Enekoitz Esnaola

Hilabetea: maiatza 2017

Gauza txiki batzuk (18)

Euskal presoak. ETA armagabetuta, gatazkaren ondorioetan euskal presoen —eta iheslarien eta deportatuen— auzia dago konpontzeko nagusiki. Ekinbide sorta dator: bakegileek plan bat aurkeztu dute gaur Luhuson, Foro Sozialak etzi Iruñean martxoko jardunaldien ondorioen berri emango du, EPPK-k uztail bukaera aldera jakinaraziko ditu bere eztabaidako ondorioak, Ipar Euskal Herrian udazkenean egingo dute foroa… EAJk “diskrezioa” eskatzen segitzen du, Aitor Estebanek BERRIAko elkarrizketan zioen bezala; “ari gara [Madrilekin hizketan], baina bueno… Datorrenean badator, eta datorrenean hitz egingo dugu”. Euskal eragileekin ere ari da hizketan EAJ.

Ahal Dugu. Ahal Dugu-k alderdian izena emanda dauden —”militanteen”, deitu die— errolda osatu nahi du, udalerrietan —gehiago— egituratzeko asmoz. Bi urte bakarrik falta dira hurrengo udal —eta foru— hauteskundeetarako. 2015ean, udalerrietan ez zen Ahal Dugu modura aurkeztu, plataformen bidez baizik, eta ez inondik inora udalerri denetan, gainera. Agian, bi urte galdu ditu.

EA. Arazoak EA barruan. Batekin eta bestearekin hizketan, eta kritiko batek galdera txokantea bota du: “Guk aurkeztuko dugu zerrenda. Besteek?”.♦

100 egun barru libre Rafa Diez

100 egun barru irtengo da kartzelatik Rafa Diez Usabiaga: abuztuaren 18an. 2009ko urriaren 13an atxilotu zuten, Donostian, LABen egoitzan, Bateragune auzian. Operazioko inspektoreak epaiketan aitortu zuen Diez ez zegoela “helburuen” artean; adibidez, ez zuten eskatu hari telefono entzuketak egiteko. “Ez zen operatiboaren parte, ez zegoen gure txostenean”. Baina atxilotu egin zuten, eta espetxera ezker abertzalearen estrategia aldaketaren sustatzaile nagusietakoa. Sei urte eta erdiko kartzela zigorra azkenean —17 hilabetean baldintzapean aske egon zen, ama zaintzeko—. 2009031275 zenbakidun presoa da. Espainian daukate, Santoñan. 2008ko ekainean utzi zuen LABeko idazkari nagusi postua, Ainhoa Etxaideri pasoa uzteko, eta honek hil honen 25-26ko kongresuan lagako du kargua. Onura batzuk direla-eta biltzar horretan egoteko itxaropena omen zuen Diezek, baina ez dizkiote horrenbeste egun barkatu. Aurtengo abuztuaren 20an, sikiera, etxean ospatuko du urtebetetze eguna —61 urte—.♦

Herritarren eta eragileen itunak

BERRIAko analisiaren (2017-5-9) laburpena: Gaur urtebete, bi herri galdeketa ez-ofizial baino ez zeuden eginda. Orain, 142. Baina, balio handikoak izanagatik ere, galdeketak ez dira aski burujabetza prozesu bat abiatzeko. Horregatik, herri galdeketena ez da Gure Esku Dago-ren proiektu edo helduleku bakarra. Iazko abenduan aurkeztu zuen 2019 arteko bide orria, eta han bada garrantzia har dezakeen egitasmo bat: herritarren eta eragileen itunak. Katalunian hiru mila eragile pasa daude Erabakitzeko Eskubidearen Nazio Hitzarmenean, eta orain erreferendumaren aldeko ituna gorpuzten dabiltza. Dena dela, orain bederen, ez da garbi ikusten Gure Esku Dago-k baduen tamaina horretako proiektu bat bultzatzeko egiturarik. Halaber, ikusgai da burujabetza prozesu bat nahi duten eragileek —autonomia propioari eutsiz baina etxeko leihoak irekiz—, ekarpenik egingo duten, edo nolakoa. Gaur-gaurkoz badago inpresioa maila sozialean ardura eta zama nolabait Gure Esku Dago-rengan utzia dagoela asko. Hark badio bide orrian: “Elkarrekin arituta bakarrik lor ditzakegu helburu handiak”.♦

Joseba Agirreazkuenagaren apuntea

Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikideko katedraduna izan da EAJren Sabino Arana fundazioaren Hermes aldizkariko azken zenbakian idatzi duen bat —”euskal aberriaren XXI. mendeko erronkez” aritu dira 29 lagun—. Atzoko aurkezpenean hizlari ere aritu zen, eta 1919an idatzi zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutuko 3.3 artikulua gogoratu zuen: “Administrazio zentralak ez du inolako esku hartzerik izango artikulu honetan jasotzen diren autonomiako funtzioen egikaritzean”. Agirreazkuenagaren ustez, horrekin ulertu behar da autonomiak, Espainiako Estatuaren barruan, erabatekoa izan behar zuela, eta hainbat estatuz osatutako estatu bati buruz ari zirela. “Idazketa hori ez litzateke txarra izango estatutu berria negoziatzeko”.♦

Gauza txiki batzuk (17)

Herri galdeketak (I). Datorren igandean, beste 52 udalerritan herri galdeketak. Aurtengo lehen sorta martxoan izan zen, ondorengoa apirilean, eta, oraingo honen ondotik, udara arteko azkenekoa ekainekoa izango da. Lau olatu horietan, 129 udalerritan galdeketak. Erraz esaten da. Zaila egiten. Egin(go) dute. 2014ko eta iazko 38ekin, ekainaren 18ra artean, beraz, 167 udalerritan galdeketak; Euskal Herriko udalerrien %24tan. Bihar zortzi, denera 100.000 botoemaileren langa gaindituko dute; jarri haiek banan-banan ametsen etorbidean…

Herri galdeketak (II). Domekan, besteak beste, Durangon izango da galdeketa. Han bizi da Iñigo Urkullu, han dago erroldatua. Apirilaren 2an, Jose Antonio Ardanzak eman zuen botoa Sukarrietako Kanala auzoan, baina lehendakari ohia da, jakina… Urkullu gaur Estibalizko Ama Birjinaren ohoretan egindako ekitaldira joan da; bihar Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren presidentea eta EBko Eskualdeetako Komitearen presidentea hartuko ditu.

Nafarroa. Geroa Baiko, Nafarroako Ahal Dugu-ko eta PSNko gazte taldeek elkarretaratze bat egin dute gaur, Iruñean, PP “ustelaren” egoitzaren aurrean. Erne pista txiki horri 2019ko maiatzeko bozetarako. Geroa Baik desio lukeen formula bat da. PSN zerbait aldatzea nahikoa Ahal Dugu ere berotzeko. Baina zenbakiek eman behar.

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑