Enekoitz Esnaola

Hilabetea: azaroa 2016 (Page 2 of 2)

Detaileak

Joan den aste hasieran erakutsi zidan adiskide batek beheko diploma hau. Maria Jesus Ezkurra Erize, Basaburuko (Nafarroa) bizilagunari herrialdeko diputazioak 1958an emandakoa da, euskara jakiteagatik, haren “gurasoei euskeraren iraupenerako lanetaz esker ona erakutsiz”. 200 pezeta eman zizkioten Maria Jesusi –honek dio gaur egungo 1.000 euro bezala zirela garaian–. Diru laguntza jasotzeko, Iruñera joan zen azterketa bat egitera. Euskera-Bizkormen saileko buruak sinatu zuen diploma. Francoren diktaduraren ‘detaile’ bat. Mende erdi bat pasara, Francoren diktaduraren ondorengo sisteman, kasurako berriki jakin dugu Nafarroan euskaraz ateratako lanpostuak atzera bota dituela Justiziak. Estatuak detaileraino sartzen jarraitzen du “ludiko itzkun zarrenetakoarekin”.♦ 

basaburua

Borondateaz

BERRIAko analisiaren (2016-11-12) laburpena: EAJk joan den otsailaren 13an eta 14an egin zuen VII. Batzar Nagusia, Iruñean. Han ebatzitako txostena ez zuen zabaldu hilabete pasatu arte, eta ez da askorik aipatu. “EAJren doktrina bere txosten politikoetan jasota dago”, dio. Espainiaren “ukapena” aipatzen du, eta “ezinbestekoa da Euskal Herria subjektu politikoan eta erabakitzeko duen eskubidean sinisten duten indar politikoek estrategia bat partekatzea zoru etiko-demokratiko batean, gutxieneko helburu batzuetan eta prozesuen erritmoetan oinarrituta”. Gaur-gaurkoz, EAJn “XXI. mendeko independentista” eta “subiranista pragmatiko” sentitzen denak uste du oraindik ere Espainiarekin “burujabetza partekatua” lor daitekeela, eta nahi du Espainia horretan bizi. Norako bidea hartuko duen? Esaten da borondate ahulek diskurtsoetan dutela tokia, eta borondate indartsuek, ekintzetan. EAJk badaki —konfrontazioa bilatzeke— saiatuta ere bere “doktrina” fruiturik gabe geratzen bada zerekin geratuko den: dagoenarekin, eta duenarekin. Lasai, beraz.

2019a

“Jaun-andere parlamentariak, Ipar Euskal Herriko hautetsiak, partidu politikoetako arduradunak. Denbora tarte mugatua duzue”. Hala ohartarazi zien Foro Sozialak urriaren 22an haiei Aieten, gatazkaren ondorioei buruz. Data zehatza aipatu zuen segidan: 2019a. Esanez abiatu dela EAEko legealdia, 2017 hasieratik martxan izango dela Iparraldeko Euskal Elkargoa, eta 2019ko udaberrian desegingo dela Nafarroako Parlamentua, (Hegoaldeko udal eta) foru bozen atarian. “Denbora tarte mugatua duzue”. Gure Esku Dago-k ere 2019a du buruan: ordu arteko bide orria aurkeztuko du datorren abenduaren 17an. Herri galdeketaren aldeko etxeko lanak 2017an eta 2018an egin behar, nagusiki. Rufi Etxeberriak ere bi urte horiek aipatu zituen duela hiru aste BERRIAko elkarrizketan: “2017a eta 2018a ezker abertzalearentzat oso garrantzitsuak izango dira. Batetik, prozesu subiranista indartzeko. Eta, bestetik, hura indartzen ari den neurrian gatazkaren ondorioetan ere urratsak egiteko”.

Foro Sozialak Aieten eragile politiko-instituzionalei esandakoak Gure Esku Dago-k ere esan ditzake lasai asko: “Erantzukizun politikoz jardutea eskatzen dizuegu, batzen zaituztena banatzen zaituztenaren gainetik jarriz. Gizarte zibil antolatuak babesa ziurtatzen dizue bide bateratzaile eta behin betikoa abian jartzea erabakiz gero”.

Gizarte zibil ‘antolatua’-n dago aldi honetako balio erantsia.♦

Gauza txiki batzuk (3)

Biktimak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak kontatu zuen asteazkenean Memoria eta biktimak jardunaldian: “oso esperientzia gogorra” pasatu zuen bere lagun eta biktima batek, baina lagun hori ez zen askatzen, ez zuen negar egiten; denbora batera bainuetxe batera joan zen, eta masaje bat hartzen ari zela lehertu zen. Gema Varona EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlariak zioen makina bat alargun geratu direla psikologora joan gabe, esanda nahikoa lan bazutela familia aurrera ateratzen. Premiak, horiek.

Loiolako hegiak, Ekarri armak... Urriaren 20an genioen Un final para ETA izango duela izenburu Imanol Murua Uriaren Ekarri armak liburuaren espainolezko bertsioak. Haren Loiolako hegiak-en (2010) 5.000 ale saldu dira, eta El triángulo de Loiola-ren 1.750. Euskaraz, beraz, ia hirukoitza. Ekarri armak (2015eko abendua), 3.000 aleko salmentan doa.

Sortu. Sortun Zohardia txostenaren egileek zuzendaritza proposamenean ez dakarte alderdiko presidente figura. Sortuk bere sorreran (2013) jarri zuen egituran kargu hori, eta Hasier Arraizek bete du. PSE-EEk ere kendu zuen presidente kargua, 2014an; Jesus Egiguren 2002tik zegoen bertan.

Matute. Alternatibako zuzendaritzan lehen aldiz sartu da Oskar Matute. Orain arte alderdiaren bozeramaile izan da, baina larunbatetik aurrera boto eskubidea du eta zuzendaritzakide bihurtu da.  Harrigarria aurreko egoera, Alternatiban bertan ere dioten bezala.♦

Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑