Enekoitz Esnaola

Hilabetea: uztaila 2015 (Page 1 of 2)

Zapaterok ere esan du

PSOEren edo PSOE parte duen konstituzio erreformarekin (Kongresuaren bi heren behar dira Espainiako Konstituzioa erreformatzeko) euskal nazioaren aitortza eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea lortu nahi dutenentzat eman du pistarik Zapaterok ere, La Razon-eko elkarrizketan:

– “Ez gaitezen erratu: konstituzioa erreformatzeko, PPk egon behar du”.

– “Herri gisa egituratuta gaude, eta konstituzioak ez du baimentzen desegituraketa, egonkortasuna bilatzen du, ordenu partekatu bat, bizikidetza seguru bat”.

– “Izugarrizko lioa da erabakitzeko eskubidea, jendea zatitu egiten da, galtzen duenak hurrena irabazi egin nahi du beti”.

– “Oso pozik nago [PSCk] baztertu egin duelako erabakitzeko eskubidea, ez baita eskubide konstituzional bat”.

– “Garrantzitsuena ordenu konstituzionalarekin konprometituta egotea da, demokratikoa eta europarra baita”.♦

Kataluniako hitzordua

68 egun falta dira Kataluniako izaera plebiszitarioko hauteskundeetarako. Kartak mahai gainean daude: batzuk Kataluniaren independentziaren alde, besteak kontra. Aldekoen artean, zerrenda zabalak berritasun, gizarte zibilaren itzeleko protagonismoarekin. Inkesta batzuek diote goraka doala independentziaren kontrako hautua eta, gaur-gaurkoz, irabazle dela; seguru?

Iazko azaroaren 9ko galdeketaren emaitzak argigarriak izan ziren:
– 2.344.828 lagunek hartu zuten parte. Asko da, galdeketa ez zelako legezkoa eta, balitz ere, ez zelako lotzailea. Galdeketa hartan 16 eta 17 urtekoek ere bozkatu ahal zuten.
– Estatu independentearen alde 1.897.274 lagunek bozkatu zuten (%80,9k).
– Estatua bai, baina independentea ez, 234.848k.
– Bi aukeren kontra, 105.245ek.
1980tik hona Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan batez besteko parte hartzea %60koa izan da. Azkenekoetan izan zen partaidetzarik handiena, 2012koetan: %69koa; hain zuzen, Kataluniaren independentziaren gaia agenda politikoan egondako hitzordu bakarrean.

3.657.450 botoemaile izan ziren 2012ko bozetan. Azaroaren 9ko kontsultan estatu independentearen aldeko 1.897.274 botoak, 2012ko boto haien %52 lirateke. Legezko erreferendum batean (edo datorren irailaren 27ko hitzorduan), aldeko beste boto pila bat ere zaku berean sartuko dira, hain segur; tartean, estatuaren aldeko 234.848 boto haietatik asko, eta orduko galdeketa ez legezkoa-eta izateagatik parte hartzera animatu ez ziren beste mordoska bat. Ikusi egin behar zenbat aktibatuko den kontrako botoa.♦

Euskal Herria ez da Ronaldo ere

Guardiola ere irailaren 27an Kataluniaren independentziaren aldeko zerrendatan joango dela eta, haren taldekide ohi Stoitxkovek esandako bat datorkit gogora: esan zuen Cristiano Ronaldo beti Messirekin alderatzen dutela, eta ez Messi harekin, “Messi Maradonaren, Peleren edo Cruyffen mailan baitago”. “Horrek gogaitzen du Ronaldo”, Stoitxkoven arabera. Euskal Herrian askok aspaldian Katalunia dute erreferentzia, hango batasuna, hango proiektua (independentzia), hango gizarte zibilaren indarra. Kataluniak ez du Euskal Herria buruan. Txarrena da Euskal Herria oraindik ez dela Ronaldo ere, eta izateko bidean ere ez dagoela, antza.♦

Erakusketetako margolanak bezala

BERRIAko analisiaren (2015-07-18) laburpena: Bukatu ziren Espainiako gobernuburuen keinuak eta ustezko urratsak, bai euskal gatazkaren prozesu politikorako, baite knikorako. ETArik gabeko aro berri honetan, Sanchez ez da hurreratu ere egiten bere alderdikide Zapateroren 2006ko adierazpenera, baina EAJk azkar heldu dio PSOEren konstituzio erreforma nahiaren amuari, “estatu eredu berri bat” behar dela aldarrikatuta. Urkulluren alderdikide Xabier Barandiaranen ustez, “krisi sakonean dago abertzaletasuna, eta, arazoari behar bezala heldu ezean, mugimendu estetiko huts bihurtuko da”. Estatiko ere bai.♦

Hitzak (III)

Gipuzkoako aurreko foru gobernuak (Bildurenak) Giza Eskubideak, Oroimenaren berreskurapena eta Bizikidetza zabaltzeko plana 2012-2015ean 16. orrian dakar: “Badago bake eta berradiskidetze prozesuei lotutako terminologia hitzetik hortzera darabilguna: berdintasuna, egia, justizia, narrazioa (errelatoa), biktima, oroimena, bizikidetza, berradiskidetzea, aitorpena… dira horietako batzuk. Kontzeptu horien atzean dagoen esanahia ez da guztiontzat berdina. (…) Aniztasun hau aberastasun adina zailtasun iturri izan daiteke. (…) Ezberdinen eta aurkakoen arteko edozein talde-lanetan lehenik eta behin adostu beharreko auziak dira, hau da, kontzeptuak argitu eta adostu behar dira, berauek, gutxieneko akordiotara heltzeko ez daitezen oztopo izan”.

Joseba Sarrionandiak joan den otsailean esan zuen Sautrela-ko elkarrizketan, politikari buruz ari zela: “Hitzak ere beste alorretan, hitz bat erabiltzen duzu eta badakizu zer esan nahi duen, ez? Mailua, pospoloa edo karakola. Politikaren alorrean ostera esaten dira hitzak hustuta bezala, ez? Esanahirik gabe”.

Politikagintzako profesionalen hiztegia traba ote aurrera egiteko?

Eskertuko litzateke Graxiren logika eta naturaltasuna izatea.

Hitzak (II)

Elkartasunezkoa ez ezik, mezu politiko berritzailea plazaratu du gaur Graxi Etxebeherek Ortzaizen, ustez ETAren desarmeaz arduratzen diren bi euskal herritar etxean hartzeagatik Frantziako Poliziak atxilotu aitzin. Euskal Irratietan mintzatu da: “Nik lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat eta ez dut batere dolurik. Bake prozesu batean gara. Behar da arazo hau konpondu, eta hori pasatzen da desarmatzetik eta elkarrizketatik. Banoa izugarri barne goxo batekin. Gure herriaren historiara ene harri ttipia ekarri dut”.

Bada esaera zahar bat dioena: “Hitz dotoreak ez dira zintzoak; hitz zintzoak ez dira dotoreak”. Etxebeherek bere eleak zintzotasunez eta dotore esan ditu, bi estatuen jarrera oztopatzailearen aurrean (berriro diot) mezu politiko berritzailea plazaratuz.♦

Hitzak (I)

Lehengo ostiralean Juan Kruz Lakastarekin eta Joxerra Senarrekin batera Donostian emandako hitzaldian Ivan Gimenez El Corralito foral liburuaren egileak kontatu zuen duela urte batzuk Noticias de Navarra-ko lankide batzuekin erredakzioan hitzaspertuan zela eta hizpide UPN, PSN, Opus, CAN, patronala eta enparauak zituztela, batek bromatan “erregimen” bezala definitu zuela kuadrila hura. Definizioa gustatu, eta erregimena-ren zabalkundea potoltzen joan zen. Hiztegietan bazen, baina ez XXI. mendeko diskurtso politikoan.

Iñigo Aranbarrik Hitzak eta giltzak liburuan Gurea atalean:

“Hori gurea duk”, esan ohi da gurean norbait ideologikoki gure ingurukoa dela adierazteko. Izendatuak ez daki, baina ezagutzeko moduko orbana darama atzean. Lasai doa. Ez da ohartu ere egiten espaloi gainean uzten ari den odol hariaz. Ez du egundo jakingo hainbeste nahi dion hizkuntza izan dela gorpu utziko duena.

Nafarroan batzuk hasi ziren orain urte batzuk: “Hori erregimena duk…”. Gorpu utzi dute. Baina Opusekoak tartean egonda, berpiztu ahal dira.♦

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑