan eta Iruñean. 2011n bide bertsuan jarraitu zen: NaBaik eta Bilduk 92.000 boz eta 15 aulki. Zortzi urtera, igoera bi legebiltzarkidekoa da, baina ia 20.000 botorena.

Bilakaera hori ikusita, eta ezkertiarren diren talde estatalen duela lau urteko hautua ere bistan zela, larritu egin zen UPN, eta horregatik eratu du PPrekin eta Ciudadanosekin Navarra Suma koalizioa. ETArik gabe jada, haien etsai, abertzaleak —hau da, funtsean, beti bezala—. Baturak funtzionatu die: 19 parlamentari eskuratu ditu Navarra Sumak (lehendik, +2)—eta 20.a ere izan dezake, gaurko azken zenbaketen arabera—, eta 13 hautetsi Iruñean (+3). Baina txarra ez berriro atzera begiratzea. 1999an, UPNk eta CDNk 146.000 boto bildu zituzten foru hauteskundeetan, %49, eta 25 aulki. Joan den igandean, Navarra Sumak 124.000 boto —1999tik parte hartzea sei puntu igo den arren—, eta %36ko sostengua.

Indar estatalekin segituz eta emaitzak berriro perspektiba batekin behatuz, PSNk 1999an—Moncloan PP zegoen— %20 zeukan, eta orain ere —Sanchez efektu eta guzti—, %20. PSNk Nafarroan sabaia hori lukeela ematen du. Bestetik, IUk duela hogei urte %7 zeukan, eta orain Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ere, biek batera —baina batera aurkezteke—, %7.

Ondorioa: abertzaleak baino ez dira igo azkeneko hogei urteetan.

PSNrekin orain

Itunen eta akordioen garaia dator Nafarroan orain, eta Navarra Sumak instituzio nagusietatik kanpo geratzeko arriskua dauka. 2015ean abertzaleek eta Ahal Dugu/Ezkerrak utzi zuten UPN kanpoan. Orain PSN batu daiteke jokaldira; kargu handiak izanik, gobernuko lehendakaritza tarteko.

Ikusita PSN alderdi gisa, lider aldetik eta elektoralki ez dagoela etxafuegoak botatzeko moduan, eta UPNri beste lau urteko aroa gogorra egin ahal zaiola —gainera, Ciudadanosen eta bien arteko ikuspegi forala ez da bera, eta denborarekin kontraesanak sor daitezke—, abertzaleek badute joko taktikorako eta estrategikorako aukerarik: ez eman eskuinari gobernurik; sustatu Navarra Sumaren krisia; instituzioetan PSNren bidelagun izanik —Geroa Bai soilik?— eta zenbait kasutan bestelako harreman bat bilatuz, alkatetza batzuei eutsi, politika eta balio batzuk bermatu, ahalbidetu zenbait aurrerapauso...

Uneotan erritmoa ez da arazoa, norabidea egokia bada, eta azken urteetako norabidea ez iraultzeko aukera badago. Betiere Nafarroakoa ez bada Madrilen erabakitzen. Arriskua dago estatuko hiri eta erkidegoetako negoziazioetan PSOEk Ciudadanosengana jotzeko, eta, beraz, honek Nafarroa mahai gainean jartzeko, baldintza batekin: Navarra Suma-PSN ituna.

EAJ: zentralitatea

Partidarik ez dagoen eremua EAE da. Joseba Egibarrek esan du Nafarroakoak zerikusirik izan dezakeela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tokiko gobernu nagusien eraketan, esanez bezala PSNk ez badu Geroa Bairen eskaintza onartzen eta ez baditu Navarra Sumarik gabeko gobernuak ahalbidetzen, ikusi beharko dela EAJk—orain daukan indarrarekin, gainera— PSErengana jotzen duen EAEn. Baina Eusko Legebiltzarra ere sartzen da taula instituzionalean, eta, igandeko foru emaitzak estrapolatuz gero, ikusten da EAJk eta PSEk gehiengo osoa luketela, 37tik 43ra pasatuta, eta egonkortasun hori gustura hartuko luke Iñigo Urkulluk. Hipotesi bat da bozen aurrerapenarena.

Oraingoz, errealitatea da EAJk nagusitasun handia duela Euskal Herriaren mendebaldean. Bere zatiketa aurreko zenbakietara heldu da. 1983ko foru bozetan, esaterako, botoen %39 lortu zuen, eta orain ere bai; 434.000 boto. Handik eta hemendik biltzen ditu bozak, beste inork ez bezala. Badira adibideak. Bizkaiko Ezkerraldean belaunaldi berriak haren alde ari dira bozkatzen: adibidez, hartu Barakaldo, Santurtzi, Sestao eta Portugaleteko 1999ko udal hauteskundeak eta joan den igandekoak, eta EAJ hogei urtean 29.000 botoetatik 41.000ra pasatu da, eta, 1999an eremu hartan PSEk bazuen botere instituzionala, orain EAJk du. Edo hartu esparru euskaldun eta abertzaleago bat: Donostia. 28 urtean alkate jeltzalerik gabe egon ostean, 2015ean agintera Eneko Goia (EAJ); eta, igandean, Ramon Labaien alderdikideak 1983an harrapatutako topera heldu zen: botoen %35 eta 10 hautetsi izatera. Edo hartu Gipuzkoa: 2011n, Bilduk kolpea jo zuenean, EAJk foru bozetan 80.000 boto jaso zituen, eta, igandean, 50.000 gehiago, 11 puntu hazita —ordutik gehien hazi den herrialdea da; Bizkaian eta Araban bosna puntu egin du gora—. 2011n bertan EAJ Donostian %18an zegoen. Bilbon Iñaki Azkuna zena omen zen, boto-jasotzaile latza. Hala da: 2011n, %45, eta 15 hautetsi; gehiengo osoa. Ordea, Juan Mari Aburtok orain: %42, eta 14 hautetsi; gehiengo osoa aulki batera. EAJ da, ez hau edo hura. Gasteizen ere lortu du lehen indarra izatea, eta Araban aldea handitu egin du: 2015ean PPk jaso zuen boto gehien, baina EAJk batzarkide bat gehiago eskuratu zuen, eta oraingoan EAJk bigarren indarrari —EH Bilduri— 14.000 botoren eta 5 batzarkideren aldea atera dio.

Zentralitatea dauka EAJk.

EH Bildu: munizipalismoa

Boto aldetik, oso emaitza onak izan ditu EH Bilduk: Hegoaldean foru bozetan, 316.000 boto, udalekoetan 347.000. Kualitatiboki, apalagoak. Udal batzuk berreskuratuko ditu; handiena, Bergarakoa (14.600 biztanle). Eta, agian, talde batzuen babesa jasoz, lehenengo aldiz Durangokoa (29.600) eta Galdakaokoa (29.300). Baina Iruñekoa galtzear dauka, eta beste batzuetakoa ere bai Nafarroan.

Bilbo aldean zuloa du. Baina haren arazoa ez da hautagai bat edo bestea ateratzea, eta gabezia ez du oraingoa. Atzera joz, berriz, eta 1983ko, 1999ko eta azken udal emaitzei so eginez, Bilbo, Getxo, Barakaldo, Santurtzi, Sestao, Portugalete eta Basauri bezalako udalerri handiak hartuz, han %9 eta %14 artean ibili da —salbu Santurtzin orain: %17,9—. EAE mailan EAJren alternatiba izaten hasteko, Bilboaldean modu berritzaileen beharrean da, udal hauteskundeetan bada ere: aliantzak...

Bestetik, ikusten da herritarrek nahiago dutela EH Bildu herrietan, herrialdeetan baino: EAEn udaleko bozetan 13.000 boto gehiago jaso ditu forukoetan baino, eta Nafarroan 18.000 gehiago. EAJk, aldiz, boz gehiago batu ditu forukoetan: 26.000 gehiago. EH Bilduk baditu EAJren eta PSEren udal hegemoniak hautsi dituzten udalerri koskor samarrak —biztanleria aldetik, Errenteria batez ere, Azpeitia, Oñati eta, hein txikiagoan, Larrabetzu—, eta munizipalismoan baluke balioen, politiken eta hautagaien proiekziorako euskarri erreferentzial bat eratzeko materialik —ez nahastu Udalbiltzarekin—. Esaterako, aitzindaritza funtzioa betetzeko, Julen Mendozak Errenterian azken zortzi urteetan bete duen bezala elkarbizitzan eta udal aliantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.