Enekoitz Esnaola

Hilabetea: urria 2016

Gauza txiki batzuk (2)

Hemen gauza txiki batzuen bigarren alea:

Iriarte. EH Bilduk ñabardura bat egiten du: Jaurlaritzarako lehendakarigaia aukeratu dutela –Maddalen Iriarte–, baina erabaki horrek derrigorrean ez duela esan nahi hautagaitza inbestidura saiora aurkeztuko dutenik. Oraingoz, gauzak irekita omen daude EAJrekin.

EAJ-PSE formula. EAJk eta PSEk akordioa egingo dute. Formula da garbi ez dagoena; PSE Jaurlaritzan sartuko den ala ez. EAJk ondorioztatu beharko du “gobernabiderako” PSE ahul hori eta “herri akordioetarako” PSE unionista hori gobernuan izatea komeni zaion, eta PSEren PSOE horrekin zer daukan hitz egiteko. Baina 37 aulki (28+9), 28 baino gehiago dira. Gainera, gaurko PSOEk badu lotura bat PPrekin, eta EAJk Mariano Rajoyrekin nahi du, behingoz, zerbait.

‘Gauzatzea’. Datorren ostiralean, Diman, Juan Jose Ibarretxe, Iñaki Antiguedad eta Jaume Lopez katalanaren arteko solasaldia (19:00). Bidearen garaiotan, solasaldiko tituluaren azken hitzak du garrantzia: Herri galdeketa: erabakitzeko eskubidearen gauzatzea.

Maroto. Gasteizko hautetsi –alkate edo zinegotzi– hamazazpi urtean egon ondoren, udalari adio esan dio Javier Marotok. Iazko maiatzean hark irabazi zituen udal hauteskundeak, baina alkatetza hartzea eragotzi zioten hainbat indar politikok eta gizartearen indar politikoak. Maroto bezalako bat Arabako politikagintzatik desagerraraztea ere bazen operazioaren helburua. Segituan lortu zuten hark Madrilerako bidea hartzea: ekainean Rajoyk PPren zuzendaritza murritzerako hautatu zuen; duela bi astetik, berriz, diputatu da, eta Gasteizko Udala utzi du –ministro izateko?–.♦

Klasiko bihurtu da

Mariano Rajoyk atzo 17 orrialdeko diskurtsoa egin zuen Espainiako Kongresuan, gobernuburu izendatzeko saioaren lehen jardunaldian. Alerik ez Euskadiz edo Euskal Herriaz, elerik ez euskal gatazkaz. Klasikoa da jada. Moncloara 2011ko abenduan heldu –ETAren erabaki historikotik bi hilabetera–, eta Rajoyk 2013ko otsailean izan zuen Espainiako nazioaren egoerari buruzko lehen eztabaida presidente modura. Fitsik ez euskal gaiaz-eta. Despistea? Ez, hautua. Urtebetera berretsi egin zuen jarrera: 40 orrialdeko hitzaldian, ezer ez euskal gatazkaz-eta, EPPK-k bi hilabete lehenago jakinarazi zuen arren Espainiako legedia baliatuko zuela eta ETAk lau egun lehenago iragarri zuen arren armagabetzearen hasiera. Gaur TVEren albistegiak EAJren Kongresuko parte hartzea anekdota hutsera murriztu du, Rajoyren irteera jarrita: “Si quieres grano, Aitor, te dejo mi tractor“. Hasi da EAEko beste legealdi bat. Espainian ere martxan dira. Bost urte galdu dira. Datorren igandean, gainera, Rajoy 24 orduz ez, 25 orduz izango dugu presidente.♦

Gauza txiki batzuk (1)

Gauza txiki batzuen atalarekin hasiko naiz, txioenblog honetako iruzkin garatuen eta BERRIAko analisien aldean desberdina delakoan. Lehen alea:

Foro Soziala (I). Larunbatean izaera iraunkorra hartu zuen Foro Sozialak, Aieten agerraldia eginda. Gatazkaren ondorioen arloan “azken faseari ekiteko garaia” delakoan, euskal instituzioen eta gizarte zibilaren, eta nazioartearen arteko lankidetza nahi du, eta ETAri “lehenbailehen” armagabetzeko eskatu dio. Larunbatean BERRIAren sareko edukietan zortzigarren albiste irakurriena izan zen Aieteko ekitaldiarena. Euskal(dun) munduan ere garaia pasatzen ari da. Atxik!

Foro Soziala (II). Aieten indartsu ekin zion bide berriari Foro Sozialak, ostiral honetan Nafarroako Parlamentuan izango da, baina zuhurtziaz ere aritu nahi du: hedabideei elkarrizketarik ez ematea erabaki du. Komunikatzeko tresna bakarrak ez dira komunikabideak. Kasurako, barne komunikazioa formula eraginkorra da, baina egin egin behar.

Justizia-edo. Espainiako Justizia sistema ez dago treguan: Altsasukoa “terrorismotzat” har daitekeen ikertuko du Auzitegi Nazionalak. Hori, gaurko berria. Astelehenekoa: EH Bildu lehen aldiz joan zen EAEko urte judizialaren hasiera ekitaldira, Justizian arloan ere aurrera egiteko koalizioak berak daukan “borondatearen” erakusle modura. Kontrasteak.

Bozeramaileak. Eusko Legebiltzarreko taldeen bozeramaileak: EAJkoa Joseba Egibar, EH Bildukoa Maddalen Iriarte, Elkarrekin Podemosekoa Lander Martinez, PSE-EEkoa Jose Antonio Pastor eta PPkoa Borja Senper. Hiru euskaldun; lehen hirurak. Jarraipena egin beharko hiruren euskararen erabilerari. Txillardegik BAT aldizkarian (2002): “Lehenik kontzientzia sortzen da eta gero, pixkanaka, mugimendua etortzen da”.♦

2011n ez bezala

BERRIAko analisiaren (2016-10-23) laburpena: 2011ko konferentzian ez bezala, atzo Foro Sozialaren ekitaldian gorbatarik ez zen Aieten. Ordukoa hitzordu historikoa zen, zetorrenagatik: ETAren jardun armatuaren bukaera. Gorbatak agerian. Eta sekretu pean, ETAren eta Espainiaren “konpromisoak”. Orain ez dago ezer. Baina Foro Sozialak adierazi du gatazkaren ondorioak ixteko bidean, “arrazoizko epe batean” ETAren armagabetzea behar dela. “Azken faseari ekiteko garaia da”. Ordea, orain ez da espero berehalako neurririk. Ez da gauza bera jardun armatua uztea edo armagabetzea. Aurrena, erabaki eta komunikatu egiten da. Armagabetzea ere erabaki bat da, eta ETAk erabakia du, baina behar ditu azpiegitura eta bermeak. Foro Sozialak “prozesuaz” hitz egin du. 2011n erabakigarria izan zen nazioarteko komunitatea. Orain ere rol bat jokatzeko eskatu dio foroak, baina bereziki euskal gizarteari zuzendu zaio. Lankidetza giro bat nahi du. Atzo Aieteko ekitaldian izan zen batek zioen bezala, gorbata, berriro, “hau itxitakoan”.♦

‘Ekarri armak’, ‘Un final para ETA’

Gaur bost urte jakinarazi zuen ETAk jardun armatua betiko utzi zuela; Aieteko konferentziatik hiru egunera etorri zen haren agiria, Kofi Annanen-eta adierazpeneko lehen puntua betez. 2006-2007ko bake prozesuaren hausturatik ETAren 2011ko urriaren 20ko agiri hartara arte zer gertatu zen argitzeko asmoz, iazko abenduan Imanol Murua Uria kazetariak Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika liburua argitaratu zuen (BERRIAko elkarrizketa). Orain arte hiru mila ale saldu dira. Durangoko Azokarako espainolez argitaratu nahi dute, eta Un final para ETA izango du izenburua. Azpititulua: Crónica de un proceso inacabado. EHUn irakasle dabil gaur egun Murua.

Iaz BERRIAn Apaletarako kazetaritza erreportajean hark esandakoak:

Loiolako hegiak idaztera jarri nintzenean, neure buruari esan nion Loiolan gertatutakoaren berri lehenengo euskaraz eman behar zela. Eta argumentu hori erabili nuen nire iturri nagusiak konbentzitzeko. Errezeloak bazituzten, zer kontatu eta zer ez kontatu, eta konbentzitu nituen esanez garrantzitsua zela ekarpena euskaraz egitea, eta garrantzitsua zela ez beti atzetik ibili behar izatea. Inpresioa dut Jesus Egigurenek gauza batzuk kontatu zizkidala bazekielako liburua euskaraz aterako zela. Bazkari batean gogoratzen dut brometan esaten zidala, ‘baina hau ez duzu gazteleraz aterako, ezta?'”.

“AEBetara joan-etorri batzuk egin ditut azkenaldian, eta han askoz ere pisu, oihartzun eta arrakasta handiagoa dute halako lanek. Aldiz, hemen, ez dut sekula sumatu hainbesteko oihartzun edo prestigiorik, eta proportzioan ere esango nuke askoz gutxiago egiten dela arnasa luzeko kazetaritza hori euskaraz. Liburuek ez dute zure lanorduak ordaintzeko adina ematen”.♦

Post scriptum: Imanol Murua Uriaren lanaren ingelesezko liburua ere prest da. Ez da Ekarri armak-en itzulpena, ikerketa berean oinarritutako narrazio akademikoagoa baizik, irakurle globalagoari zuzendua: testuinguru historikoan azalpen gehiago, kronikan xehetasun gutxiago. Argitaletxeak dagoeneko iragarri du bere webgunean, eta urte honen bukaeran edo 2017ko urtarrilean aterako du.

Zohardia

Sortuk Zohardia izena jarri dio bere birfundazioaren kongresurako ponentziari. Josu Muguruza zenak Egin-en erabili izan zuen goitizen modura Zohardia, eta Sortuk txostenari hala deitzea bada hari egindako omenaldi moduko bat. Markel Andiak eta Lander Iruinek izen bera ipini zioten haren dokumentalari. Horretaz gain, txostenerako izen hori hautatzean egon ahal da beste konponente bat: Muguruzak herrigintzari eta herri mugimenduari berebiziko garrantzia ematen zien, eta Sortuk orain eraldaketa sozial eta politikorako egin nahi duen lan klaseak badu loturarik Egin-eko Zohardia-ren filosofiarekin. Mikel Zubimendik Muguruzari buruzko liburuaren aurkezpenean: “Herri mugimendua arnasa zen harentzat. Jendeari hitz egin behar zaiola esaten zuen, jendearekin aritu behar zela. Pedagogia egiten zuen, beraz”. Iratzarri eta oskarbi esan nahi ditu zohardia-k.♦

#BadaGaraia

 kanpainarekin dabil Kontseilua, euskaraz bizitzeko zer oztopo ditugun azaltzeko eta euskararen normalizaziorako epeak finkatzeko eskatzeko. Honatx neure adibide bat. Uztailean ETB2tik deitu zidaten, programa batetik, Pili Zabalaren hautagaitzaz iruzkin bat egiteko. Joango zela programako kameralari bat BERRIAren Andoaingo egoitzara, esan beharrekoa esateko kamera aurrean, eta bale. Erdaldun bat zen deitu zidana. Nik erantzun nion prest nengoela iruzkina egiteko, baina Euskal Irrati Telebista hedabide publikoan nik euskaraz egingo nuela. Telefonoaren bestaldekoa harrituta –beti ere tonu onean mintzatuz–, hori ezin zela, erdaraz dela programa. Nik, euskaraz egingo nuela; hark, hori ezin zela; eta halaxe geratu zen kontua, biok telefonoa eskegita. Baina handik bost bat minutura berriro deitu zidan; hitz egin zutela, eta egin ahalko nuela euskaraz. Bale ba. Joan zen programako kameralari bat BERRIAren Andoaingo egoitzara, esan beharrekoa esan nuen kamera aurrean, euskaraz, eta hala eskaini zuten erdarazko programa hartan. Handia da EITBk oraindik euskaldunokin irizpide egokiak ez izatea, baina geure partetik ere aleak jartzen segitu behar dugu, noiznahi, nonahi eta nahierara.♦

Post scriptum (2016-10-06): Amak watxapez mezua idatzi dit: “Leitu diat hire blogeko #BadaGaraia artikulu hori. Guk horixe egin genian hire izenarekin. Haiek jarri behar ditek gure erara, ez guk haien erara”.

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑