BERRIAn 2014-12-14an argitaratutako analisia. Laburpena: PuntuEus fundazioaren balioa bere izaera da —Egunkaria-ren oinarri batzuk erreskatatuz, euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea eta ez-instituzionala dela esan daiteke—. Gizartean espazioak sortzen eta hedatzen doaz, partaideak berdinetik berdinera aritzeko, erabakiak elkarrekin hartzeko eta kudeatzeko. Kasuan-kasuan, haietan tokia lukete instituzioek ere. Baina XXI. mendean instituzioak, funtsean, eskema klasikoan dabiltza. Kultura politiko berrirako, etxean ez ezik, kanpoan ere bada zer ikasia. Katalunian, adibidez, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Nazio Hitzarmena dute, 3.500 erakunde pasak osatutakoa —han dira entitate zibilak, kulturalak, herritarrak, ekonomikoak, sindikalak, legebiltzarreko taldeak eta Generalitat—. Aldiz, EAE mailan (ere) ez da halako borondate instituzionalik ikusten erabakitzeko eskubidean, euskararen normalizazioan, kulturan… Ez zaio Ezequiel Ander-Egg soziologoaren .eus izaerako esan honi jarraitzen: “Ez egon zerbaiten, baizik eta zerbaiten erabaki”.