Gaur bost urte jakinarazi zuen ETAk jardun armatua betiko utzi zuela; Aieteko konferentziatik hiru egunera etorri zen haren agiria, Kofi Annanen-eta adierazpeneko lehen puntua betez. 2006-2007ko bake prozesuaren hausturatik ETAren 2011ko urriaren 20ko agiri hartara arte zer gertatu zen argitzeko asmoz, iazko abenduan Imanol Murua Uria kazetariak Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika liburua argitaratu zuen (BERRIAko elkarrizketa). Orain arte hiru mila ale saldu dira. Durangoko Azokarako espainolez argitaratu nahi dute, eta Un final para ETA izango du izenburua. Azpititulua: Crónica de un proceso inacabado. EHUn irakasle dabil gaur egun Murua.

Iaz BERRIAn Apaletarako kazetaritza erreportajean hark esandakoak:

Loiolako hegiak idaztera jarri nintzenean, neure buruari esan nion Loiolan gertatutakoaren berri lehenengo euskaraz eman behar zela. Eta argumentu hori erabili nuen nire iturri nagusiak konbentzitzeko. Errezeloak bazituzten, zer kontatu eta zer ez kontatu, eta konbentzitu nituen esanez garrantzitsua zela ekarpena euskaraz egitea, eta garrantzitsua zela ez beti atzetik ibili behar izatea. Inpresioa dut Jesus Egigurenek gauza batzuk kontatu zizkidala bazekielako liburua euskaraz aterako zela. Bazkari batean gogoratzen dut brometan esaten zidala, ‘baina hau ez duzu gazteleraz aterako, ezta?'”.

“AEBetara joan-etorri batzuk egin ditut azkenaldian, eta han askoz ere pisu, oihartzun eta arrakasta handiagoa dute halako lanek. Aldiz, hemen, ez dut sekula sumatu hainbesteko oihartzun edo prestigiorik, eta proportzioan ere esango nuke askoz gutxiago egiten dela arnasa luzeko kazetaritza hori euskaraz. Liburuek ez dute zure lanorduak ordaintzeko adina ematen”.♦

Post scriptum: Imanol Murua Uriaren lanaren ingelesezko liburua ere prest da. Ez da Ekarri armak-en itzulpena, ikerketa berean oinarritutako narrazio akademikoagoa baizik, irakurle globalagoari zuzendua: testuinguru historikoan azalpen gehiago, kronikan xehetasun gutxiago. Argitaletxeak dagoeneko iragarri du bere webgunean, eta urte honen bukaeran edo 2017ko urtarrilean aterako du.