Enekoitz Esnaola

Hilabetea: azaroa 2016 (Page 1 of 2)

Gauza txiki batzuk (6)

Gaindegia. Nazio planik gabe euskal geografiak hiritartze handi bat nozitu duela jota, Gaindegiak eredu piloto bat garatu du. Bihar aurkeztuko du, Gasteizen –Udalbiltzaren jardunaldi batzuetan–, euskal hiriburuetako auzoen iraunkortasuna neurtzeko paradigma berri bat.

Urkullu. Bihar egingo diote Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari hautatu berriari lehen elkarrizketa: ETB2n, erdal telebistan.

Ziortza-Bolibar eta Altsasu. Ziortza-Bolibarretik Simon Bolivar Askatzailea-ren familiaren jauregitik 1982an Eusko Legebiltzarrera eramandako mahai batean sinatu zuten gaur zortzi EAJk eta PSEk EAEko gobernu ituna. Asteburuan jakin dugu Ziortza-Bolibarreko beste berri bat: han ere egingo dute 2017an galdeketa Euskal Herriaren estatusaz. Altsasu ere notizia da. Txio batean jarritakoa berriro: “Funtsean, Alde hemendik-etik Goazen hemendik-era pasatu behar delakoan. Bigarrenik ezean, aurrena, ezinezkoa”. 2017an Altsasun ere egingo dute euskal estatusaz galdeketa.

“Herritar batasuna”. “Herritar batasunaren sorrera agiria” zabaldu dute, baina idatzi hori oraindik ez da behin betikoa. Udalerrietan batzarrak egiten hasiko dira, eta ondoren osatuko dute azken txostena. Eta, gero, aurkezpen publikoa.♦

PSEkoa, “nazionala”

Bihar egingo du Jaurlaritza berriak aurreneko gobernu bilera. Legealdian zehar EAJk eta PSE-EEk izango dituzte, ustez, han ere eztabaidak EAEko estatus politiko berriaz: “Euskadi nazioa” dela-ez dela, “kultur nazioa” soilik ote den, edo “errealitate nazionala” –Urkulluk erabili izan du kontzeptu hori–… PSEk gaur zortzi bere Batzorde Nazionalaren bilera egin zuen, gobernu itunari baiezkoa emateko. Batzorde Nazionalean balekoa… Kataluniako PSCn ere badute Consell Nacional, PSdeGn ere bai Comité Nacional Galego. Nafarroan PSNk ez du Batzorde Nazionalik; Comité Regional. Baina Valentziako erkidegoan PSPVk Comité Nacional du. Madrilgoan batzorde erregionala, Andaluzian ere bai, Murtzian, Kanarietan… EAEn, Batzorde Nazionala… PSEk iraileko hauteskundeen programan idatzi zuen “prest” legokeela estatutu berrian nazio kontzeptua onartzeko, “garbi geratuz ez dela oinarritzen balizko burujabetza desberdindu batean, eta zio kulturalak, historikoak eta linguistikoak izateak ez duela esan nahi estatu bat eratzeko eskubide politikoa duenik”. Berak beto eskubidea izatea nahiko du, apika.♦

Edo Toshack-ena

BERRIAko analisiaren (2016-11-25) laburpena: Etor daitekeenagatik, gerta daiteke gutxiengoan den Jaurlaritza hau orain artekoen aldean egoera desberdin batean izatea. Nahikoa egonkortasunarekin hasi du legealdia, baina agintaldian Jaurlaritza baldintzatu dezaketen bi osagai jar daitezke mahai gainean. Lehena, murrizketa sozialak. Bruselak Espainiako Gobernua milaka milioi euroren murrizketak egitera behartu dezake, Moncloak erkidegoei pasatuko lieke faktura, Lakuak hiru diputazioei, eta diputazioek udalei; kaltetuak, herritarrak. Alderdi sozialista Jaurlaritzan, arlo identitarioari galga jartzeko ez ezik, alor soziala bermatzeko eta bultzatzeko sartu bada, ikusi beharko litzateke EAJ bazkidearekin zer jarrera hartuko lukeen murrizketa berrien aurrean. Jaurlaritza eta, oro har, euskal politika baldintzatzeko beste faktorea EAEko estatus politiko berria izan ahal da. EAJk aurtengo batzar nagusiko Batasuna eta Indarra txostena gauzatu nahi badu, krisia legoke Jaurlaritza honetan.  Hor denean, norberaren koherentzia politikoa gailendu beharko litzateke. Baina beti egongo da Toshack-ena egiterik. Hark bere artean esaten zuen partida txarren ondoren: “Astelehenetan beti pentsatzen dut hamar jokalari aldatu behar ditudala; astearteetan, zazpi edo zortzi; ostegunetan, lau; ostiraletan, bi; eta ja larunbatean pentsatzen dut betiko aluek jokatu behar dutela”.♦

Gauza txiki batzuk (5)

Gobernuaren kohesioa. Ikusi egin behar zer-nolako kohesioa lortzen duen Jaurlaritza berriak, bertan bi alderdi izanda. Hasteko, arraro samarra egiten da sail batean Enplegua egotea (EAJ) eta beste batean Lana (PSE-EE).

Jonan Fernandez. EAJ-PSE gobernu itunean Elkarbitza eta Giza eskubideak atalean konpromisoetako lehen puntuan ETAren “indarkeriaren amaiera ordenatua” ageri da. PSEk hauteskunde programan ez zeukan halakorik, EAJk bai. EBBk lortu du esaldi (kontzeptu) hori txertatzea akordioan, eta ematen dio garrantziarik. Jonan Fernandez atzo eta gaur inbestidura saioan izan da.

Otegi. Atzo arratsaldean Joseba Egibar (EAJ) bere lehen hitzaldia –ordu erdikoa– hastera zihoala, harmailetatik alde egin zuen Arnaldo Otegik. Bukatu zuen Egibarrek, eta Otegi orduantxe sartu zen berriro. Zergatia? Financial Times-ekin elkarrizketa egitera atera zen Otegi. Le Monde-rekin ere egin zuen atzo.

Senper. “Abstentzioa”, esan du Borja Senperrek bozketan. “Abstención“, PPko beste kideek –Laura Garridok nola esan duen ez dut entzun–. Duela urtebete Senperrek BERRIAko kazetari bati esan zion euskara ikasten ari zela, eta ea hurrena euskaraz egiten zuten elkarrizketa. Etxean egin dezake mintza praktikarik. 

EH Bildu. Maddalen Iriartek inbestidurako bere hitzaldian %85 inguru euskaraz egin zuen. EH Bilduk diskurtsoaren kopia banatu zien kazetariei, eta lehen orrian goian ageri da, koalizioaren ikurraren ondoan: Bai Euskarari. Zerbitzua euskaraz. Egibarrek ere ia dena euskaraz egin zuen.♦

Luzerako doa

BERRIAko analisiaren (2016-11-23) laburpena: Ez da harritzekoa izan EAJk eta PSE-EEk gobernu ituna egitea. Beste itun bat izan da, baina EAEn zirkulua itxi duena da. Duela hiru urte abisatu zuten zer egitekoak ziren, ez atzo gauean, eta ezker subiranista soziopolitikoa ez da gai izan alternatiba bat prestatzeko. Pultsu soziala ondoen hartzen duen alderdia da EAJ, eta gizartearen antzik handiena duena. Gainera, gobernatzeko babesak behar baditu, erraz jartzen ditu besteak bere bueltan. EAEn EAJrena da zentralitate politikoa, eta luzerako doa PSErekin duen aliantza. Gertakari handiak beharko lirateke taula astintzeko edo. Kataluniaren aldebakartasuna, muturreraino? ETArena? Aurreko legealdian Jaurlaritzaren ardatz batzuetan aurrerabiderako estrategia ausart baten falta zen gauzarik nabarmenena. Gobernu itun hau aztertuta, badirudi bide berean abiatu dela EAJ. Eroso. Gainera, nekez ikusiko da gobernukideen arteko pitzadurarik. Donostia 2016k presoen artelanei ezarritako zentsuran ikusi da: Markel Olano ahaldun nagusiak ere ez du erreparorik izan adierazteko ez dela zentsurarik egon. Izan ere, zergatik ireki arrakala?♦

Andaluziako Brouard auzoa

Gaur zortzi Juan Puerto Morcilloren elkarrizketa aterako dugu BERRIAn. Extremaduran (Espainia) sortu zen, eta 22 urte zituenean Bilbora etorri zen lanera eta bizitzera. Komunista da, 78 urte dauzka, eta egun Alternatiban dabil –alderdiak haren dokumental bat egin berri du–. Elkarrizketan, besteak beste, Santi Brouard ekarri dugu gogora. GALek gaur 32 urte hil zuen Brouard mediku, HASIko kide eta HBko mahaikidea, eta Puertok elkarrizketan oroitu du 1985eko maiatzean nola inauguratu zuten Badolatosan (Sevilla, Espainia) Santiago Brouard medikua auzoa. “Andaluziako iraultzaileek antolatu zuten ekitaldia, Comisiones Obreras del Campokoek. Han izan ziren Jon Idigoras eta Txomin Ziluaga ere, baita Brouarden alarguna eta alaba bat ere. Ondo gogoan dut alargunak [Teresa Aldamizek] egindako hitzaldia; iraultzailea egin zuen, izugarria”. Argazkian, Badolatosako oholtzan ezkerrean ageri dena da Aldamiz –2012an zendu zen–. Duela hamar urte pasatik ‘Ernesto Che Guevara’ izena du auzo horrek.♦

Brouard

Gauza txiki batzuk (4)

Eusko Ikaskuntza. 2018an 100 urte beteko ditu Eusko Ikaskuntzak. Hasiera indartsua izan zuen: Euskaltzaindia abiarazi zuen, ikastolen oinarri teorikoak prestatu zituen, 1931ko Hego Euskal Herriko estatutua idatzi zuen… Frankismoaren ondorioz eta ondoren baju egon da, zahartuta bezala. Duela lau bat urte erakundeari berritu bat emateko asmoz bide bati ekin zion, eta 2018rako anbizio handiko egitasmoa du. Iñaki Dorronsoro lehendakaria hedabideei ere ari da azaltzen proiektua, bilerak eginda; asteon BERRIAn egon da. Aurki hasiko da zertzelada batzuk publikoki azaltzen.

Imanol Murua Uria. Gaur atera dugu BERRIAn kalean dela Imanol Murua Uriaren Ending ETA’s Armed Campaign ikerketa lana. Ez da haren Ekarri armak liburuaren itzulpena, lan berean oinarritutako narrazio akademikoagoa baizik. 2010ean Loiolako hegiak aurkeztu zuen, iaz Ekarri armak. Gatazkaren (ondorioen) akaberaz trilogia osatzeko beste alerik?

Eugenio Ibarzabal. Argitaratzeko prest du bere liburu autobiografikoa Eugenio Ibarzabalek. Ikusiko dugu zenbateraino esaten dituen gauzak. Badu zer kontatua; esaterako, 1985-1987an Jaurlaritzako Presidentetza idazkari eta bozeramaile izan zen, lehendakari Jose Antonio Ardanza zela. GALen garaiak ziren, eta 1987tik, laster bezala, EAJ-PSE gobernu koalizioaren hasiera. Iazko maiatzean Ibarzabalen elkarrizketa atera genuen, haren beste liburu bat zela medio.♦

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑