CUPek Kataluniaren independentziarako baldintzak Pompeu Fabra Bartzelonako unibertsitatean aurkeztu dituela jakitearekin batera etorri zait hango oroitzapena. Herri informazioari buruzko kongresu ttiki bat egon zen Pompeu Fabran 2004ko uztailean, eta bertan nintzen. Neure burua aurkeztea tokatu zitzaidanean, bota nuen lehen Egunkaria-n egiten nuela lan eta estatuak itxi egin zuela urtetebe lehenago. Atsedenean katalan kongresukideak behintzat etorri zitzaizkidan, auziarekiko interesa eta Egunkaria-rekiko babesa agertuz; adibidez, artean preso zeukaten Iñaki Uria. Katalunia Euskal Herrira begira zebilen garaia zen. Aldatu da egoera, aldatu denez.♦