Euskal politikagintzan ere tarteka azaltzen dira hitz eta kontzeptu berriak, eta hor egoten dira denbora laburrean ala luzean. Duela dozena bat urte Ibarretxek plazaratu zuen erabakitzeko eskubidea, eta arrakasta eduki zuen. Edota orain dela urtebete pasako kontua da ahaldundu, Korrikak lelo modura erabili ondotik, eta EH Bilduk EAEko Herritarrak Ahalduntzeko Lege proposamena aurkeztu zuen. Orain, adibidez, honi erreparatu beharko zaio: galdeketa “abilitatzailea” edo “gaitzailea”-ri. EAJk urte hasieran atera zuen euskal plazara aukera hori, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko txostenean –Espainiako II. Errepublikako Konstituzioko 12. artikuluak zekarren formula hori, EAJk urtarrileko idatzian gogoratu legez–, eta orain EAEko hauteskunde programan paratu du: “Autonomia Estatutua aldatzeko proiektu politiko eta juridiko bat idatziko da, eta Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko du. Onartu ondoren, egokitzat jotzen dugu aipatu estatutuaren erreforma horrek, Gorte Nagusietan izapideari ekin baino lehen, euskal herritarrek parte hartuko luketen Galdeketa Gaitzaile [*] bat igaro behar izatea” (* “Consulta Habilitante”, gazteleraz). Eta puntu, 231. orrialdeko esaldi horrekintxe bukatu du programa. Hautesleei ez die esan beteko den “Galdeketa Gaitzaile” horretan gizarteak onartutakoa –Espainiako Estatuak nahi ez lukeen kasuan, jakina–. EH Bilduk ere jaso du ideia hori: “Estatus politiko berria berresteko herritar kontsulta abilitatzailea”. Eta ondoren esaldi laguntzaile garrantzitsua dauka: “Estatu espainolak izan dezakeen jarreraz gaindi, galdeketa abilitatzailez euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea estatus politiko berriaz, errespetatu eta garatzeko konpromisoa”. EH Bilduk ere beharko luke presio soziala; esaterako, bandera espainolaren kasuan gertatu ez dena.♦