Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Month: otsaila 2016

2009031275a

8719600510 zenbakidun presoa bihar geratuko da libre, 2009031275ak kartzelan segituko du. Hots, Arnaldo Otegi kalera, Rafa Diez oraindik preso. Zer moduz dago Diez? Haren seme Naikek kontatu digu “ondo” dagoela “fisikoki eta psikologikoki”. Santoñako (Kantabria, Espainia) espetxean daukate, Dueson; Donostiatik 160ren bat kilometrora –haren familia Donostian bizi da–. Naikek hilaren 20an bisitatu zuen azkeneko aldiz, lagun batekin batera, eta datorren igandean joango dira berriro etxekoak hara. Hilean bizpahiru bisita egiten dizkiote. Marka da!: Rafa Diezen aitona bat hantxe egona da preso, frankismoan; komunista zen. Moduloetatik bisiten lekura joateko zelai bat gurutzatu behar dute presoek, eta kartzela kanpotik ikusi ahal dira –argazkian, Rafa Diez, otsailaren 20an–, baita patioan daudenean ere. Haren semearen esanetan, asko ari da irakurtzen, eta “ezagutza handia du egungo egoera politikoaz”. Ingelesa ikasten dabil, preso sozial bati esker eta bere kontura, eta sukaldaritzako ikastaroak hartzen ditu. Palaz jokatzen du –kartzelako txapelduna da– eta badmintonen ere aritu izan da. Diezekin batera euskal preso politiko bakarra dago han: Imanol VicenteOtegi bezala –eta Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto legez–, Espainiako Justiziak Bateragune auzia dela-eta zigortu zuen Diez. Kartzela zigor bera jarri zien Otegiri eta biei, baina Diez hamazazpi hilabetez baldintzapean aske izan zen, ama zaintzeko baimen bat zela medio; Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean berriro kartzelatzeko agindua eman zuen. Datorren urteko abuztuan-edo geratuko da aske, baina Naikek dio aita baldintzapean kalean egon zenean astean batzuetan joaten zela sinatzera eta ikusi beharko dela horregatik zigorra murriztuko dioten –Otegiri hilabete bat murriztu diote–. Beraz, 8719600510 presoa bihar, kalera. 2009031275a, barruan, EPPK-ko ia beste 400 lagun bezala.♦

Fikzioaren bidez bizi

Harkaitz Canok Txintxarri-n esan du Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraz antzerkilan bat idazten ari dela. Haren lehenengo antzezlan “nagusia” izango da, eta enkarguz jaso du. “Eta hortxe nabil, kazetaritzari eta Egunkaria-ren itxierari buruz idazten”. Kazeta gaur hamahiru urte itxi zuen Espainiako Estatuak, “indarrez eta gezurrez”, Canok berak Egunkaria-ren 25. urtemugaren garaian idatzi zuen bezala. Harentzat, “paper baino mapago zen Egunkaria, sortzetik: gure errepidea, gure geografia, gure komedia, gure tragedia, gure narrazioa”. Eta Anarirena ekarri izan du gogora: “Garrantzitsuena ez da guk nola irakurri dugun Egunkaria, baizik eta nola irakurri gaituen Egunkaria-k gu”. Ekarpen handiak Euskal Herria egiten joateko. Egunkaria herri proiektuak Gaur irekiko ditu ateak dokumentala (Eriz Zapirain, 2015) behar izan duen bezala, itxieraren auziak behar du antzezlanik, behar zituen Gezurra ari du. Egunkaria-ren itxieraren kronika (Lorea Agirre, 2004) eta Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika (Pello Urzelai, 2010) liburuak, behar zuen Egunkaria, hamar urte geroago dokumentala (ETB1, 2013), eta beste. Baina hurrena ea inor animatzen den fikziozko film bat egitera, emozionalki, kulturalki, linguistikoki edota geografikoki urruti daudenengana heltzeko xedez. Garrantzitsua izan da guk nola bizi izan dugun Egunkaria auzia, eta garrantzitsua izango da gu ez diren haiek ere bizitzea, momentu batez sikiera. Hori ez dugu lortu, Espainiaren inpunitatearen patxadarako.♦

Kalkulatzen

Iazko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak baino pixka bat lehenago HBko Mahai Nazionalean 1980 eta 1990 hamarkadetan kide esanguratsu izandako batek esan zidan bere ustez Bilduren 2011ko emaitzetatik heren bat galduko zuela EH Bilduk, Ahal Dugu sortu zela eta. Ez zen horrenbesterako izan: lau herrialdeetako foru bozetan Bilduren botoetatik %8,1 egin zuen behera EH Bilduk, eta Bildu+Aralarren botoetatik, %17,8. Batez bestea ateraz gero, %12,9 behera. Abenduan bai galdu duela heren bat EH Bilduk, Kongresurako hauteskundeetan: Amaiurren bozen aldean, %34,7 gutxiago Hego Euskal Herrian. Forukoen aldean hauteskunde desberdinak izan ohi dira estatalak, eta harentzat azkenekoak gehiago, Podemos efektuagatik. Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrerako bozei begira egindako azken soziometroa atera da: bi indar haien kasuan, Ahal Dugu-k 18 aulki, EH Bilduk 15 –duela lau urte, 21–. EAEko bozak Ahal Dugu-rentzat foruetakoak ez direla izango ikusita –iaz alderdi berri-berria zen eta, gainera, udalekoetan ez zen aurkeztu– eta EH Bildurentzat estatalak ez direla aintzat hartuta –bere alde gehituz Otegi faktorea eta gatazkaren ondorioetako balizko urratsak–, kalkulu, aurreikuspen edo pronostiko bat izan daiteke EH Bilduk duela lau urtetik botoen %15-%20 galtzea; orduko banaketaren arabera, lau aulkiren galera.

Baina hor benetan ikusteko dagoena da EH Bilduk eta Ahal Dugu-k –Ezker Anitza ere sartu ahal da–, 75etik gutxienez 38 dituzten. Hau da, gehiengo osoa duten. Duela hilabete bat EAEko Ahal Dugu-ko inguruaren inkesta bat heldu zitzaigun: Ahal Dugu-k 22 –abendukoetan botoetan aurrena izan zen–, EAJk 21, EH Bilduk –Otegirekin– 16, PSEk 8, PPk 6, Ciudadanosek 1 eta Ezker Anitzak 1. Hots, Ahal Dugu+EH Bildu+Ezker Anitzak, 39.  Eman, ordea, EAJri gutxienik 3-4 gehiago –noren kaltetan, baina?–. Eta erne EAJk Ahal Dugu-Podemosera begira egin ditzakeen mugimenduekin, izan hemen, edo izan Madrilen, gobernu progresistarik (?) balego.♦

Operazioa bukatzeke

BERRIAko analisiaren (2016-02-06) laburpena:  Hegoaldeko ezker abertzalearen egitura politiko-zibilak klandestinitatea, debekua eta kartzela baino ez zituen beretzat, eta, politikan nor izateko, aukera bakarra zeukan: Espainiako legedia betetzea. Duela sei-zazpi urte dagoeneko ezin ziola eutsi estrategia politiko-militarrari, eta aldatzea erabaki zuen. Zutik Euskal Herria (2010eko otsaila), Gernikako Akordioa (2010eko iraila), Sorturen estatutuak (2011ko otsaila) eta ETAk jarduera armatua uzteko jakinarazpena (2011ko urria) dira adierazpenik adierazgarrienak. Dena dela, gogoetak, eztabaidak eta saioak lehenagotik zetozen: 1992, 1995, 1998, 2004, 2006. Gatazkaren ondorioen konponbiderako A planak, gehienean, huts egin zion ezker abertzaleari, eta ikusi da ez zuela B plan azkar bat. Plano teknikoan —politikoak badu bere zailtasuna, propioa—, ezker abertzalearen operazioa ez da bukatu. Ikusi da presoenean bide berriko lehen urratsak ez direla aski izan estatuek eta euskal gizarteak aintzat hartzeko, eta Sortuk presoei eskatu die pauso “berriak” eta “ausartak” egiteko. Estrategia independentistaren barruan kokatu nahi ditu haien ekarpenak, baina jendea kartzelan dela zaila izango zaio estrategia independentista bat garatzea. Alez aleko emaitzekin, energia positiboaren beharrean da. Ilusiorako.♦

© 2018 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer