Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Month: uztaila 2018

Txillarre, post scriptum

ETA. Zer izan da? mahai ingurua egin du Argia-ren Larrun-ek 233. zenbakiak, Jose Felix Azurmendi, Koro Garmendia eta Joxe Mari Olarrarekin, eta han Olarrak 14-15. orrialdeetan dio Loiolako prozesua Lizarra-Garazikoa bukatu zenean hasi zela, berehala. Txillarrekoa hasi berria zen hitzordu batez ari da: “Loiolako prozesua berriz, Lizarrakoa amaitu zenean jarri zen martxan. 1999ko abenduan, PSOEk eskatua, Redondo Terreros, Benegas eta Egigurenekin bilera egin genuen  ezker abertzalearen izenean. Arnaldo Otegi, Kepa Gordejuela eta neronek. EAJren hegemoniari aurre egin nahi zion PSOEk. Jaime Mayor Oreja zen Barne ministroa. PSOEk hitz egiten genuen guztia informatzen zion Orejari. Aurrerapausoak eman ziren, baina PPk erabaki zuen mahaia apurtzea PSOEri ezer esan gabe. Nola? Ni atxilotuz. Bilerak grabatuta zeuden. ABC eta La Razón egunkariek dena lehertu zuten. PSOE beldurtu zen eta atzera egin zuen. Gero, Jesus Egigurenek segitu zuen bere kasa Arnaldorekin”. Txillarren, eta Paco Egeak BERRIArako Pernando Barrenarekin egindako solasaldian dio: “1999an, Pello Rubio, Otegi eta hirurok politikaz hitz egiteko elkartzen hasi ginen hemen, bazkaldu bitartean. Halako batean, Otegiri galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion Egiguren ere etortzea. Otegik baiezkoa eman, eta Egiguren 2000rako gurekin zen”. Eta Txillarreko kontua ez dela EAJren hegemonia. Nahi den erara uler daiteke dena.♦

Presoen kaleratzea

BERRIAko analisiaren (2018-7-27) laburpena: Madrilek ez du berak bakarrik ekimena hartuko. Bultzatu beharko euskal gizartetik, guztia zaku berean sartzeke, baina zenbait kontutan luzamendutan ibiltzeke. Dena dela, ez da aski zehaztua ikusten preso erien, haur txikien amen eta adinekoen Euskal Herriratzearen eta baldintzapeko askatasunaren aldeko diskurtsoa. Norberak jar diezaioke bere ñabardura —gizarteratzea, kaleratzea edo beste—, baina emaitza bera litzateke: legediaren bideari jarraituta, askatasunaren bidea. Arnasa. Eta energia positiboa herriarentzat. Gaurko lanketa horrek balioko luke, gainera, biharko egunerako. Izan ere, elkarbizitza iraunkor baterako ez da nahikoa soilik egungo legediari jarraitzea. Espainiako Estatuan, bederen, tope bat dago: 7/2003a. Ehun euskal presok baino gehiagok etorkizun beltza daukate horrekin. Esaten da martxa honetan azkenekoa 2054an geratuko dela libre —36 urte barru—, zigorra agortu ondoren. 7/2003 legea erreformatzeko edo deuseztatzeko beste borroka politiko bat egongo da jokoan, euskal presoen kaleratzean zentratuta.♦

Ibarretxeren ateraldia

Nekez entzungo zaio Juan Jose Ibarretxeri bere tesirako edo lanetarako erabilitako izenetatik aparte beste inorenik. Zaintzen du hori. Baina gaur Donostian, EHUren Badu kosturik Euskadirentzat Espainiarekiko duen dependentziak? udako ikastaroetan, atentzioa eman du itundutako erreferenduma dela eta ez dela ari zela nola hurbildu zaion Juanjo Alvarez legelari eta EHUko irakasleari, eta, bere izena aipatuz, nola galdetu dion: “Nola ituntzen da erreferendum bat aulki bat hutsik dagoenean, beste aldean inor ez denean eseritzen? Nola?”. Beste hitzaldi batzuetan bezala, voice or exit printzipioa atera du Ibarretxek hitzaldian, Madrili zuzenduz bezala: “Edo hitza ematen didazu, edo banoa”. Ez dakigu zer intentziorekin egin duen Alvarezen hori. Dakiguna da Alvarez “nazionalista eta XXI. mendeko hiritarra” Madrilekiko oso itunzalea dela eta publikoki “frustrazioa” agertu duela EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean orain arte lortutako akordioagatik. Irakurri diogu berriki, adibidez: “Kontu ideologikoengatik garapen estatutarioak izan dezakeen potentzialitate guztia sakrifikatu da”; “gehiengo abertzale bat dago, baina ez dut nahi herri bat gehiengo horrek diktatutako lege batekin”.♦

Txillarren Egea eta Barrenarekin

Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren urteetan bildu ziren Txillarren, haiek dira elkarrizketa saio hartako protagonista nagusiak, azaldu dira hedabideetan horretaz eta han, baina Pernando Barrena eta Paco Egea ere ibili ziren –Egea hasieratik eta Barrena segituan–, eta gaur zortzi biak elkartu zituen BERRIAk, Elgoibarko baserri hartan, Pello Rubio jabeak harrera goxoa eginda. Uztailaren 29an argitaratuko dugu solasaldia, Ahomentan seriean, lau orrialdekoa. Argazkian, Egea eta Barrena, lehengo ostegunean, Txillarren, 2002ko azaroan Otegik, Egigurenek eta laurek elkarrizketa politikoaren oinarriak adostu eta izenpetu zituzteneko idatziaren aurrean.♦

Lehen pausoetarako egokiera

BERRIAko artikulu informatibo-analitikoaren (2018-7-7) laburpena: Madril espetxe politika aldatzen hasteko, “premiazko” neurrien inguruan adostasun zabala dago Hego Euskal Herrian. Eragileek Espainiari egindako lehen eskaerak dira presoen gerturatzea, gaixoak, graduen progresioa eta eskumenak; zigorren zenbatzea ere aipatzen da. EPPK-k iragarria du “etxeratze” prozesuan ongi hartuko duela urrats oro; Sortuk ontzat jo du Madrilek lehen neurriak hartzea. “Gizarteratzeko” onuren garaia ere ez da heldu oraindik, ia preso guztiak lehen graduan daudelako, haiek ezin eskatuta. (eta kartzelako erradiografia, hemen barruan)

Continue reading

© 2018 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer