BERRIAko analisiaren (2016-04-09) laburpena: Harrigarria Urkulluk EAEko hauteskundeak Espainiakoekin batera jartzea baztertu ez izana, Jaurlaritzaren hiru ardatz programatikoetatik bi bakegintza eta erkidegorako estatus politiko berria izanik. Orain arteko bozak kontuan hartu, eta ikusten da EAEkoetan talde abertzaleek Espainiakoetan baino emaitza hobeak lortzen dituztela. Urkullu lehendakariaren esku dago deialdia, data. EAJk legealdi honetan lehentasunezko harremana du PSE unionistarekin, baina horrek ez dio onurarik ekarri bakegintzan eta estatus politiko berrian. Eta PSEk aulki gehiago lituzke bi hauteskundeak egun berean balira, bestela baino. Arraizek, aurrerapenak euren estrategiari mesederik egingo ez liokeela aipatzeke baina hain segur hori gogoan duela, Urkulluri eskatu dio ez ditzala bozak Espainiakoekin batera jarri, eta noiz izango diren oraintxe argitzea ere galdegin dio. Logikoa da azken eskaera ere, Urkulluk ezegonkortasun edo ez-ziurtasun egoera bat sortu baitu aurrerapenarena botata. Gainera, besteek ez bezala, EAJk jakin dezake noiz izango diren EAEko hauteskundeak, eta hori abantailarekin jokatzea da.♦