BERRIAko analisiaren (2019-12-3) laburpena: Berriz ere Espainiako Estatuko epaitegietan da Bateragune auzia. Oraingoan otzanago legoke Madril, Europaren kaskarrekoa hartuta. Auzitegi Nazionalak 2011n zigor epaia eman zuen; Gorenak 2012an berretsi egin zuen, kartzela urteak zerbait murriztuta —inhabilitazioak ez—, eta Konstituzionalak 2014an Gorenarena baleko jo zuen. Baina duela urtebete bat Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen auzipetuek ez zutela epaiketa justua eduki, epaimahaia partzialtzat jo baitzuen, eta defentsak, hala eskatuta, orain aste batzuk Gorenaren baimena jaso zuen 2012ko epaiaren berraztertze helegitea aurkezteko. Aurkeztu du. Asko dago jokoan; batik bat, politikoki, sinesgarritasun eta kontakizun aldetik. Ezker abertzalean estrategiaren eztabaida ofizialki hastear zirela egin zuen Madrilek Bateraguneko operazio polizial, juridiko eta politikoa. Denborak erakutsi du Otegiren-eta apustua atera dela aurrera: ETAren jardun armatuaren bukaera, 2011n —eta, gero, haren armagabetzea eta desegitea—. Madrilek ezker abertzalearen estrategia aldaketaren prozesu hura zapuztu nahi izan zuen; edo, gutxienik, kolpatu, trabatu. Hipotesi bat da estatu aparatu batzuei ez zitzaiela interesatzen ETA paretik kentzea erabat. Beste hipotesi bat da estatuak, besterik gabe, urteetako jardunaren faktura pasatu ziela Otegiri eta besteei. Orain, Bateragune auzian, ezker abertzalea bera dago estatuari faktura pasatzeko moduan.♦
Category Archives: BERRIAko analisiak
BERRIAko analisiak
Lehentasuna
BERRIAko analisia (2019-11-5): Espainiako Erresumako lurralde politikaz —erran nahi baita, lurralde auziaz— PSOEk lehen ere ez zeukan sinesgarritasunik —badirudi Loiolakoa ameskeria izan zitekeela—, baina aurreko astean gertatu zena esperpentikoa izan zen: boz kanpaina hasi bezperan, PSOEren gobernu programan ez zetorren ezer berak 2017an onartutako estatuaren nazio aniztasunaz, eta ez zetorren deus berak 2013an konstituzioaren erreforma federalaren proposamenaz ebatzitakoaz; PSC kexatu egin zitzaion, eta Pedro Sanchezek azkenean sartu ditu bi asmo horiek, esanez kanpaina bezperako dokumentua zirriborro bat zela. Ikusten da PSOEk zer garrantzia ematen dien nazio aniztasunari eta federalismoari: estatua krisi betean dela, supituki erabaki du halako auzi garrantzitsu bat gobernu programan sartu ala ez, eta, kanpaina hastear zela, PSOEren hautagaitzan PSC bezalako egitura batek ez zekien ea nagusiak programan sartuko zituen bi asmoak. Sanchezek Moncloan jarraitu ahal izateko euskal eta katalan diputatu subiranisten abstentzio baldintzatua edo babesa beharko balitu ere, ez dirudi PSOErekin inolako zereginik dagoenik nazio aitortzari eta eskubideei begira. “Autodeterminazioa” da Llotja de Marreko adierazpeneko aurreneko puntua; hor datza subiranisten ipar edo hodeiertz nazional eta politiko askea, baina, gaur-gaurkoz, katalanek eginkizun dute, 2017ko urriaren 1ean oinarrituta, proces-a berreraikitzea, eta euskaldunek, prozesu baten hasiera hezurmamitzea. Bitartean, Llotja de Marreko adierazpenean lehentasuna hirugarren puntuak luke: “Preso politikoen askatasuna eta eta erbesteratuen itzulera”. Autonomia zulatu bat kudeatzeaz gain, Madrilen jokalekua, egotekotan, kartzela frontean dago. Katalanek beste bateratasun bat daukate hor ere.♦
Euskal presoak, auzi politikoa
BERRIAko analisiaren (2019-9-25) laburpena: Baldintzak egon badaude Madrilek (ere) espetxe politika aldatzeko. Baina gordina da egoera. Hegoaldean ez da nahikoa artikulazio eratu eta ez da aski presio egin, eta Sanchezen gobernuak ez du eman zezakeena eman. Urriaren 20an zortzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela, eta, Espainiako Estatuan bederen, oraindik ez da ikusten espetxeetako tunelaren bukaeraren argirik. Presoen ibilbide juridikoan insistitzen segituz, fokua non jarri? Non egin indarra? Nola? Oraindik bi estatuetan guztira 256 euskal preso daudela, ulergaitza da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, urte politiko berriari buruzko hitzaldian, “Herrialdearen hiru erronka nagusien” artean ez aipatzea bakegintza eta elkarbizitza —”demografia, klima aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa” planteatu zituen—. Bestetik, harrigarria da duela urte bat eta piko Orain Presoak dinamika sozial eta askotarikoa sortu, baina azkenean ikustea jarraipenik gabeko beste esperimentu bat izan dela. Ez dirudite hauek frankismoaren diktaduraren osteko garaiak amnistia eskatu eta erdiesteko, baina bai aldarrikapen politiko-demokratiko gutxi eta zehatzen inguruan indar metaketa plural baten bila joateko —batasun erabatekoaren zain egoteke, ez baitago halakorik—, dinamika nazionala eta lokala sortuz —47ak Herrian bezala—. Irudipen bat bada gaur egun euskal presoen auzi politiko honetan diskurtso tekniko-juridikoa gailendu egiten dela eta ez duela behar adinako irismen soziala. Euskal presoak ari dira mugitzen —agian, behar da malgutasun handiagoa—, baina, auziaren bukaeraren hasiera ereiteko, garrantzitsua da afera hau, kolektibo haren borroka zena, borroka kolektibo bilakatzea.♦
Zaharra berri Hegoaldean
BERRIAko analisiaren (2019-6-16) laburpena: Garden geratu da Hego Euskal Herriko norabide instituzionala, klarki ulertzen da: Nafarroan erregimena, EAEn EAJ-PSE. Alkateen inbestidura saioetan ikusi da bestelako kolorerik —batik bat, EH Bildurena, alkatetza ugari baitu; batzuk, udalerri handi samarretan—, baina norabideak zaharra du berri. Iruñean, Lizarran, Burlatan edota Barañainen, gobernu progresistarik ez; Sartagudako kasua, ankerra. Erregimenaren garaira itzuli nahi izan du PSNk, erreparorik gabe. (…) EBBk ez du jite horretako [EAJ-EH Bildu EAEn] gobernurik nahi, eta ez du gura, aldez edo moldez, herritarrek EH Bildu gobernu talde modura ikusterik. EAEko zirkulua ixtera doa EAJ hurrengo hauteskundeekin. Hegoaldeko politikan, azken urteetan nagusi izan dira instituzioetako jarduera —Nafarroan bazukeen esplikaziorik— eta demokratizazioa. Protagonismo handiegia bereganatu dute talde politikoek —eta, aldika, itxurakoa Gure Esku-k—, eta nahikoa alboan utzi dira nazio eraikuntza eta kohesioa. Beti dago premia hor, eta kontzientzia nazionala apalduz doa —zientoka adibideetako bat, atzo; EITBk: “251 euskal udal eratuko dira”—.♦
Nafarroa eta beste
BERRIAko analisiaren (2019-5-29) laburpena: Nafarroan dago foku nazionala. Talde abertzaleek indar instituzional txikiagoa izango dute agintaldi honetan. Baina politikan garrantzitsua da belaunaldika ere aztertzea gauzak, eta, abertzaleak baino ez dira igo azkeneko hogei urteetan: 11 puntu, 46.000 boto. Bilakaera hori ikusita, larritu egin zen UPN, eta horregatik eratu du Navarra Suma koalizioa. Itunen eta akordioen garaia dator Nafarroan orain. Ikusita PSN alderdi gisa, lider aldetik eta elektoralki (1999an —Moncloan PP zegoen— %20 zeukan, eta orain ere —Sanchez efektu eta guzti—, %20) ez dagoela etxafuegoak botatzeko moduan, eta UPNri beste lau urteko aroa gogorra egin ahal zaiola —gainera, Ciudadanosen eta bien arteko ikuspegi forala ez da bera, eta denborarekin kontraesanak sor daitezke—, abertzaleek badute joko taktikorako eta estrategikorako aukerarik: ez eman eskuinari gobernurik; sustatu Navarra Sumaren krisia; instituzioetan PSNren bidelagun izanik —Geroa Bai soilik?— eta zenbait kasutan bestelako harreman bat bilatuz, alkatetza batzuei eutsi, politika eta balio batzuk bermatu, ahalbidetu zenbait aurrerapauso… Uneotan erritmoa ez da arazoa, norabidea egokia bada, eta azken urteetako norabidea ez iraultzeko aukera badago. Betiere Nafarroakoa ez bada Madrilen erabakitzen.♦
Bideak
BERRIAko analisiaren (2019-5-25) laburpena: PSEk nahiko luke itun instituzionala gehiago zabaltzea, Denis Itxasoren hitzei erreparatuz gero: “Iruditzen bazaigu agenda sozialdemokrata Gipuzkoan ahalik eta toki gehienetan bete behar dela, hori modu koherentean eraman behar dugu EAJk eta guk, zenbakiek emanez gero, eta hor ere bi norabideetan gauzatu”. Ulertu ahal da: EH Bilduk gehiengo osoa ez duen kasuetan, haiek alkatetza hartu, ahal badute. Abertzaletasuneko bi familien artean tentsio handiko garaiaz barruntatzen dira; ohi bezala. (…) Hauteskunde lokalak eta foralak dira biharkoak; halakoetan (ere) pisu handia dute gai sozialek eta azpiegiturek, baina, hala ere, indar abertzaleek ez dute kasik azpimarratu herri euskaldun bat lortzen joateko ildorik, eta ez dute indar bat egin euskal nazioko udalerrien joskurarako planteamenduetan. Baina ez gaude Murtzian. Telesforo Monzonek 1976an, Zeruko Argia-n: “Ni ez nabil teoria batentzat herri baten bila. Herri batentzat bide baten bila nabil ni”.♦
Herri urratsak
BERRIAko analisia (2019-5-15): Lehengo igandean, Herri Urratsen, Ipar Euskal Herriko ikastoletako guraso batekin hizketan, eta eskertua zen Azpeitiko Udalak hiru mila euroko laguntza eman berri diolako Seaskari. Hura omen da diru laguntzarik handiena ematen duen udala. Talde abertzaleak (EAJ, EH Bildu eta Geroa Bai) Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 240 alkatetzatan izan dira legealdi honetan, Azpeitikoan (EH Bildu) barne. PSE/PSN, PP eta UPNk 54 alkatetza izan dituzte. Bazterkerian erortzeke, handia da aldea herri urratsetarako. Gainera, eta sos kontuez ari garela, Hegoaldeko hamar mila biztanletik gorako 56 udalerrietako 45 alkatetzatan izan dira talde abertzaleak. Bi bloke identitario dira, baina bloke abertzalean ez daude bat eginda nazio estrategian, Nafarroako legealdi honetako kasua salbuets daitekeen arren. Oinarrizko irizpide nazionaletan ere ez dute bateratasunik. Adibidez, indar abertzaleek ez daukate irizpide jakin bat 240 udal horiek Seaskari edo nazio eraikuntzan eta nazioa josten diharduten beste eragile batzuei diru laguntza emateari buruz —batzuek ematen dute; askok ez—, eta, ematekotan, zenbat emateko. Gainera, talde abertzale bakoitzean ere ez daude irizpide bateratuak. Ataungoa da 240 udal horietako bat, eta orain hango alkategaietakoa da Xabier Barandiaran (EAJ), Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburua. “Hauteskundeak hauteskunde, herri estrategia bat lantzea ezinbestekoa dirudi datorrenaren aurrean”, idatzi zuen azken Aberri Egunean. 1998koa da eredu bat, Lizarra-Garazirena: eliteen artekoa, ustekabean aurkeztua herriari. Behetik gorakoa da beste formula bat; langai dago, eta, herri estrategia osatuz joateko, eskatzen du norabide nazionalean doan neurri sorta bateratua gauzatuz joatea ere.♦
Presoak, balantzea
BERRIAko analisiaren (2019-2-23) laburpena: PSOEren gobernu batek hasi zuen urruntze politika, 1989an, eta PSOEren beraren gobernu honek zeukan orain politika hori bukatzen hasteko abagunea; abagune historikoa, ETArik gabeko aroa izateagatik, eta izango zuen Kongresuaren gehiengoaren babesa. Ia bederatzi hilabete daramatza Moncloan, eta ez da hasi horretan. Gerturatze urri horiek ez dute esan nahi espetxe politika aldatzen hasteko sakoneko erabakia hartua duenik. Jaurlaritzak hain maite duen diskrezioaren eremuan zer gertatzen den jakin gabe, badirudi, nagusiki, ETAren desegiteak eta EPPK-ko kideen legediko pausoek soilik behartu dutela PSOEren gobernua presoenean zeozer urri hori egitera. Ez da, bestela, bultzada berezirik sumatu Euskal Herrian. Aurrera begira, instituzionalki, adibidez, egoera berraztertzeko modukoa da estatuko agintaldi berrirako: Nafarroako gobernu honek auzia ez du aitatu ere egiten ia, eta udatik aitzina aldaketaren gobernuak jarraituko balu baina haren osaera pluralagorik ezean guztia Jaurlaritzaren esku uzteak ez du ematen solaskidetza, ekimen eta, kasuan, presio instituzionalerako biderik eraginkorrena litzatekeenik. Madrilen eskuina gero eta gogorrago dago, amorruz. Kongresuko herenegungo agerraldia ikusi besterik ez dago; eta hori, gainera, Vox falta dela orain.♦