BERRIAko analisiaren (2018-3-1) laburpena: Azkeneko pausoa falta zaio ETAri: ibilbidea bukatzea. 2010etik aurrera erabakitakoak erabakita, militanteek Zuzendaritza Batzordearen proposamena onartzea da logikoena eta koherenteena. Gainera, ETA barne kohesio handiarekin helduko litzateke ziklo historikoaren amaierara, eta hori ez da erraza izan ohi: bake akordioak egon arren, IRAn sortu zen adar militar disidente aktibo bat, eta FARCen ba omen dira zatiketak. “Elefante bat dago pasilloan”, esaten zuen ETAgatik ezker abertzale ofizialekoa ez den buruzagi subiranista batek Lizarra-Garaziko garaian. Elefante horrek 800 lagun inguru hil ditu, baina aspaldi desagertu zen. “Elefante bat dago gelan”, esaten zien Espainiagatik NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak euskal eragileei duela lau urte. Hor segitzen du elefante horrek, ondo iruditzen ez zaiona zapaltzen, baina askoren logika eta koherentzia politiko-ideologikoak gelako armairuan sartuta daude. Badoa ETAren zikloa. Burujabetzarena ez da heldu oraindik.