Gernika-Lumoko udal hauteskundeetan, siglei kanpotik begiratuta bederen, koalizio nahasgarri bat doa: EA-EAJ. Ez da EAk EAJrekin bat egin duela, EH Bildun baitoa, baizik eta Jose Mari Gorroño EAko kidearen taldeak Euzko Abertzaleak izena duela; laburdura, EA… Gauzak zer diren: EAJk Eusko Legebiltzarrean, eta Espainiako Senatuan eta Kongresuan dituen taldeek Euzko Abertzaleak dute izena. Hego Euskal Herrian oraingo bozetan ez da beste Euzko Abertzaleak talderik aurkeztuko.

EA Eusko Alkartasuna bere baitan duen Bildu koalizioko alkatea da Gorroño, udal webak erakusten duenez. Oraingoetarako EH Bilduk alkategai ez zuenean hautatu, hark bere taldea ateratzea erabaki zuen. 2007tik da Gernikako alkatea: orduan EA bere kabuz aurkeztu zen, eta ANVren babesarekin lortu zuen Gorroñok alkatetza. 2011n, Bilduko zerrendaburua izan zen, eta gehiengo osoa lortu zuten. Orain EAJrekin koalizioan doa. EAk berak ere egin ditu sozio aldaketak azken urteetan: EAJrekin joan izan da hauteskunde batzuetan —sekula ez, ordea, Gernikako udal bozetan—, (EH) Bildukoekin gero. Bai Gorroñok, bai EAk eskubidea daukate nahi duten bidea hautatzeko, baina Gorroñok orain EA siglak jartzea bere udal taldeari…♦