BERRIAko analisiaren (2017-1-20) laburpena: German Kortabarriak Gauzak horrela (ere) izan ziren liburuan dio ELAko zuzendaritzakoen artean “agiri metereologiko” deitzen zietela ETAren ekintza baten ondoren LABek atera ohi zituenei: “Eguraldiaren parte bailiran, ‘gatazkaren ondorio’ zen ekintzaren konstatazioa jasotzen zuten, ekintzaren eta haren eraginaren inolako baloraziorik egin gabe”. Jaurlaritza adierazpen metereologikoekin aritu da Juan Kruz Mendizabalen eta Sara Majarenasen kasuetan. Majarenasenean EAJk badu ardurarik: berriro nabarmen geratu da presoen sakabanaketak zer kalte dakartzan, eta politika horren bultzatzaileetakoa EAJ izan zen, orain ia 30 urte. Duela bi hamarkadatik dispertsioaren kontra dago, baina haren lana ez da alde zegoenean bezain irmoa eta erabakigarria. Sarek dio presoen arloan “mugimenduak” egon direla, “eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ere pausoren bat ematea falta da”. Bistan da, ordea, estatuak mugitzeko lana dagoela egiteko. Sarek berak aipatu du oinarrizko dokumentu bat landu nahi duela alderdiekin.♦