“Nire aro politikoa bukatuta dago, eta epilogo batean nago”, esan du Xosé Manuel Beiras galiziar abertzale zailduak elkarrizketa batean. 1982an PSOE utzi zuen, 2012an BNG laga zuen, eta Anova sortu, eta orain herritarren mareen zerbitzura jarri du. Udal hauteskundeetan emaitza ikusgarriak izan dituzte Santiagon, Coruñan edo Ferrolen, PPren territorioetan.

Elkarrizketa hartan esanak dira: “Gizarte zibilean eta hiritargo aktiboenean zegoen aldaketa posible baten motorra”, “Anovak hasieratik babestu zituen Mareak, eta beste indar politikoei eskatu genien han sar zitezen, baina ez herritar aktiboei protagonismoa kenduz, baizik eta lagunduz”, “hausturaren aldeko indar politikook elkarrizketa prozesu serio bat ireki behar dugu”, “Podemos, ezkerra/eskuinaren diskurtsoaren ordez, goikoak/behekoak hasi zen erabiltzen. Mediatikoki oso logikoa iruditzen zait, baina behekoek osatzen duten gehiengo sozial hori ez da hondar zaku bat; artikulatu egin behar den dibertsitate bat da. Horretarako, ezker sozialaren klase aliantzaren irizpidea izan behar da”.

Beirasen penduluaz ari al gara hizketan?♦