Gaurko BERRIAn 18/98 auziko Orain SA ataleko presoen irteera datak eman ditugu, eta hemen Bateragune auziko bost zigortuetatik kartzela utziko duten aurrenen irteera datak: datorren urriaren 11n aterako dira espetxetik Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto, Mirenen aita Patxik esan digunez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren zigor epaiko kartzela urteak pixka bat jaitsiz, Gorenak hirurei sei urtekoa ezarri zien 2012ko maiatzean. 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten haiek ere. Aurtengo urriaren 12an beteko lirateke kondenako sei urteak baina, sei urteotan bat bisiestoa izan denez (2012koa), egun bat lehenago aterako dira kartzelatik: urriaren 11n. Eskerrak bisiestoari, beraz…

Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi sei urte eta erdiko kartzela jarri zien Gorenak. Otegi, normalez, datorren urteko apirilean utziko dute aske. Diez ez, “egoera pertsonal-familiarrengatik” orain arte besteek baino ia hamazazpi hilabete gutxiago egin dituelako preso. 2017ko abuztu-irailera arte egongo da kartzelan.

Dena dela, bost lagunentzat zigorra ez da bukatuko kartzela uztean: Zabaletak, Rodriguezek eta Jacintok zortzi urteko inhabilitazioa dute; Otegik eta Diezek, hamarrekoa.♦