BERRIAko artikulu analtikoaren (2016-09-18) laburpena: Errealitate printzipioa, legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa. Gaur-gaurkoz, eta bakoitza bere azalpenekin, burujabetza prozesu baterako EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontuan hartzen dituzten printzipioak dira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako programetan ere ikusi ahal denez. Errealitate printzipioa: EAE, subjektu politikoa –Euskal Herria nazio bat dela aitortzeaz gain–. Legezkotasun printzipioa: bidea, indarrean dauden lege prozedurei jarraituta. Printzipio demokratikoa: erabakitzeko eskubidea, herritarrei hitza eman. Horraino nahikoa adostasun dute. Aldiz, Madrilek EAEn itundu eta onartutakoari ezezkoa emanez gero egin beharreko ibilbidean ez dute ikuspegi bera. Ondorioz, 2005eko egoera errepikatu ahal da. Orduan, Eusko Legebiltzarrak Estatutu Politiko Berria onartua zuen arren, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen ituna, eta beste urratsik ez zen egin. 2008an ere ez, Konstituzionalak EAEko Kontsulta Legea baliogabetu ondotik. Politikagintza baldintzatzen zuten faktore garrantzitsuak zeuden orduan: ETAren jardun armatua eta Espainiako Alderdien Legea. Gaur egun ez da legez kanporatzerik eta ETAren indarkeriarik, politika egiteko Espainiaren itxikeriaren aztarnarik baden arren oraindik, Arnaldo Otegiren debekuarekin ikusi denez. Aipatutako gaiak berriro mahai gainean izango dira datorren legealdian.♦