Handem herrian

   Duela 31 urte Amerikako Estatu Batuetan bizi nintzen, Connecticuten, Bridgeport izeneko herrian. Neguak hotzak baziren, otsaila oso gogorrago egin zitzaigun grebako piketetan urtebete generaman  600 bat pilotarioi. Animoak, hala ere, sinetsi nahi badidazue, goian genituen. Euskaldunok, izan ere, gatazka giroan, egoskorrak bilakatzen baikara, nekez emango dugu amore. Jarrera kolektiboaren jatorria, auskalo nondik datorren. 

   Handem herrian, nire etxetik 30 bat kilometrotara, United Auto Workers (UAW) sindikatuaren 148. egoitzan, ekitaldi bat burutzekoa zen. Greban zeuden sindikatu ezberdinetako partaideak biltzekoak ziren, solidaritate jaialdi baten barruan. Pilotariok, jai-alai player-ok tartean ginela, joan behar genuela esan zigun piketean Gabino Ezpeletak, IJAPAko (International Jai-Alai Player Association) gure sindikatuko ordezkariak. Ricky Lasak, elkarteko  lehendakari ahalguztidunak, Ezpeletari azpimarratu zion Handemen egoteko garrantziaz, komunikabide askotariko bidali bereziak agertuko zirelakoan.     

    Handemera, autoz inguratu ginen 80 bat lankide, emazte eta adiskide. Uniformatuta azaldu ginen pilotariok. Ez praka zuriekin eta kolore ezberdinetako elastikoekin, iraganean kantxaratzen ginen bezala, baizik eta  jaka gorriarekin, bizkarrean “Ijapa Player”  jartzen zuenarekin. Aurreko aldean, berriz, ikurrez josita: IJAPA, UAW, God Bless America, USA… Buruan kapela gorria, pin-ez beteta..        

   Aparkalekura hurbildu ginenean ohartu ginen dagoeneko sekulako jendetza gerturatu zela, lekurik ez autoak aparkatzeko. Egurrezko egoitza zaharrean sartu ginenean bero bafada bat sentitu nuen. Berehala erantzi genituen neguko berokiak eta bufandak, gure sindikatuko uniformea agerian sartu ginen areto nagusian. Ehun bat lagunentzako lekuan, halako hiru zeuden dagoeneko. Gure kolore gorriak berehala nahastu ziren beste sindikatuetako ordezkarien uniformeekin, nolabaiteko erromako zubia osatuz. 

   New Hampshireko paper fabriketako langileak ziren batzuk; Maine aldeko zerrategietakoak, besteak; Connecticuteko makina-erremintakoak ere baziren han. Kolore batekoak ala bestelakoak, grebalariak denok.

   Maiatzaren  Leheneko “Langileen eguna” ospatzeko asanblada egiten ari ginela zirudien. Une batetik bestera, kaleak hartzeko manifestaldian. 

   Kanpoan haize leia egiten bazuen, barruan, sekulako anaiarteko giroa; beroa eta emozioz beteta. Hura zalaparta! Hango iskanbila! Denok batera berbetan, builaka mintzo behar aldamenean zenuenarekin. Oholtzan igota, dozena erdi bat lagun, hizlari bakarra. Basomutil baten itxura hartu nion hizlari bizargorriari. Koadroaz osatutako franelazko alkandora, ukondoraino bilduta, zerrategietako langilearen planta zuen, Errezilgo (Gipuzkoa) baserritarra zela esan zitekeen

     Hizketan ari zela, esaldia bukatzear, hango txistu eta esku-zarta! Langileria baturik, jatorri ezberdinetako partaideak eta, tartean gu, euskaldunok. Grebalari guztien artean, New Hampshireko paper lantegietakoak izan ezik, geu ginen beteranoenak. Egun hartan, Handem herrian, historia egiten ari ginela sentitu nuen nire barrenean.

 Antolakuntzatik esan zioten Ezpeletari komenigarria izango litzatekeela guretako batek, gaztelaniaz hitz batzuk esatea oholtza gainetik. Izan ere, aretoan hainbat latino jatorrizko langile zelako. Estimatuko luketela euren hizkuntzan hitz batzuk  entzutea.

   Halakoetan —lehen ere gertatu zen— Ricky Lasaren (IJAPAko lehendakaria) parte hartzea ezinbestekoa izaten zen. Hain justu, ikaragarri gustukoa zuen jende aurrean nabarmentzea. Plazagizona eta planta ederrekoa izateaz gain, hazi egiten zen jende aurrean. Lasa, ordea, Washington-era joana zen, Espainiako enbaxadako diplomatiko batekin biltzera. 

    Ezpeleta niregana hurbildu zen. Aretoko izkina batera eraman ninduen. Belarrira —seminarioan ikasitako estiloan— zuri-zuri, gozo-gozo, barre txikian. Ni nintzela egokiena oholtza gainera igotzeko, latinoek eskertuko luketela. “Atera kontuak, Iñaxio, zenbat komunikabide dauden. Prime time-en aterako gaituk”, erregutu zidan.

    Charles Chaplinen filma bat etorri zitzaidan gogora, “Tempi Moderni”, Milanen (Italia) jokatzen nengoenean ikusitakoa. Eszena batean, oker ez banago, oso ondo ez banaiz gogoratzen, estolda batetik ateratzen da Charlot. Lurretik jasotzen du bandera gorri bat, manifestari batek galdutakoa. Haien atzetik doala, bandera gorria eskuan, beste multzo bat hurbiltzen zaio gibeletik. Poliziak atxilotu egiten du Charlot.

     Ni ere, jaka gorriz jantzita, kapelu gorria buruan, konturatu orduko oholtza gainean ikusi nuen nire burua. Urduri jartzeko betarik gabe. Ehunka lagun, behean, denak niri begira. Nik zer esango.

     Konortea galdu edo amets gaizto bat bizitzen. Protagonista, protagonismoa bilatu gabe. Zerrategiko ordezkaria sumatu nuen nire aurkezpena egiten. Urrutitik helduko bailiren hitz solteak… jai-alai players, strike, Basque heroes… Bai, gutaz ari zen. Kameren argiek eta argazkilarien flashek itsutu ninduten. Isildu zen hizlaria eta, nonbait, nire txanda izan behar zuen. Baina ni, mutu, izoztuta, ehunka lagun, behean, niregan begiak josita. Ez dakit bertsolariak oholtzaren gainean zer sentitzen duen gaia eman eta gero, isilune horietan, burumakur, denek zain, zerekin ekingo dion… Ez zen nire plaza, baina, ezin bertatik ihes egin.

     Halako batean, hasi nintzen zerbait esaten. Gaur da eguna, ordea, ez dakidala zehatz-mehatz zertaz aritu nintzen. Beste baten gorputzean sartuta banengo bezala sentitu bainintzen. Ez ni, beste bat, arituko balitz bezala hizketan nire ordez. Entzuten nituen gauzak ezagunak egiten zitzaizkidan. Nazioarteko Brigadak, Victor Jara, Allenderen Txile… Zarauzko Zinema pilotalekuko mitinetan Ortziri eta Esnaolari entzundakoak. Baita esloganak: “Herri elkartua ez da inoiz zanpatua izango”…  “Duintasunak ez du mugarik ezagutzen”… ¡”Gora langileria elkartuta!”… Sacco eta Vanzetti ere, sartu nituela zaku berean, uste dut. Txistu eta txalo artean sumatzen nuen beste ni hura. Ezin gelditurik, trenak abiada hartzen duenean bezala, balaztari sakatu gabe, aurrera eta aurrera…

    Ezpeletak atera  ninduen trantze hartatik, oholtzan bertan. Besarkada bat eman eta esanez:  “Hori duk, Iñaxio!… Lortu diagu!”.

    Zorabiatuta jaitsi nintzen oholtzatik, non nengoela jakin gabe. Lankideek besarkatzen nindutela, kazetariak mikroekin eta kameren flashekin, osatutako laino batean.