BERRIAko analisiaren (2017-2-19) laburpena: Xabi Larralderena da: “Burujabetza prozesu bat hiru geltokitatik igaro behar da: autoafirmazioa, autoantolakuntza eta autodeterminazioa”. Euskal Herrian prozesu nazional baterako—ez derrigorrean zazpi lurraldeetako—, oraindik ez daude baldintza horiek. Gehienez, autoafirmazioa. Egon da saiorik, baina eragile politiko subiranistek ez dute asmatu bidean aurrera egiten. Beti iritsi zaie une jakin hori. ELA-LABen 1990eko hamarkadako bost bat urteko aroa kenduta, (Hego) Euskal Herrian erakunde politikoak —zehazki, haien arduradunak— izan dira prozesuetako protagonista. Aurrera begira ere, prozesurik bada, nazionalismo historikoak eta ezker subiranistak izango dute protagonismorik, baina, lehen ez bezala, espazio bat ari da ernatzen: Gure Esku Dago herri dinamikaren —eta Ibarretxeren?— bueltakoa. Prozesu nazional baterako berme eta sustatzaile lana bete dezake; hasi dira —bide— orria idazten. “Idaztea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, dokumentatu egin behar dut, eta jakin zer idatzi nahi dudan” (Javier Moro). Hori betaurreko subiranistekin leituta: erabakitzea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, ardatzak finkatu behar ditut —balio unibertsalak, kultura politiko-demokratikoa, pazientzia…—, eta jakin zer erabaki nahi du —euskal estatua (?)—.♦