Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas liburua (Begirada sindikal kontrakarreko bat. Klasea, lurraldea eta aliantza berriak) idatzi du Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak (1988-2008). Icaria da argitaletxea, eta lana Bartzelonan aurkeztuko dute, hil honen 25ean. Ondoren, Bilbon —hilaren 31n, prentsaurrekoa— eta Iruñean —otsailaren 8an, Katakrak-en— ere egingo dituzte aurkezpenak. Dena dela, sarean bederen, salgai dago jadanik. Ia 300 orrialde ditu liburuak, bost ataletan banatuta. Laugarrena, “euskal kasuari” buruzkoa da: ELA-LAB aliantza berreraiki, prozesu subiranista, horretako “ageriko konbinazioa”, agenda politikoa eta —azpimarratuz— soziala… Asteartean Elorrietarekin telefonoz hizketan, eta zioen “onena buruan argi pare bat ideia” izatea dela. “Bestela, asko izanez gero, konplikatzen hasten zara…”. Bihar BERRIAn liburuko laugarren atal horri buruzko artikulu bat aterako dugu.♦