Otegiren defentsak nahiago luke haren hautagaitzaren auzia dagoeneko ez balego plaza publikoan, baina badago, eta horrek markatuko du EAEko hauteskunde kanpaina –emaitzak, beste kontu bat dira–. ETAk utzi zuenetik bost urtera horrela dago egoera, politika, kalean dagoen batek ez dituela bere oinarrizko eskubideak bermatuta, baina Otegi aurkeztu ahal izatearen aldekoak adierazpenetara mugatuta dabiltza, eguzkia hartzen. Otegik berak txarretsi du hori gaur (+). ETArena baino urte erdi bat lehenago, Bilduren kasuan, bestelakoa zen eragileen jarrera. Adibidez, Urkullu EAJren EBBko lehendakariak Zapatero Espainiako presidenteari ohartarazi zion bertan behera utziko zuela elkarlan oro legeztapenik ezean. “Ultimatuma eman genion Zapaterori”, esana da Ortuzar, Ekarri armak liburuan irakur daitekeenez. Rufi Etxeberriak liburu berean dio hori baino handiagoa zela presioa: “Euskal Herrian eragile politikoez gain badaude presiorako indar handia duten beste hainbat entitate. Entitate horiek, tartean estamentu ekonomikoak, presio egin zuten Madrilen”. ETArena bazetorren, hori nahi zuten hemengoek, eta kartak jokatu zituzten. ETAren indarkeria bukatu zen, baina bost urtera gatazkaren ondorioak –kasurako, Otegirena– konponbidean jartzeko ez da ikusten orduko konpromisorik. Aierbek BERRIAn: “Nik uste dut momentu honetan ez dugula bakoitzak ezer ere eman nahi, edo utzi nahi, edo galdu nahi, eta konplexu horretatik ari garela elkarren bila. Oraindik ez gaude heldutasun horretara iritsita”. ♦