Ferran Requejo Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeko kideak BERRIAn: “Matematikoa da, Espainiaren logikan. Erreferendumaren Legea eta deialdia aplikatu bezain azkar geldiaraziko dituzte. Prozesua sustatu duten ordezkariak zigortuko dituzte; eta zigorra espetxe zigorrera irits daiteke. Hala bada, demokratikoki aukeratutako buruzagiak espetxeetan egongo dira”. Baina “Espainiaren logika” joango da, kartzelak betetzera ez ezik, haien poltsikoak hustutzera, bestelako ondasunak atxikitzera, senideei beldurra sartzera. BERRIAk Kataluniako trixertak ere atera ditu: estelada bat ageri da, eta Etorkizuna hitza. Proces-eko agintari nagusiek Etorkizuna-rekin erkatzen badute Datorkizuna, asumitzen badute datorkiena, asko izango da irabazita.  Zera politikagintzara zedarrituz, Euskal Herrian Datorkizuna asumitua zuten PSEko eta PPko hautetsiek, baita ezker abertzaleko militanteak ere. Eutsi zieten. Adorea galanta. Katalunian, ikusteko dago. Bi hilabete falta dira independentzia erreferendumerako, eta dimisioak eta kargugabetzeak daude; ez estrategia ikuspuntu desberdinagatik bakarrik.♦