Enekoitz Esnaola

Hilabetea: martxoa 2018

Lehen gradua

BERRIAko analisiaren (2018-3-8) laburpena: ETAren armagabetzearen ostean, Ipar Euskal Herriko lantaldea Frantziako Justizia Ministerioarekin hizketan hasi zenean, euskal ordezkariek giltzarritzat jo zuten, espetxe arloan mugimenduak gertatzeko, euskal presoei DPS kentzea, erredentzio eta onuretarako. Azaroan jakin zen zazpiri kendu zietela; horrek ahalbidetu du, lehengo astean jakin zenez, Zigor Garro eta Julen Mendizbal Mont-de-Marsango kartzelara gerturatzea. Beste hurbilketa batzuk abian dira. Ez DPS kentzeagatik bakarrik; hori ere hala da. Espainiako Estatuan, lehen gradua oztopoa da. Horrela dauzkate EPPK-ko kideen %95 pasa. Gainera, isolamendua aplikatzen diete. Sortuk berebiziko garrantzia ematen dio lehen graduak dakarren blokeoa hausteari. Espetxe legediari jarraituz, kaleratze prozesu bat hasiko litzateke. Tresna gehiago behar, ordea: kartzela eskumena, espetxe zaintzako epailea… “Kontuz ohiturekin! Izan ere, zenbat kosta izan zaigun (guri kontu honetan) egoerari heltzea! Ahalegin handiagoak egin beharko ditugu, guztiok, hemen bezalako egoeratan larritasunari berehala erreparatzen eta elkarlanean hasteko”. Xabier Reyren hitzak dira, iazko eskutitzekoak.♦

Logikoa eta koherentea

BERRIAko analisiaren (2018-3-1) laburpena: Azkeneko pausoa falta zaio ETAri: ibilbidea bukatzea. 2010etik aurrera erabakitakoak erabakita, militanteek Zuzendaritza Batzordearen proposamena onartzea da logikoena eta koherenteena. Gainera, ETA barne kohesio handiarekin helduko litzateke ziklo historikoaren amaierara, eta hori ez da erraza izan ohi: bake akordioak egon arren, IRAn sortu zen adar militar disidente aktibo bat, eta FARCen ba omen dira zatiketak. “Elefante bat dago pasilloan”, esaten zuen ETAgatik ezker abertzale ofizialekoa ez den buruzagi subiranista batek Lizarra-Garaziko garaian. Elefante horrek 800 lagun inguru hil ditu, baina aspaldi desagertu zen. “Elefante bat dago gelan”, esaten zien Espainiagatik NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak euskal eragileei duela lau urte. Hor segitzen du elefante horrek, ondo iruditzen ez zaiona zapaltzen, baina askoren logika eta koherentzia politiko-ideologikoak gelako armairuan sartuta daude. Badoa ETAren zikloa. Burujabetzarena ez da heldu oraindik.

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑