Enekoitz Esnaola

Hilabetea: maiatza 2016

50 lagun

Joan den abenduaren 23an Azkoitiko hitzaldi batean Juan Jose Ibarretxe, Joseba Azkarraga eta Iñigo Iruin giza eskubideei eta espetxe politikari buruz aritu ziren (BERRIA eta Maxixatzen), eta Iruinek esan zuen premiazkoa dela “salbuespen legedia indargabetzea”. Euskal presoez ari zen, eta ohartarazi zuen Espainiako Estatuaren jarreragatik “oso zaila” dagoela. Iruinek zioen “gaur bertan hasita bide juridiko eta politiko guztiak erabili” behar direla. “Ezin gara zain egon” (EPPK-k 2013ko abenduan legedia jarraituko zuela zioen…). “Salbuespen legedia” ez litzateke soilik aplikagarri euskal presoen kasuan; preso sartzeko arriskuan dauden auzipetuak ere aintzat hartu behar dira, eta, Iruinek Azkoitian hura bota zuenean, lan politikoa egiteagatik 50 euskal herritar, jada epaituta eta aurki epaitzear zirela, kartzelaren mehatxupean zeuden –halako gehiago badira oraindik, epaitzeke–. 2016ko orain arteko emaitza: 50 horiek ez dituzte espetxean sartuko, haien auzietako parteen arteko akordioei esker. 50 lagun, bada zerbait; energia positiboa transmititzeko moduko multzoa. “Akordioaren formula hau egonkortu egin da, eta gatazkaren ondorio guztiei irtenbidea topatzeko baliagarria izan daitekeela pentsatzen eta desiatzen dugu”, adierazi du gaur Sortuk. Beste ohartarazpen bat egin zuen Iruinek Azkoitian, badaezpada: “Pazientzia behar dugu, mantso joango da prezesua. Denboraren kontrola estatuak du presoekin. Haiekin jokatzen ari da, eta inoiz baino gehiago. Esfortzua eskatuko digu horrek guztiak, baina borrokatu egin behar dugu”. ♦ (50 lagun horien zerrenda ondoren)

  • 04/08 sumarioa (Segura). 2016-01-13: Arantza Santesteban, Juan Joxe Petrikorena, Tomasa Alejandro, Aner Petralanda, Angel Mari Elkano, Marije Fullaondo, Jon Garai, Mikel Zubimendi, Joana Regueiro, Gorka Murillo, Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Diaz, Mikel Etxaburu, Ino Galparsoro, Peio Galvez, Eusebio Lasa, Patxi Urrutia, Aurore Martin, Maite Fernandez de la Bastida, Mikel Garaiondo, Asier Imaz, Joseba Zinkunegi, Nekane Erauskin, Haizpea Abrisketa, Jesus Mari Agirre, Egoitz Apaolaza, Alazne Arozena, Karmele Berasategi, Antton Gomez, Iñaki Olalde eta Juan Karlos Ramos.
  • 4/2014 sumarioa (Aztnugal) 2016-04-14: Gorka Mayo, Gorka Zabala, Iker Moreno, Jon Patxi Arratibel eta Iñigo Gonzalez.
  • 8/2013 sumarioa (Ekin). 2016-05-17: Urko Aierbe, Jose Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Egoitz Garmendia, Rosa Iriarte eta Ugaitz Elizaran.
  • 04/08 sumarioa (Segura). 2016-05-17: Hasier Arraiz.

Lurralde batasuna

BERRIAko analisiaren (2016-05-15) laburpena: Lizarran udalek 1931n Hegoaldeko automomia estatutua onartu zutenetik, alor politiko-instituzionalean ez da lauko lurralde batasun formalera begira ia ezer egin. Nafarroako aldaketaren parlamentuak ez du aktibatuko Espainiako Konstituzioko aldi baterako laugarren xedapena, baina bada beste formularik lurralde batasuna eta lankidetza euskal instituzioetatik urratzeko. Urkulluk eta Barkosek, zuhurtziaz baina burutsu jokatuz, lankidetza protokoloari heldu diote. Jokoa emango du. Ordea, hamarkadetako haustura administratiboak kalte mentala ere eragin du, tenperatura jaitsiz, eta, aliantza politiko-instituzionalak josten segitzeaz gain, lantzeko daude kohesiorako diskurtso eta praktika ausartagoak. Horretarako, herri batek behar du gizarte antolatua ere, zaindua —ez kontrolatua—. Batasuna ez baita formala bakarrik.♦

Fokua mugituta ikusten dena

BERRIAko analisiaren (2016-05-05) laburpena: Euskararen berreskurapenean gertatu dira aurrerapausoak, baina han-hemenka eguneroko ogi dira urraketa, axolagabekeria eta bazterkeria larriak. Eta apusturik eza dator, antza. Fokua mugitu ere egin daiteke, eta mugituz gero antzeman ahal da gaur-gaurkoz euskalgintzak –oro har hitz eginda– ez duela egoera iraultzeko edo aldatzeko gaitasunik, eta, areago, ez duela dialektika bat sortzeko borondaterik. Euskaldunen nerbioa ere ahul ageri da. Ez deskuidatzeko: euskal estatua nahi duten euskaltzaleen artean ez da ezbaian jartzen XXI. mendeko estrategia independentistan nortasun osagaiez gain ongizateari edota demokraziari buruzkoak sartu behar direla. Ordea, lapikoan euskara ere sartuta, eta ardatzean jarrita. Euskal Herrian gara. Baina euskalgintza, dagoen moduan egonda, estatugintzan eragin nahian hasten bada, kaskarrekoarekin atera daiteke. Egin dira estatugintzaz teorizazio batzuk, baina ez da indarrik ikusten hori aurrera eramateko. Agian, euskalgintzari tarte bat hartzeko garaia heldu zaio jarreraz eta proiektuaz hausnartzeko.♦

Arrupe Etxeko desenkontruak

Orain dela hamar urte Loiolan ari ziren, ari ziren Batasuna, EAJ eta PSE akordioa mamitzen, baina pikutara joan den dena. Arrupe Etxean egin zituzten bilerak, hamabi. Orain EAEko “estatus politiko berriari buruzko gutxieneko oinarrien akordioa” bilatzen du EAJk, eta EH Bildurekin ere batu nahi du etzi. Atzo bidali zion hari ere deialdiaren e-mail bat, eta, aldi berean, EITBra igorri zuen mezua. Hasier Arraiz, adibidez, Euskadi Irratia entzuten ari zela enteratu zen EAJk biltzea eskatu diela. Haserre hitz egin du gaur Onda Vasca irratian, esanez ez direla joango etziko hitzordura. Bilboko Arrupe Etxean dago Onda Vascaren egoitza nagusia. Bukatu du elkarrizketa Arraizek, estudioko atea ireki du eta topo Koldo Mediavilla EBBko Harreman Instituzionaletarako idazkariarekin –irratiko solaskidea da–. EAJkoak entzun du EH Bildukoaren elkarrizketa, eta esan dio ez jartzeko horrela, konpon daitezkeela bilera bat jartzeko. Arraizek berretsi dio ez direla joango ostiralean, ez direla moduak, eta hitz egingo dutela hurrena, gauzak taxuz antolatzeko; gainera, iragarri dio etzi Confebask-ekin dutela bilera. Ez da ohikoa Confebask eta EH Bildu batzartzea; honek eskatu du hitzordua, eta Pello Urizar eta Arraiz joango dira. Lehengo ostiralean ELArekin bildu ziren koaliziokoak. EAJren arabera ibiltze hori saihestu nahi du, antza.♦

Jakin

Politikan ere jakin egin behar da noiz hasi; bisioa eta usaina izan, eta ekimena hartu. Halaber, batzuetan jakin egin behar da noiz bukatu, inertziak-eta amaitzeko, edo, ereindakoagatik, aukera berriak zabaltzeko. Errenterian –Errenteria bezalako herri zail batean–, Bilduren udalak bultzatuta, bizikidetza sustatzen hasi ziren duela lau urte, eta lortu dute aniztasunean, edukietan eta formetan erreferentzialtasun bat. Isilean aritu da lanean sentsibilitate politiko desberdineko jende bat, foro batean. Kontraste eta partekatze lan handia egon da hor. Bidea egiten du estilo horrek, arrastoa uzten du. Gehiago ematen ez zuela ohartuta, bukatu egin dute foroa; ez bidea. Baina politikagintzan Errenteria hori baino gehiago izan da azken urte hauetan: iazko ekainean EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren inguruko udal taldearen arteko akordio estrategikoa sinatu zuten. Denborak esango du hori ere biharko egunean baden erreferentzia. Bide erakusle bada, behintzat. Kontua ez da estrategia politiko bat izatea bakarrik; kontua estrategia obratzen jakitea ere bada.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑