BERRIAko analisiaren (2016-7-21) laburpena: Ustekabea izan da EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzak Pili Zabala ateratzea primarioetarako lehendakarigai modura. Orain arte jendaurrean lan eremu edo diskurtso bakarra izan du, GALen biktima Joxi Zabalaren arreba izaki: “estatu terrorismoaren” salaketa, eta biktima guztien aitortza ere bai. Orain, langabeziaz, energiaz, hizkuntza politikaz, azpiegiturez eta abarrez ere hitz egitea tokatuko zaio. Iritzi publikoak ez du horrekin lotzen, eta sinesgarri izateko ariketa bat du aurrean hark. Dena den, oraindik Podemos ideia edo marka bat da, eta haren, Madrilgo liderren eta balizko lausotasun programatikoaren babesean eroso aritzeko aukerak izan ditzake; erretorika ona dauka, gainera. Hartxintxarren artean, bat: Nagua Albaren taldeak irmo dio EAJ kendu nahi dutela Jaurlaritzatik, bestelako politika bat izateko. Zabalak urteotan hango Bake eta Bizikidetza Idazkaritzarekin nahikoa harreman estua izan du, eta arraro egin liteke hari ere Albaren-eta diskurtsoa entzutea. Hor doa, baina. Eta ezker abertzaleak bere artean pentsatuko du noraino iristen zaion Ahal Dugu.♦